Teknologia albisteak

"Librecon" kongresua izan da Bilbon, teknologia eta jakintza libreak mintzagai

Erabiltzailearen aurpegia
2014-11-20 : 11:32
Joan zen astean kongresu handia izan genuen Bilbon, Open Source sektorearen eta teknologia irekien inguruko gaiak landu zituen Librecon2014. ESLEk (Euskadiko Software Libreko Enpresen elkarteak) eta ASOLIFek (Españako software libreko enpresen federazioa) antolatuta, 1500 lagun bildu ziren bi egunez teknologia libreen inguruan solastu, hausnartu eta eztabaidatzeko. Hona hemen bertan jazotakoaren kronika.

Joan zen astean burutu zen Librecon 2014 Bilbon. Ziurrenik, teknologia irekien inguruan antolatzen diren kongresu eta ekitaldien artean garrantzitsuenetarikoa da. Aurten ESLEk antolatu du, eta antolatzaile zein partaideak pozik daude egindako lanarekin, eta Bilbon bizitakoarekin. Aho zapore gozoa utzi duela nabarmendu dute.

Lehenago ere plazaratu dugu Librecon konferentziak eman duena: Eneko Astigarragak (Codesyntaxeko gerente eta ESLE elkarteko presidenteak) egin zuen laburpen instituzionala bere blogean eta Codesyntaxek emandako hitzaldien laburpena ere atera dugu. Oraingo honetan laburpen orokorragoa egin nahiko genuke, ekitaldiak emandakoaz, kronika labur gisara.

Esan bezala, 1500 pertsona bildu ginen Bilbon joan zen astean. Ehundik gora saio eta hitzaldi antolatu ziren, eta 600 enpresa eta erakunderen laguntza, babesa eta parte-hartzea lortu zen. Eskerrik asko guzti-guztiei. Sektorearentzat kongresu garrantzitsu eta interesgarria izan da, noski. Izan ere, konprobatu dugunez, aire berriak ditugu sektorean, izan merkatuan, administrazioan, enpresetan, zein herritarrengan. Azken urteotan aurrerapausu handiak eman ditugu zentzu horretan. Hizlari izan ziren Jim Whitehurst-ek edo Tim O'Reilly-k azpimarratu zuten bezala, etorkizuna irekia da, “The future is Open”. 

Euskal Herrian ere, itxaropentsu gaude. Uste dugu, IKT, Open Source eta teknologia berriei lotutako sektorea asko hazi daitekeela datozen urteotan eta une egokia dela esparru horretan indarrak jartzeko. Libreconen parte hartu duten hainbat adituk esan zuen bezala, egungo merkatuak eta gure enpresen konpetitibitateak irtenbide irekiak eskatzen ditu, eta sektorean lanean ari garen guztiok erantzun egokia eman diezaiokegu une honetan gizarteak eta ekonomiak eskatzen dituen beharrei.

Esan beharrik ez dago, aretoa txiki geratu zela, adibidez, Enrike Dans (La apertura como estrategia) edo Jim Whitehurst (The future is OPEN) entzuteko; eta Municheko udalaren zein Frantziako poliziaren esperientziak ere arreta handia jaso zuten. Baina horietaz gain, ehundik gora hizlari izan genituen Bilbon, agenda bete eta sendoan.

Ezin guztien laburpenik hemen egin, baina Twitterreko traoletan (bat eta bi) informazio, aurkezpen eta lotura gehigarriak lortuko dituzue, eta baita antolatzaileen webguneetan ere. Horrekin batera, ekitaldiko argazki galeri ere ikusgai duzue Flickren

Bukatzeko, eta laburpen gisa, egokia izan daiteke ETBko Azpimarra saioan bildutakoa. Hona hemen:

asdfasdfasd

Erantzun

Sartu