Albiste honetako bideoari adi, Deba ibaiaren itsasadarrean bizi diren beltxarga beltzak ikusi ditut, eta Beltxarga Beltzen Teoriarekin akordatu naiz. Estatistikaren engainuak eta zenbait aurreikuspen ekonomikoren porrota azaltzeko balio duen teoria interesgarri bat da.
Nassim Taleb-ek bere teoria azaltzen duen "The Black Swan: The Impact of the Highly Improbable" liburua daukat gazteleraz ("El cisne negro: el impacto de lo altamente improbable"). Ipuruan jokatu zen Eibar - Real Sociedad ligako futbol partidetako batean eman zitekeen emaitzataz lagunen artean hitz egiten geundela, lagun batek aipatu zidan liburua. Kuriositatea sortu, zertaz zihoan ikusi eta liburua erosi nuen.
Zera da Beltxarga Beltza: inondik inora espero ez daitekeena, estatistika eta aurrekari guztiek gezurtatzen dutena, gertatzen denean. Beltxarga beltzak ezinezkoak ziren, antzinatetik ezinezkoaren adibidetzat ematen zituzten. Juvenal poeta erromatarrak idatzi zuen, rara avis in terris nigroque simillima cygno. Zisne beltza? ezinezkoa! Horixe uste zuten Eurasiako biztanleek 18. mendean Mendebaldeko Australian beltxarga beltzak (Cygnus atratus) bizi zirela deskubritu ziren arte! Gizakiak hazita, munduan zabaldu dira zisne australiar haiek harrezkero, parke eta ur-inguruak apaintzeko politak dira, eta duela urte batzuetatik hona, Deban bizi dira batzuk.
Egia esan prospektibako zenbait kontzepturekin lotzen da Nassim Taleb-en teoria, batez ere etorkizuna ezin dela iragarri edo aurreikusi iraganeko datuetan oinarrituta. Taleb bezalako matematiko batek (finantzial matematiketan aditua gainera) teoria hori proposatzea interesgarria egin zitzaidan. Nolabait estatistikaren engainuak eta etorkizunean ustekabeak eta zoriaren eragina azpimarratzen du. Ekonomian, ekonometria eta eredu ekonometrikoetan oinarriturik erabiliz, askotan etorkizuneko aurreikuspenak egiteko ariketa egiten da.
Adibide sinple eta erraza ipintzearren: etxebizitzen prezioa, edo KPI-a edo BPG-a edo dena delakoa, urtero %5 igo bada azken 5 urteetan, erregresioan oinarritutako ereduren bat egin eta hurrengo urteetan emango den portzentaia aurreikusten da: etengabe urtero %5 gehiago! Eta horrela doakigu. A posteriori esanda, jakina :-)
Ekonometriak etorkizuna asmatzeko isladatzen duen gaitasunari aldenduz, beltxarga beltzaren teoria bezala, Prospektibak etorkizuna ezin dela aurreikusi defendatzen du. Honetaz Logroñon eman nuen hitzalditxo bat duela pare bat urte. Ekonomiakoak ez ezik, hauteskunde politikoetan edo bestelako gertaera askotan berdin egiteko joera dago, azken datuak estrapolatu eta hortik abiatuz aurreikuspenak egin. Askotan ustelak.
Gaztelerara itzulitako Nassim Taleb-en beste liburu interesgarri bat ere badago "¿Existe la suerte? Engañados por el azar.", bere "Fooled by Randomness: The Hidden Role of Chance in Life and in the Markets" famatuaren itzulpena.
Erantzun
Sartu