Argiako blogetan lehenik, ZuZeun ondoren, irakurri ahal izan ditugu zure hausnarketak, orain antolaketa lanean den Euskaraldiaren ingurutik, ezen ez hainbeste Euskaraldiaren gainean. Joan den azaroaren 23an aurkeztu zuten egitasmoa bateraturik Bilboko Arriaga Antzokian, besteak beste, Topaguneak, Kontseiluak eta 3 herri administrazioetako (EAE, Nafarroa Garaia eta Iparraldea) ordezkariek. Zu, berriz, kezkatua ageri zatzaizkigu PNVk akordio estrategikoa egin duelako.
Joan den azaroaren 23an aurkeztu zuten egitasmoa bateraturik Bilboko Arriaga Antzokian (egitasmoaren sustatzaile izango diren erakundeetako beste hainbat kiderekin batera), ondokoek:
- EAEko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak,
- Nafarroa Garaiko Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak,
- Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoko presidente eta Herri Elkargoko Hizkuntza Politikako presidenteordeak,
- Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak,
- Kontseiluko Idazkari nagusiak,
- Lasarteko Ttakun euskaltzaleen elkarteko kideak, eta
- Euskaraldiaren koordinatzailea eta Euskaltzaleen Topaguneko kideak.
Zu berriz kezkatua ageri zatzaizkigu ‘PNVk’ (ez EAEko Jaurlaritzak edo bestek) ‘akordio estrategiakoa’ egin duelako ‘Topagunearekin Euskaraldiaren inguruan’. Eta zuk zintzo argitu nahi dizkiguzu PNV halakoetara bultzatzen bide duten arrazoi ezkutuak (‘Zeintzuk dira PNVrentzat Euskaraldiaren benetako helburuak?’, iragarlea zu). Lehen inpresio batean iruditu zait nahiago ote zenukeen PNV Euskaraldiaren kontra balego. Argi kontrajartzen dizkiguzu ‘herri ekimenaren’ helburuak eta PNVrenak:
- ‘Herri ekimenak euskararen erabilera areagotzea du helburu nagusitzat,’
- ‘baina PNVren benetako helburuak beste batzuk direla pentsatzen dut.’
Eta PNVren hiru helburu / arrazoi iragartzen dizkiguzu zure ‘ustekoak’:
- ‘Aipatu gabeko lehen helburua, berak [PNVk] kontrolatuko lukeen euskalgintzaren eredua hegemonikoa bihurtzea’.
- ‘PNVek historikoki euskalgintzan inoiz izan ez duen hegemonia eskuratu nahi du Euskaraldiaren bidez.’
- ‘Bigarren arrazoia [helburua], bere sozioa den PSErekin -eta PPren babesarekin- EAEn burutzera doan hizkuntza politika alorreko atzera pausuaren aurkako erantzun soziala neutralizatzea’.
- Garbi argitzen diguzu gainera, PNVren estrategia ‘euskaltzale edo’ hori ez dela Euskaraldira mugatzen, zu igarle: ‘Atzera pausu horien aurreko kritika soziala neutralizatzeko operazioak beste bi zutabe izango ditu: Eusko Ikaskuntzaren mendeurreneko Kongresua bata eta Euskara Batuaren 50. urteurrenarena bestea.’
- ‘Azkenik, PNVren hirugarren arrazoia, gainerako esparru politiko nagusietan bezala, Euskaraldia 2019an burutuko diren Hego Euskal Herriko Udal eta Foru Hauteskundeei begirako urtebeteko kanpaina erraldoia bihurtzea’.
Makiaveloren ikasle on denok. Ez dakit zein hobe, zu ala PNV, biok... Baina denok dakigu nolakoa den bizitza... Edozeinetara, areago argitzen diguzu ‘zergatik bultzatzen du[en] hain esku zabal PNVek Euskaraldia’:
- ‘Lehenik eta behin, euskararen normalizazioaren ardura herritarraren bizkar jartzen duen kanpaina delako, […] eta ez Gobernuarengan [h.d. EAEko Gobernuarengan esan nahi duzu eta ongi ulertzen da hala] edota honek bideratzen duen hizkuntza politikarengan.’
- ‘Euskara gehiago erabiltzen ez bada, ez da nagusiki herritarren edo euskaltzaleen konpromiso faltarengatik, PNVren hizkuntza politikaren porrotarengatik baizik.’
- ‘Ez dago inon beraiek [PNVk] zuzendu eta porrot egin duen hizkuntza politikarekiko kritikarik Euskaraldian.’
- ‘Gobernuaren ardura baztertzen duen kanpaina da Euskaraldia. Horregatik babesten du PNVk.’
- Abarkak Maixu Juani iradoki legean, bakoitza bizi gaitu gure zoroak, eta nik, zure guztia irentsi ondoren, zuzen edo oker, baina erraz diagnostikatuko nizuke PNVren aurkako alergia, fobia, paranoiaren batek jota bizi ote zaituen. Ez dakit horretarako txertorik badagoen, eta badakit gainera ez zarela halako gaitzik jasaten duen bakarra gure artean. Baina komeniko litzaiguke halako eritasunetarako antidotoa ere aurkitzea gure herri euskaldunaren mesedean.
Hobeto edo okerrago aritu, batean edo bestean zintzoago edo ilunago, nik garbi dut gure herri euskaldunak aurrera egingo badu bateko eta besteko euskaltzale eta abertzaleei esker egingo duela, eta gure benetako arerioak ez direla aurkitzen PNVren lerroetan, eta ezta ere Sortu edo ezker abertzalearenetan (nahiz guztietan ere baden zer hausnartua –ikusi besteak beste ZuZeun bertan J. Albarezen artikuluari eginiko zenbait erantzunetan–). Oraindik orain gure benetako etsaiak Madril eta Paris dira, eta gure lurrean soilik Espainiako eta Frantziako interesak defenditzen dituztenak.
Eta bai:
- Herritar euskaldun eta euskaltzaleok, euskaldunon komunitatea gara euskaraz egin behar dugunak gure mesedean, eta Euskal Herrian, beti, eta alde guztietan.
- Eta azkenean, berdin izango dio hala egiten badugu ‘desobedientziaz, erresistentziaz eta ekintza zuzenaz’, edota ‘obedientziaz, erresistentzia barik eta ekintza bihurriz’, egiten dugu bitartean.
- Gure arteko erdaldun hutsek euskara ikastera behartuta egon beharko lukete neurri berean, denon arteko bizikidetza linguistiko demokratikoaren izenean (ez gu bakarrik derrigortuak orain bezala ‘erdarak’ ikastera; hor ez da demokraziarik).
- Eta horretarako guztirako noski, bertako gobernuek hartu behar dituzte bere ardura eraginkorrak.
- Hala nola, Parisko eta Madrileko gobernuek ere, azken mendeetan eragin diguten hizkuntza kaltetze, urritze eta gutxieste politiken ordain.
Eta ez:
- Euskaraldiak ez dio kulpa ematen ‘PNVren hizkuntza politikaren porrotari’. Baina ezta ere ‘Sortu edo ezker abertzalearen politikaren porrotari’.
- Bada, EAEn azken berrogei urteotan ‘hizkuntza politikaren porrota’ egon bada, gu denon porrota izango da gure neurrian, PNVrena, ezker abertzalearena. Eta gure aurkako espainolisten irabazia.
- Baina azken aldian ‘euskalgintzako’ sektore denek, edo gehienek bederen, aitortzen dute, EAEn eta Nafarroa Garaiko iparraldean –eremu euskaldunean– sekulako aurrerapausoak eman ditugula –are Nafarroa Garaiko eremu gaiztoki deitu ‘misto’ eta ‘erdaldunean’ ere (Edota zu ez zaude horretan ere ‘euskalgintzarekin’ ados?). Horregatik ahaztu beharrik gabe, gure oraindiko gabezia eta ahulezia ikaragarri guztiak.
- Eta munduan, Israelgoen ondotik, hizkuntza berpizte eraginkor eta miretsion arrakasta izan baldin bada, hau ere, gu denon arrakasta izango da geure neurrian, PNVrena, ezker abertzalearena… Eta aldiz, gure aurkako espainolisten galera. Ala ez?
- Bestetik, ‘PNVren hizkuntza politikaren porrota’ baino ez aipatzeak, zuk diozun bezala Euskal Herri osoko kontu batez ari garenean –EAEz, Nafarroa Garaiaz eta Iparraldeaz batera–, zuk arreta PNVren politiken porroten gainera ekarri nahi izateak, eta ez aipatzeak ere oraintsu arteko Nafarroa Garaiko indar eta gobernu espainolistak, edota iparraldeko administrazio ezin frantsesagoak, ezinbestean dakarkit berriro gogora zure zaindu beharreko higuin, hipersentsibilitate eta monomania hori PNVren kontra, zuk nahi edo ez EAEko herritarren artean batez beste ‘ezker abertzalearen’ babes bikoitza edo hirukoitza duena. Ala zurea ez izan arren, PNVren politika abertzale/euskaltzalea defendatzen duten horiek ez ote dira ‘herri’? Edota hasuek ere, PP eta PSOEri, eta orain Ahal Duguri ere, babesa ematen dioten herritarrak bezain espainolista eta anti-euskaldun dira, edo are espainolistagoak agian, zuri jarraiki...?
Behin osatuko dugu (bueno, hor dago Gure Esku Dago ere) modu bateko edo besteko abertzaleen, euskaltzaleen arteko ekitasmo bateratua, eta zu igeri lerroz azpitik eraso eginez, bonbaketa ederra. Zuk Txillardegi aipatzen duzu, eta niri ere aipatzeko gogoa datorkit zure artikuluaren harira, hark beste egoera batean ausart galdetzen zuenean Qui prodest?. Nori egiten dio mesede zure artikulu / jarrera zatitzaile eta gogo nahastaileak? Nork esan zuen, zatitu eta irabazi hura?
Behin eta berriro aipatzen dituzu ‘euskalgintza’ ‘herri ekimena’, ‘herri mugimendua’, ‘herrigintza’ eta hauek kontrajartzen PNVk duen hauek kontrolatzeko eta patrimonializatzeko nahiei. Zu aldiz, Sortuko kide, ‘herritar’ identifikatzen zara (‘herritarroi […] dagokigu’). Nik berriz, urte batzuk baditudalarik, eta hainbat esperientzia, zinez uste dut zuk ‘euskalgintza’, ‘herrigintza’… deitzen dituzun horiek guztiak, edo gehienak, sortu diren moduan sortu direla ere, beti izan direla ‘ezker abertzalearen’ kontrol eta patrimonializazio helburu, eta hala erori direla, egon direla eta daudela orain ere ‘ezker abertzalearen’ kontrol estu eta patrimonalizatuenaren pean. Eta mugimendu hauek maiz erabili dituela ‘ezker abertzaleak’ euskalgintzaz bestelako helburuetarako ere. Eta maiz, hain zuzen gainera, bere helburu abertzale eta euskaltzaleetan hurbilen duen PNVren-edo gobernupeko erakundeen aurka. Eta ez hainbeste, kurios asko, beste indar benetan espainolistek edo frantses zaleek gobernatzen zituzten erakundeen kontra EAEn, Nafarroa Garaian edota Iparraldean ere –zergatik ote?–. Ez al da ezker abertzalea ezin estuago zaintzen duena ‘bere hegemonia’ ‘euskalgintzako’ erakundeotan?
Horregatik PNVren euskalgintzaren kontrol eta patrimonializazio nahiak aipatzen dituzunean nik irakurtzen dut ‘guk, ezker abertzaleak, ez dezagun galdu ‘euskalgintzaren’ eta ‘herrigintzaren’ erakundeen gainean dugun kontrol eta patrimonializazio zorrotza. Eta mugimendu horien barnean ‘bere kasa pentsatzeko gauza’ den beste ezein euskaltzaleren urtetako baztertzea... Ez al du ezker abertzaleak oraindik ere horrela jokatzen? Beti?
Azkenik, amaitzeko, uste dut Joseba, baduzula zurekin aspaldi bizi zaituen beste zoro alternatibo anti-sistema bat ere ‘desobedientzia, erresistentzia eta ekintza zuzenaren’ izenean. Eta noski, zu aske zara hala izateko. Baina, nire ustez behintzat, berriro kaltea eta zatiketa baino ez digu eragiten, ahalik eta zabalen bihurtu nahi dugun mugimendu euskaltzalean, bi mundu horiek lotu eta batera nahastu nahi izatea. Eta berriro galdetuko dizut ‘noren mesede hori?’, ‘Qui prodest?’.
- Zure artikulua amaitzen duzunean esanez: ‘ez dugu […] kolaboratuko’ ‘euskara eta Euskal Herria bigarren mailara kondenatzen duten Hizkuntza Politika eta beste politikekin’?
- Artikulu osoa eman duzunean PNV kritikatzen –herri honetako beste abertzale bakarrak, ‘ezker abertzalez’ kanpo–, ‘euskara eta Euskal Herria bigarren mailara kondenatzen duten Hizkuntza Politika’ egiteagatik?
- Azkenean, bakarrik zuk bezala pentsatzen dutenekin kolaboratuko duzu? Niri estalinista samarra iruditzen zait, baina...
Ordea, arrazoia emango dizut zure azken esaldian: ‘izan gaitezen euskaldun eta gaurko egoeran, desobediente’, nahiz eta zuk ‘libre izateko’ aipatu, eta nik, ‘irabazteko’ esango nukeen.
Euskaldun euskaltzaleoi ez baitzaigu irabazteko beste aukerarik geratzen, intsumiso izatea baino, eta behingoz hastea Euskal Herrian euskaraz baino ez hitz egiten
- Euskaraz dakien guztiarekin,
- Baina baita ere, euskaraz ulertzen duen guztiarekin (EAEko 45 urtez azpiko ia herritar guztiak, are Bizkaian eta Araban ere jada –ik. P. Zubiriaren Zenbatek ulertzen du euskara? artikulua Argian–),
- Eta are, Euskal herrian bizi delako, edo areago herritarren zerbitzurako zeinahi kargu betetzen duelako gure dirutatik ordaindua, euskara gutxienez ulertzera behartuta beharko luketen herritar guztiekin, direla mediku, saltzaile, funtzionario, ertzain, polizia edo Guardia Zibil.
Gure eskubidea da euskaraz egitea (are legez ere EAEn eta bere mugekin Nafarroa Garaian ere edo Iparraldean), eta bide hori da gure irabazpide bakarra. Euskaldun euskaltzaleok euskaraz egin ez, mila aitzakiatan, eta erdaldunari eskatu behar diogu lehenik guri euskaraz egin diezagun?
‘Izan gaitezen [bada] euskaldun [Euskal Herrian alde eta aldi guztietan] eta gaurko egoeran, desobediente’, intsumiso, euskaraz baino ez eginda. Ikasi dezatela ez dakitenek. Gutxieneko gu ulertzen, guk beraiei ulertzen diegun bezala –ezinbestean, derrigortuta–.
Honen guztiaren inguru hitz egiten dut zabalago Euskera aldizkariaren azken alean (61 (2016) 2. zkia, 241-373) ‘Irabazteko gidalerro bila’ artikulu argitaratu aurretik hainbat zentsura ere jasan dituenean –eta besteak beste gustatuko litzaidakeena ‘euskalgintzan’ ere ezagutu dadin, nahiz esaterako Soziolinguistika Klusterreko Albistariak ez duen aipatu ere egiten bertako beste artikuluren bat bai bezala... –besterik ez balitz ere artikuluak duen orrialde kopuruagatik balitz…–.
Gure irabazteko estrategiak diseinatzen laguntzeko beti prest.
Bittor Hidalgo
Erantzun
Sartu