Teknologia albisteak
4

Txirlak (the artists formerly known as Eulixak), edo nola sortu zen Twitterreko komiki bat

Erabiltzailearen aurpegia
2014-05-12 : 14:18

 


Azken asteotan, umore (?) sail bat egiten ari naiz, eta Twitterren bidez zabaltzen (@edulartzanguren). Bizitza aski absurdoa ez dela iritzita, ekarpentxoa egin nahian nabil. Eulixak izenarekin hasi zen, baina bertan behera utzi behar izan nuen copyright-terrorismoarengatik. Sustatukoek eskatu didate Txirlak komikiaren making of-a egiteko.Balio dezala interneteko folkloregintzan jardun nahian egile eskubideei izkin egiteko ariketa baten kronika gisa.

"Teletransportaziñoa hurbilago dago" idatzi zuen duela hainbat aste Goizalde Landabasok [@goizaldel] Twitterren.

Berehala etorri zitzaidan burura David Cronenbergen "The Fly" filma: teleportazio sistema bat asmatzen du zientzialari batek, eta bere buruarekin probatzea erabakitzen du. Baina, euli bat sartzen zaio kabinan, eta makinak gizakiaren eta zomorroaren ADNak batzen ditu. Eta munstro bat sortzen da.

Goizalderen iruzkinak ere bestelako munstro bat sortu zuen.

Berehala pentsatu nuen inork ez duela kontatu teleportazioarena zomorroen ikuspuntutik. Hori konpontzeko, bi euliren arteko elkarrizketa bat irudikatu nuen, eta komiki gisa kontatzea erabaki.

Baina, horretarako bi euli behar nituen.

Google orakuluarengana joan nintzen, eta galdera egin nion: "two flies".

Haizeak ke faltsua eraman zuenean, espero zitezkeen irudiak agertu ziren, tartean larrua jotzen-edo ari diren eulien klixea.



Baina irudietako batek nire arreta piztu zuen. Bi euli, hilda, hondartzan eguzkia hartzen, besoak, hankak eta toallak arkatzez marraztuta. Xarmangarria, amateurra eta naifa iruditu zitzaidan. Eta garrantzitsuena, espazio asko zuen bi zomorroen aldamenean, testuak jartzeko.

Azkar-azkar, irudia jaitsi, oinarrizko aplikazio batekin ireki eta danba:

 


“Christ what an asshole” memea etorri zitzaidan burura orduan. Charles Lavoie blogariak idatzi zuen, 2006. urtean, New Yorker aldizkariko komikietako edozein irudiri jatorriko testua kendu eta “Christ, what an asshole!” (“Jesus, zelako astapotroa!”) idatzi, eta zintak berdin berdin zirela barregarriak. Geroztik asko zabaldu da kontzeptua: dozenaka ariketa egin dituzte. Batzuren arabera, edozein komikik barregarri izaten jarraitzen du, edo barregarriago geratzen da, esaldi hori gehituz gero.

 

 
 

 

Iruditu zitzaidan euliekin antzeko fenomeno bat gertatzen dela: alegia, Twiterren botatako ia edozein gauza barregarri geratzen dela, komiki bihurtuz gero.

Orduan, Pandoraren kutxa zabaldu zitzaidan.

 
 
 

Onartu behar dut. Jeff Goldblumi filmean gertatu bezala, esperimentua eskuetatik joan zitzaidan. Twitterreko zein aurrez-aurreko elkarrizketa oro, eulien arteko solasaldi gisa ikusten hasi nintzen, eta, #eulixak traolarekin, horiek komiki bihurtzeko lasterketa eroan amildu nintzen, sukar batean...

 
 


Eta, orduan, paniko unea. Ai ene! Norena ote da erabiltzen ari naizen irudia? Copyrightik al du? Nire kontrako salaketa prestatzen ari al dira abokatu bulego siniestroren batean?

Berriz gaizkiaren jatorrira, Googlera. Oraingoan, GoogleImages. Irudia igo eta... the horror, the horror. Eguzkitan goxo diren euliak sail baten parte dira! Magnus Muhr argazkilari suediarraren lana. Liburu batean bilduta ditu irudiak, eta hainbat herrialdetan argitaratu diote. 

















Berehala ulertu nuen errealitate gordina: Eulixak hilda zeuden neuretzat. Ados, lehen ere hilda zeuden, hitzez hitz. Orain, baita elkarrizketetarako garraiobide sinboliko gisa ere.

Kolpe gogorra, alajaina. Negar egin nuen Twitterren, galdutako lagunengatik.

@garunaBorBor erabiltzaileak berak egindako bertsio bat eskaini zidan, kontsolagarri. Zein jatorra!:

 

Baina beste plan bat neukan: Aste Santuko oporrak. Egun batzuk libre, eulixen ordezko bat bilatzeko. Non topatu, ordea, euli hil pare batek adina karisma izango duten pertsonaiak?

Serenditxirla

Oporretara goaz. Argazki kamera eta tripodea hartu dut, nire buruari helburu argia jarrita: etxera itzuli neure irudi batekin. Copyright terrorismoari izkin egin eta elkarrizketak egiten jarraitu ahal izateko. Misio ezinezkoa.

Oporretako lehen eguna, bazkaritan. “Ez jolastu janarekin!” egiten diot errieta semeari. Arroza jaten ari gara, txirlekin, eta mukizua antzerkia egiten ari da bi oskolekin. Hatz artean hartu eta itxi eta ireki egiten ditu, sabelhiztunak bezala bere hitzekin sinkronizatu nahian...

Beno, amaiera argi dago, ezta? Txirla oskolak paper baten gainean jarri, eta egoera batzuk marraztu: kafe makinan, disko jartzaile mahaian, hamakatan etzanda... Izarne Cardaba artistak lagundu zidan marrazkiekin, nahiz eta hasieran esan: “Niri ez eskatu gaizki marrazteko".

 

 
 
 













Nahi baduzue, Twitterren jarrai ditzakezue #txirlak bikotearen abenturak (@edulartzanguren). Ez dut ezer agintzen:
bururatu ahala txiokatu ditut, dibertigarria zaidan artean.

Bitartean, beste lege unibertsal batzuk agertu dira bidean: edozein libururen izenburuari “motozerra batekin” gehituz gero, asko hobetzen dela proposatu du @xme64-k.

Eta #motozerrabatekin memeak zabaltzen jarraitzen du.

 

 













Erantzunak

2014-05-28 : 11:02

Metakomikia

Irudi edo artelan bati beste osagairen bat gehitzeari "esku-hartze" [intervention] esaten zaio artearen munduan. Motozerrak gehitzea kategoria horretan sartzen da.

Zaldi Eroak, urrats bat egin du harago: metakomikigintzari ekin dio. Komiki baten inguruko komikia da metakomikia. Begi bistakoa denez, euskarazko "meta" hitzatik eratorritako neologismoa da, belar-meta batean bezala, signifikatzaileak eta signifikatuak "metatu" egiten direlako, elkarri erreferentzia eginez.

Txirlen estiloa erabilita, "Lekak" sortu ditu. Txirlei erreferentzia esplizitua egin die lehenengo komikian.




Internet aroko komikigile amateurri kritika kutsua ere badu zintak: lehenengo lekak bat egiten du, antza, estiloarekin: argazki-marrazki nahasketa nabarmentzen du. Halere, marrazkia ez dagoela “oso landuak” dio, hori onerako edo txarrerako den argi ebatzi gabe. Baina, amaieran, etorkizuna horretan eta sare sozialetan dagoela dio, nolabaiteko abangoardia-mozkorraldi batek nahasturik edo.

Beste leka, berriz, eszeptikoago agertzen zaigu. Ez du, antza, horren argi ikusten halako grafismo gordina eta errepetitibo-minimalista barregarria izan daitekeenik.

Eta ez zaio arrazoia falta. Zentzuzkoa dirudi pentsatzeak denborak Lekak eta Txirlak bezalako komikien kontra jokatzen duela.

Ikusiko dugu.

2014-05-29 : 10:49

Txirlen erantzuna Leken probokazioari:

2014-05-29 : 12:55

Zaldieroak dio: "LEKAK. Bigarren kapitulua (eta azkena, #dasuposat )".

2014-06-02 : 10:41

Denok maite ditugu haren komikiak, baina @zaldieroa -k badu ezagutzen ez duzun alde ilun ikaragarri bat.

Erantzun

Sartu