Teknologia albisteak

TBX app, euskarazko bideo ikusienak

Erabiltzailearen aurpegia
2018-01-25 : 10:19

TBX proiektua berritu dugu, Interneteko euskarazko bideoen agregatzailea. Bere web-eko agerpena hobetzeaz gain (funtzio berriekin), aplikazio bat ere garatu dugu. Unean unean euskaraz Interneteko bideoetan biralki zer ari den mugitzen jakiteko, instalatu TBX app berria. iOS/iPhone eta Android sistemetarako dago aplikazioa garatuta, eta Google Play eta iTunes aplikazio dendetan aurkituko duzue.

Aplikazioak TBX.eus webguneak dakartzan funtzionalitate oinarrizkoak ditu, zer dagoen pil-pilean unean unean, astean, eta azken hilabetean, baina webgunean garatu berri dugun funtzio berri bat ere badu: bilaketa. Jakin badakizu bideo jakin bat ibili zela 2017ko hasieratik aurrera (TBX martxan hasi zenetik), bilaketa batekin aurkituko duzu. Adibidez, bilaketa arrunt bat (web interfazean kasu honetan), San Juan Sua, zenbait bideo erakutsiko diguna.

Aplikazioaren beste berezitasun bat da notifikazioak jasotzeko aukera. Bideo bat ikuskatzeetan nabarmentzen ari bada, ohar bat jasoko du erabiltzaileak. Egunean bi edo hiru ohar gerta daitezke, gutxi gora-behera; abisu gehiegi direla iruditzen bazaizu, notifikazioak ezgaitu ditzakezu, noski.

Webgunearen berrikuntzari dagokionez, ez bakarrik bilaketa aktibatu da. Artxibo bat ere egin da 2017ko otsailetik aurrerako euskarazko bideogintzan nabarmendu diren bideoak jasotzen dituena. Hilabete edo are egun zehatz bat ere aukera daiteke, egun horretan zer ikusi edo partekatu genuen gehiago jakiteko.

Adibidez, 2017ko urriaren 1a, erreferendumaren eguna Katalunian... ba hari buruzko euskarazko bideo batzuk hemen dituzue.

Era berean, aurtengo urtarril honi begira, zer bideo ikusiko dira gehien? oraingoz pailazoak, istripu bat eta Maddalen Lujanbio Anoetan bertsotan izan zenekoa ditugu lehian. Era berean egun edo hilabete bakoitzaren orriak esaten digu zein kanal ikusi izan zen tarte horretan gehien, euskarazko bideoak argitaratzen dituztenen artean.

Aplikazioa garatu da Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren IKT dirulaguntzei esker, besteak beste.

Erantzun

Sartu