Wattio enpresako finantza arduradun Telmo Sexmilok eman zuen atzo Betor hitzaldia, Hernaniko Orona enpresaren eraikin ikusgarrian. Domotikaren inguruan Euskal Herrian sortutako enpresa berritzaile honen berri eman zigun Sexmilok, eta bere produktu interesgarrien funtzionamendu eta ezaugarriak azaldu zizkigun.
Wattiok etxeko energia kontsumoa modulatzeko gailuak egin eta saltzen ditu. Konfigurazio errazena ulertzeko, erosi beharko zenukeena da terminala (Gate, euren izen komertziala) eta demagun entxufe bat (Pod) [baina gailu gehiago ere badituzte, adibidez termostatoak].
Horiekin egin behar duzuna da terminala jarri zure router edo Internet konexioaren ondoan, eta Pod entxufea, modulatu nahi duzun gailuari lotuta. Bata eta bestea uhin bidez lotuta dituzu, eta terminala, Interneten bitartez, zure ordenagailuarekin (web bidez kontrolatzeko) edo mugikor-tabletarekin (app bidez).
Horrela, etxetik, agindu dezakezu entxufe hori piztu dadila ordu jakin batean... zertarako? bi adibide:
Berogailu elektrikoa duzu entxufe horretan, eta urrutitik agindu dezakezu piztu dadila zu etxera iritsi baino 2 ordu lehenago.
Lanpara indartsu batekin duzu egongelan entxufea, eta oporretan zaudelarik, programatu dezakezu piztu eta itzali dadila iluntzeko zenbait ordutan, inpresioa eman dezan etxean jendea dagoela (lapurrak uxatzeko metodo sinple bat).
Entxufe edo pod sinpleenaren ideia azaldu dugu hor goian, baina termostatoak ere badituzte, eta baita etxeko kontsumoa kontrolatzeko beste gailu batzuk ere.
Alderdi praktiko hauez gain, enpresaren ibilbide interesgarria deskribatu zigun Telmo Sexmilok. Inbertsio nahiko txikiarekin hasi ziren, eta sari eta laguntza publikoen bidez, pixkanaka hasiz joan dira.
Tarte horretan, merkatuan produktu jakin bat izan arte, hasierako ideia eraldatzen joan dela onartu du. Energia kontroleko tresna bat irudikatzetik, gehiago Internet-of-Things delakora eta domotikaren eremura, nahiz eta energiarekin lotuta segitzen duten, jakina.
Bitarte horretan, halaber, komunikazio erakargarri bati eman dioten garrantzia azpimarratu zuen Sexmilok. Breaking Molds konpainiak egin zuen kanpaina honi esker hasi zela bera lanean, adibidez.
Komunikazio ekintza gisa ere, crowdfunding kanpaina ere aurkeztu zuen: izen horrekin azaldu arren egin zuten ahalegina, gehiago izan zen ekintza bat hainbat gailuren produkzioa ziurtatzeko, aurretiazko salmentak eginez. Hau da, 500 kit salduko zituztela ziurtatu zuten, eta dirua ziurtaturik, lehen aparailuak saldu zituzten horrela.
Orain, salmenta sarea antolatzen ari dira lanean. Bereziki Leroy Merlin katearen bidez Europan, eta Amazon-ekin Estatu Batuetan. B2C negozio lerroa litzateke hori, kontsumitzaileei saltzea gailuak (momentuz hori da salmenta, Internet bidez gailuen kontrola izatea doako zerbitzua baita), baina B2B gisako negozioa ere garatu nahi dute: energia konpainiak, elektragailu etxeak eta beste era bateko enpresa handiagoetan integratzea Wattioren produktuak.
Galdera txanda interesgarri batekin amaitu zen Betor hitzaldia. Gailuen gaitasun teknikoez, finantziazioaz, API baten aukeraz... halakoak irten ziren publikotik.
Erantzun
Sartu