Teknologia albisteak

Mikel Irizar lagunarekin hitz-aspertuan

2014-05-14 : 16:50
Orain dela jada hilabete pasa argitaratu zuen Mikelek bere blogean 'Tertulian gaztelaniaz' artikulua eta nik erantzun bertan. Ondoren apirilaren 29an argitaratu zian Erdaraz, bai ala ez? artikulua, lehenengoaren jarraipen edo eta Sustatuk ere honen berri-edo eman. Gaur erantzun diot nik bere blogean eta eransten hemen ere erantzun hori, inoren intereseko bada.

Barkatu beharko didak lehenago ez idatzi izana -bizitza denontzako dek batzuetan nahasia-, baina hasi nauk. Oso interesgarria iruditu zitzaidaan hik hasieran azaldutako kezka eta eztabaida -horregatik nire iruzkin 'ausarta'-, eta ere orain eman dioan segida. Eta honi helduko zioat, iruditzen zaidan bezain gordin.

Diok, nola nik salatzen nian hi Radio Euskadin espainolezko tertuliakide hasita 'kalte egiten higula euskaldunoi', eta zehaztasunen bat' egin nahi diat.

Gutako bakoitzak maila partikularrean zer egiten dugun -are euskaldunok-, ez dek gu bakoitzaren ardurakoa baino, gero kontu horien gainean beste zeinahik beste zeinahi iritzi izateko eskubide osoa izango badik ere.

Beste gauza bat dek ordea, edo izango dek, eztabaidatzea, 'euskaldunoi' 'herri hiztun' gisa zein estrategia komeni ote zaigun irauteko, sendotzeko, inguratzen gaituen 'herri erdaldun elebakarraren' arterako, eta are gaur egun, EAEn batez ere, gero eta ugariago elebiduntzen ari garen herri 'erdaldunaren' inguruan, direla oraindik euskaraz ikasten 'hasiak', euskaldun soilik 'hartzaileak', edota euskaldun 'osoagoak', baina oraindik bere baitan 'euskaldun' baino 'erdaldunago' izan edo sentitzen direnak - noski eskubide guztiarekin, badaezpada esanda, esan beharrik balego ere-.

Niri, egia esan, oraindik behin bakarrik tokatu zaidak hi aditzea solasaldi horretan. Mikel Aramendiri behin edo behin entzun diodan bezala, halakoetan gaik jartzaileak jartzen dik puntua, eta solaskideak bertsolari gisa heldu behar izaten dio gaiari uneak ematen dion argiarekin, ekonomiaz, futbolaz, azken iruzurraz, heriotzaz edo dena delakoaz. Eta hi ere egun horretan behintzat horrela moduz entzun hindudan. Oso ondo. oso hire aukeran, noski. Baina berehala pentsatu nian horrek ez zuela zerikusi handirik hik hire bigarren idatzi honetan aipatzen duan 'euskararik gabe bizi direnengan eragiten saiatzeko'. Suposatuko dugu 'eragin' darabilala 'euskararen, 'euskaldunon' edo 'euskararik gabe' bizi diren horien 'euskalduntze' prozesuan edo. Eta egia esan, ez diat lotura zuzenegirik ikusten ze eragin izan lezakeen hik, nik, edo bestek, futbolaz, sexuaz edo abiazioaz dugun iritziak espainolez azaltzeak entzuleen 'euskal ahalduntzean'. Nahiz noski, mundu honetan dena dagoen lotuta.

Nire ustean, apal edo ez, noski, ezinbestean eragin behar diagu gure inguruan 'euskararik gabe' bizi diren horiengan. Eta horien 'euskal ahalduntzean' erabilitako 'zeinahi' bitarteko izango da onuragarri. Dela espainolez, dela swahiliz. Lortu behar duguna ordea, da: 1. Euskara ez dakitenak behingoz euskara ikasten hasi daitezen herri honetan hizkuntza parekotasun 'demokratiko minimoa' lortzeko, guztiek euskara jakin arte, gutxienez gaur egun  guztiok, legeak derrigortuta espainola edo frantsesa dakigun neurri berean (eta diskurtso hori noski espainolez, edo frantsesez eman beharko da nagusiki edo hizkuntza horietan ere behintzat). 2. Jadaneko euskara ikasteko pausoa eman dutenak, eta EAEn jadaneko 35-37 urtetik beherakoen %90 euskaldun gutxienez 'hartzaile' bihurtu dituena, eta %66 hiztun 'oso' edo (nahiz maiz artean espainolez hobeto moldatu), horiek guztiak, eta belaunaldi zaharragoetakoak ere proportzioan gutxiago izanik ere, euskaratik gero eta hurbilago sentitu daitezen, gero  eta euskaldun bihotzekoago sentitu daitezen, eta gero eta apustu errazagoa egin dezaten 'euskaraz' bizitzeko, eta gero eta gutxiago, edo batere ez, espainolez. Eta jadaneko praktikan euskaraz bizitzea erabaki eta egiten duguak gero eta gehiago izan gaitezen, eta gure arteko euskarazko sorkuntza, produkzioa, gero eta erakargarriagioa izan dadin.

Eta hori guztia, ziur nago, ez dugula lortzen, gureiritzi guztiak espainolera itzultzen segitzen badiegu 'euskararik gabe bizi direnei'. Espainolez aldioro azpimarratuko diegu euskara ez dakitenei, euskara ikasi beharra, eginkizun demokratiko minimo gisa herri honetan gurekin batera bizi ahal izateko espainol inposatzaile eta inperialista izan gabe.

Baina beste guztietarako erabili beharko dugu euskara, eta euskara jakinda euskararik gabe bizi direnei, euskara pasiboki bada ere erabiltzera behartu gure iritziak eta gure arteko bizia, euskaldunon artekoa, ezagutu nahi badute. Ez diegu gehiago 'itzuliko' aurrerantzean. Bestela galduta gaude. Eta euskara ez dakitenek ere behar dute sentitu, 'arrazonamendu ideologiko' guztiez gain, 'zerbait garrantzitsua' ari direla galtzen euskara ez jakiteagatik, ez ulertzeagatik. Bestela ez dute ezertarako 'behar' euskara jakitea. Guk 'itzultzen' badiegu gurea…

Bestalde, ordea, espainolak noski, badu euskarak baino erakarpen handiagoa, gutako bakoitza 'munduarekin' lotzeko. Euskaratik ezin, eta XII, eta batez ere XVI. mendetik aurrera lotu gara hegoaldean neurri handi batean 'guk sortutako' 'espainolarn' bidez. Eta hori izan dugu 'modernitatea'. Iparraldean berriz XVII eta XVIII. mendeetatik aurrera 'frantsesari' esker. Eta aldamenean, gainetik kendu ezinda ditugun hizkuntza horiek 'jan' gaituzte eta ari dira gu jaten.

Nola irten orduan kiribil horretatik? Gure belaunaldi berriak, eta ahalean helduak ere, ingelesa erabiltzera ohituz. Gaur eguneko munduan espainola eta frantsesa ez dira oso bigarren mailako hizkuntzak baino, oraindik hiztun asko izan arren. Mundua gaur, justuki edo injustizian, baina ingelesez bizi da. Eta guk euskaldunok, iparrean, zein hegoaldean, askoz konexio hobea dugu munduarekin zuzenean ingelesez, bigarren mailako frantses eta espainoletiko itzulpen beti atzeratuen bidez baino.

Eta ingelesak, ez digu lurra zentimetroka jaten espainolak eta frantsesak bezala. Euskara gurea delako, ingelesa munduarekin lotzeko behar dugvulako (eta frantses eta espainolaren azpiko mendekotasunetik libratzen gaituelako), eta 'gainera' badakigu espainola eta frantsesa ere, gure munduan 'bigarren mailako' bizilagunak ulertzeko, eta beraiek bezain bide zuzena, edo zuzenagoa izaki, ingelesaren bidez munduan, behingoz beraien beharrik gabe.

Espainolez Radio Euskadiko solasaldian? Nahi duenak egin beza. Baina ez ote du nahikoa autoritate Topaguneko, Tokikomeko orain arteko lehendakariak-edo, euskaraz aritzeko, ekonomiaz, Ukrainaz edo Merkellez, Radio Euskadin ere EAEko biztanleria guztiaren erdia baino gehiagok ongi ulertu ahal dionean, eta ulertzen ez dionak mina sentitu eta euskara ikasi/hobetu beharra sentitu dezan hi ulertzeko?

Aspaldi sartu behar genian euskara eta euskalduna horrela ere, halako elkarrizketa asimetrikoetan, nagusiki espainolezko hedabideetan, areago 'publikoetan' (Radio Euskadi, ETB2-3-SAT…).

Iruditzen zaidak ordea 'obbiok/obbiedadeak/gu denon begi-bistakoak' esaten ari ote naizen. Oraintxe irakurri eta gogoratu diat, estonieraren bultzatzeaz (batez ere, nagusiki errusiar hiztun edo errusiar elebakarren artean) gurean ere nik (eta hik ere ziur aski) hain garbi ikusten duguna, eta amaitzeko aipatuko diat (eztabaidarekin jarraitzea eta iritzi kontrajarriak aipatzea ere beti mesedegarri zaigulakoan): "There are concerns with social and economic exclusion due to loss of employment or inability to obtain citizenship for older Russian-speakers. [But / hala ere,] It seems clear that motivation to learn and use Estonian can be achieved through increasing the practical value of the language." (D.M. Skerrett (2014) "The 2011 Estonian high school language reform in the context of critical language policy and planning", Current Issues in Language Planning, 15:2, 2014, 174-200 (http://dx.doi.org/10.1080/14664208.2014.858656).

 

Ondo izan

 

Bittor

 

P.S. Barkatu hurbilagotik ez heltzeagatik hiru puntuei, baina hasierarekin hainbeste luzatu eta gero…, hobe beste baterako

 

Erantzun

Sartu