Teknologia albisteak

Beasaingo Udalari

Erabiltzailearen aurpegia
2012-10-10 : 09:49

Kezkati zuzentzen natzaizu.

Kezkati, azken aldian eta hainbat gaietan gaztelera hutsa delako gurekin harremanetarako Udal modura erabili ohi duzun hizkuntza. Gurekin, zinegotziekin, herritarrekin, esleipenak egiterakoan enpresekin, ahoz zein idatziz.

Komunikatzeko erabili ohi duzun hizkuntza gaztelera hutsa delako. Eta ez gazteleraren aurka ezertxo ere daukadalako. Nirea, gurea, desagerrarazten ari zarelako baizik.

Eta kezkatu egiten nau, lehentasunak lehentasun, zure bihotzak zer dioen badakidalako eta arnasez lehenago ere ahul dagoen administrazioa, arnasa galtzen hasten denean, zer gertatzen den, jakin, ondotxo dakigulako. Jakin badakit, guztia zuzentzea lan eskerga dela, eta gainezka zabiltzala ere bai.

Bi begik mugatzen gaituztela dakidan bezalaxe. Eta guztia kontrolpean edukitzea zaila dela, baina hizkuntzan, beste hainbat gauzekin bezala, oso erraza da aurrerapauso bakarraren ostean, bi atzera egitea. Urteetan ezarian-ezarian lortutakoa, epe laburrean hankaz gora botatzea.

Halere, borondate kontua dela iruditzen zait. Ez euskararekiko borondatea, hori arrokeriz azaltzeko adina baitaukagu!!. Lehentasunak jarri eta lanerako borondatea. Horrek, gainontzekoak bezala, dedikazioa eskatzen du, eta esker txarreko dedikazioa, gainera.

Beasaingo Kale Nagusia. Oineztatu berria.
GureGipuzkoa.net | Beasaingo Kale Nagusia. Oineztatu berria. © CC BY-SA: Nikolas Barandiaran

Uda honetan, Beasaingo kaleetan, aspaldian ezagutzen ez genuen euskañol iraingarrian idatzitako kartelak ikusi ahal izan ditugu, Beasaingo Udalak idatzita, logo eta guzti, guztien begietara. Mihiluzekoak lotsaraztekoa!.

Orain gutxi arte, egunerokoan kasik euskera hutsean jardun ohi duten sailak, ahozkoan ez ezik, idatzian ere erdera hutsera pasa dira. Zurean, batzordeak gaztelera hutsean egiten dira, jaso beharreko dokumentazioa gaztelera hutsean jasotzen dugu, aurrez aurrekoari ez zaio duen garrantzia ematen, ez da euskara jakitea aintzakotzat hartzen astearteroko perirako postua esleitzerakoan, adibidez.

Udalarekin harremanak dituzten enpresei, idatzizko dokumentazioa gutxienez euskaraz aurkez dezaten eskatzen ez zaien bezala.

Eta horrek borondatea eskatzen du, ikuspegia eta borondatea, hauteskunde eta alderdikeria guztien gainetik. Ez baita nahikoa euskaltegian apuntatzea!

Guzti hau zaharra da. Ez da nahikoa esatea; honek egunerokoa eskatzen du, txingurriarena, publizitaterik gabekoa. Alderdikeria guztien gainetik auzia euskalzale eta axolagabeen artekoa delako.

Eta pentsa, orain ere badira axolagabe eta borondaterik gabeak, eta lehen edo gero bezala, horiek jabetuko dira berriz gureaz, axolagabekeria hutsagatik.

Aitor Aldasoro, Beasaingo Udalean EAJ-PNVko zinegotzia.

Erantzun

Sartu