Teknologia albisteak

Kalekumeak argazki-erakusketa: kaleari lapurtutako istorioak

Erabiltzailearen aurpegia
2013-02-11 : 11:11
Iphone-ak eskaintzen duen berehalakotasunaz baliatuta, Ion Markel argazkilariak kaleari lapurtutako 35 irudi jaso ditu “Kalekumeak” erakusketan. Herritar anonimoak protagonista dituelarik, egunerokotasunaren autentikotasuna jaso nahi izan du. Erakusketa Donostiako Okendo Kultur etxean dago ikusgai martxoaren 22ra arte.


1 / 2


KALEKUMEAK

Kaleak milaka istorio kontatzen dizkigu egunero. Iphone-aren bat-batekotasunaz baliatuz, horietako batzuk lapurtu dizkio argazkilari lazkaotarrak”.

Zuri beltzak eskaintzen duen indarraz baliatuz, argazkilariak esperientzia bat biziarazi nahi dio ikusleari, istorio baten erdian dagoen sentsazioa sortuz eta bertan harrapatuz. Irrifarrea, harridura eta ezinegona sortaratzen duten irudiek, kaleko jende anonimoa dute protagonista, eta errealitateak eskaintzen duen _baina askotan ikusten ez dugun_ autentikotasuna jasotzen dute.

ION MARKEL SAEZ DE URABAIN IPARRAGIRRE

Ion Markel Saez de Urabain argazkilari autodidakta, 1970ko ekainaren 30an Lazkaon (Gipuzkoa) jaio zen eta gaur egun Usurbilen bizi da (Gipuzkoa).

Argazkilaritzako arlo ezberdinak landu dituen arren, _bidaiak, paisaia, natura, makroak_ gaur egun erretratuak, erreportaje sozialak eta argazkilaritza dokumentalean biltzen du bere sortze-lana. Gizakiaren presentzian, azken batean.

Argazkia momentua da berarentzat. Uneen bila ehizan aritzen da kamera edo iPhona eskuan. Begien aurretik duenetik abiatu eta bere kontakizun propioa egiten du irudien bidez. Egunerokoak erakartzen du bere arreta. Ohiko eszena arruntengan jartzen du fokua. Besteok ohikoa ikusten dugun tokian, istorioa kontatzen du argazkien bidez.

Azken lau urtetan iPhone modelo ezberdinak izan ditu bidelagun eta bere lan zati handiena iPhoneography (edo berak deitzen dion bezala, iPhonekeriak) delakoan garatu du (365 proiektua, adibidez). Egun, Euskal Herrian argazkilaritza modu honetan espezializatu den argazkilarietako bat dela esan dezakegu. “Edozein unetan sortu daiteke argazki perfektua, eta hori dela eta, eskura izan ohi dut beti”.


 

Erantzun

Sartu