Iazko udan jarri genuen martxan
Sustatuko pilotu automatikoa (euskal tuiterlarien artean pil-pilean dauden gaiak jasotzen dituen erreminta). Orain, Sustaturen atzean dagoen enpresak,
CodeSyntax-ek, produktu eta ideia hori 40 aldiz biderkatu du, eta Espainiako albiste merkaturako garatu, beste produktu batekin:
Niagarank.es.
Sustaturen pilotu
automatikoa: Twitterren euskaldunen arreta erakarri duten albisteak detektatzen dituen sistema. Gorabehera batzuk izan dira, baina emaitza ona eman duela uste dugu, eta euskal tuiterlarien artean bizi-bizi dabiltzan gai eta loturak detektatzea lortzen du. Modu honetan funtzionatzen du:
1) Twitterreko euskaldunen jarduna denbora errealean jarraituz,
2) haien euskaraz tuitak arakatzen ditu,
3) estekak zenbatzen ditu, eta
4) garrantzitsuenak identifikatzen. Estekak euskarazko edo erdarazko edukiz hornituta etor daitezke, edo hizkuntzarik gabeak izan, irudi bat adibidez, baina haien inguruko txioak euskaraz idatzita daudelako ekartzen ditugu.
Niagarank-en, berriz, Twitterren gaztelaniaz pil-pilean dagoen guztia baino (zabalegia bailitzateke), 40
multzo edo
gai tematiko definitu ditugu, eta horien inguruan txiokatzen duen jendea jarraitzen dugu. Era berean, eduki detekzioan gaiarekin zerikusia duten parametroak ere sartzen dira.
Euskaraz halakorik egitea egon liteke? Ez dugu uste. Komunitatea txikia da, iturriak urriak, eta gai pare batean egin zitekeen agian diskriminazioa, baina ez hortik gora. Horrez gain,
Sustatu automatikoak lekutxo bat badu hor, egunean lauzpabost gauza argitaratzen, eta askoz gehiago gaika argitaratzen hasteak ez luke balio erantsi handirik ekarriko, gure ustez, Interneteko euskarazko edukien mundutxo honetan.
Erabiltzaileen Ranking-ak
Albistegi automatiko hauetan,
erabiltzaileak detektatu eta rank edo sailkapen baten arabera sailkatzen ditugu. Eta erabiltzaile horietan,
5.000 gehienez jarraitzen ditugu, rank handiena dutenak. Gaur egunean, baliteke 15.000 edo 20.000 tuiterlari euskaldun izatea Twitterren, baina automatikoko "
onenak" (komatxo artean uler bedi) jarraitzen ditugu, algoritmo batzuen arabera aukeratuak. Espainiako gaikako sailkapen horretan berdin, gai bakoitzarekin zerikusi "zuzenena" duten erabiltzaileek "rank" handiagoa daukate, eta sailkapen horren arabera jarraitzen ditugu 5.000 "onenak".
Ondoren, jarraitzen ditugun
Twitter kontu horietan jendeak ze esteka partekatzen dituen zaintzen dugu denbora errealean. Esteka horiek elkarren kontra lehiatzen dira, txio kopurua, erabiltzaileen rankinga, denbora/freskotasuna eta beste faktore batzuk kontuan hartzen dituen algoritmo baten arabera. Eta argitaratzeko atalase bat gainditzean, argitaratu egiten dira
Niagarank-en edo Sustatun, albistearen
snippet edo puska bat, eta harekin batera detektatzen ditugun tuitak, elkarrizketa osatu aldera.
Alderdi teknikoa: Django eta Masonry
Makinaria berdina dago
Sustatu automatikoaren eta
Niagarank-en atzean:
Django framework azpiegitura eta
Python programazio lengoaia. Baina diseinuaren aldetik, erabaki desberdinak hartu dira Niagarank-en.
Grid esaten zaion bloke-zutabe nahasketa bat da Niagarank-eko interfaze nagusia.
Pinterest zerbitzuak jarri zuen modan duela urte eta erdi, eta
Masonry izeneko diseinu-eskemari jarraiki ezarri dugu Niagarank-en. Honek, bide batez,
diseinu arduratsua egiten utzi digu, eta mugikor zein tablet-etan ondo egokitzen da maketa: iPad batean egin dezakezue aproba, orientazio bertikal edo horizontalean, nola moldatzen den edukia.
"Garrantzi" elementu bat ere sartu dugu interfazean. Gehiago nabarmentzen diren albisteak beltzez agertzen dira, adibidez (bloke zurietan ere badago ñabardura, argazkiaren tamainan, 2. eta 3. mailakoak bereizteko, nolabait esatearren).
40 gai tematiko
Gaiei dagokienez,
40 dira oraingoz. Sailkapen moduko bat egin dugu, "erreibindikatu" edo "ekonomia" moduko epigrafeekin. Gai batzuk interes orokorrekoak izan daitezke (
lan merkatuarena), eta beste batzuk, agian gutxiengo zehatzentzako (
ehiza, edo
Microsoft produktuei buruzkoa).
Gai horietako bakoitzak Twitter kontu propioa dauka, RSS jarioa, eta baita eguneroko buletina ere. Hau da,
Niagarank Tenisa eta
Liburuak jarraitu ditzakezu bakarrik, ez besteak, zure interesak horiek badira. Baina azalak bere bizitza propioa du (beste algoritmo batek nabarmenenen hautespena egiten du), eta hori beste kanal batekin doa,
@NiagarankEs kontua Twitterren.
Atzotik kalean da, beraz,
Codesyntaxen azkenengo produktua:
Niagarank. Espero zuen gustuko izatea.
Erantzun
Sartu