Halaxe idatzi eta sinatu zidan otorrinoak kontsulta amaitzeko.
Gertaeraren kontakizuna hurrena, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen webgunean ere jasoa dagoena Osakidetzari jakinarazpena aurkeztu bezala (http://www.oeegunea.org/berriak/ikusi/2012-07-10/grosen-ezin-otorrinoekin-euskaraz-egin), eta aldi berean aurkeztu nuena BEHATOKIAn eta ARARTEKOarenean (eta hauek ohiko tramitazioak hasi), eta ere Eusko Jaurlaritzako ELEBIDEn ere (hemen erantzunik gabe, azken boladan dirudienez ohiko zaien moduan). Osakidetzatik aipatu zidaten, kontuaren erantzuna emateko, aurretik aurkeztua ziotela nire idatzia delako mediku andereari, pentsatzen dut haren bertsioaren eskean, baina ez dut beste ezer jaso. Hori bai, berehala bideratu dizkidate Groseko anbulatorioan bertan behar nituen beste mediku txanda guztiak mediku euskaldunekin, batzuetan medikuak aldatuz, eta besteren batean mediku euskalduna konfirmatuz. Hemen kontakizuna oporren aurretik jakin nahi duenarentzat. Ondo pasa oporretan (ere).
Bittor
Mediku erdaldunaren kalapitak
Donostian, 2012ko uztailaren 3an
Maiatzaren 25ean bidali ninduen nire Intxaurrondoko Anbulatorioko familia medikuak ‘otorrinoagana’. Intxaurrondoko Anbulatorioan bertan, txanda eman behar zidatenean, eta orduantxe Donostian, Bagera, Donostiako euskaltzaleen elkarteak, eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE), biek batera abian zuten ‘Euskaraz Osasuntsuago’ kanpainaren airean, espres eskatu nuen mediku otorrino euskaraduna, edo ‘gutxienez’, euskara ulertuko zuena. Anbulategiko administrari euskaldunak adeitsu asko azaldu zidan ordea, beraiek ez dakitela ze medikuk egiten duen euskaraz eta zeinek ez (Osakidetzak ez omen die ematen halako informaziorik), eta eman zidaten txanda zegokidan-edo Groseko Anbulategiko M. Eugenia Salazar Ruckauer mediku anderearekin, jakin gabe honek bazekien edo ez euskaraz. Baina eman zidan ere telefono bat -agian pazienteen arreta zerbitzukoa-, nik neronek abiatu nahiko ote banu telefono horren bidez ziurtatzen delako medikuak ba ote zekien euskaraz, ez... Ez zitzaidan iruditu ni neronen kontua behar zuenik izan telefonotan bila hastea mediku batek ba ote dakien euskaraz edota mediku euskaldunen bila hasi beharra. Eta horretan geratu zen.
Gaur goizean, uztailak 3, izan dut txanda delako mediku anderearekin. Aldez aurretik jaso didate, nire familia mediku euskaldunak otorrinoarentzat eginiko txostena, espainol garbian idatzia, diglosia onenak agintzen duen lez, -orduantxe irakurri dut lehenengoz, eta ez dirudi ere zuzena espainolez (bakarrik) idatzia egotea, ezta-. Medikua puska batean ordenagailuan bere kasa aritu ondoren, galdetu dit espainolez zer nuen, eta azaldu diot euskaraz paperean zuela azaldua. Ez zaio nonbait gustatu, eta lehenengo aldiz azaldu dit berak ez zuela euskararik ulertzen, eta espainolez egiteko. Euskaraz azaldu diot nola ez diodan erdaraz egingo, eskatu nuela mediku euskalduna anbulatorioan, eta nolanahi ere, berriro, jakin nahi bazuen zer nuen, aurrean zuela nire familia medikuaren papera (aurretik jada irakurria zuen nire ustez, eta ordenagailuan jasoa), eta egin ziezadakeela azterketa, nik oso ondo ulertzen niola espainolez ere.
Ezetz. Biak ala biak, medikua eta erizaina batera [galdezka ea nik ba al nekien espainolez -beraiek gaztelania deitzen diote, ‘castellano’, ‘espainol’ aitortzearen gogorra leundu nahirik-. Eta nik, baietz, oso ondo nekiela espainolez ere, eta oso ondo ulertzen niela, baina euskaraz egingo niela, nire eskubidea zela, nire hizkuntza zela, eta banuela gutxienez nire hizkuntzan ulertua izateko eskubidea -baita euskaraz artatua izatekoa ere, baina kasuan konformatuko nintzela ni ez behartzearekin espainolez egiten. Eta beraiek, ezetz , espainolez egin behar niela. Espainola baldin banekien, egiteko espainolez jada builan. Eta behin baino gehiagotan errepikatu didate ‘hemen’ bi hizkuntza direla ofizialak, eta, beraz, egiteko espainolez,] eta bestela handik joateko. Halako burugogorkeria nirea! Medikuak aitortu dit 33 urte omen daramatzala ‘hemen’ lanean, eta ez omen zaio inoiz horrelako lotsagabekeriarik gertatu inongo gaixorekin, eta egiteko espainolez. Bestela segurtasun arduraduna deituko zuela eta hark aterako ninduela kontsultatik.
Nik, nirean, ea zergatik ez zidan azterketa egiten (sudurzuloetan-eta, txostenak espainolez eskatu moduan). Eta nola zen posible 33 urte baldin bazeramatzan ‘hemen’, gure zergetatik bizitzen, tartean batere ez saiatzea gure hizkuntza ikasten (benetan zirudien ez zuela ezer ulertzen, ezer ulertu nahi ez izateaz gain). Eta gainera ea nola zen posible biak, mediku eta erizain andere biak, niri builaka aritzea aldarrikatzen ‘hemen’ bi hizkuntza direla ofizialak, beraiek bakarra dakitenean, eta aldiz ni, bi hizkuntza ofizialak menderatzen dituen bakarra, bere builak jasaten ari nintzen. Izatekotan, beraiek liratekeela ‘bi hizkuntza ofizialen’ legea-edo beteko ez luketenak, funtzionario publiko izaki, eta herritarren zerbitzura behar luketenak, beraiek menderatu beharko lituzketela bi hizkuntzak, gaixook bi hizkuntzetako edozeinetan artatu ahal izateko, eta ez gaixook behartu, guztiok, ezinbestean bi hizkuntza ofizialak ezagutu eta erabili behar izatera beraien zerbitzuan, eta beraiek, zerbitzari publiko, hizkuntza ofizialetako bat ikasi beharrik izan ez dezaten. Eta nolanahi ere, berriro, hor aurrean zutela papera garbi asko azaltzen zuena ‘beste hizkuntza ofizialean’ nire beharra.
Mediku andereak ez du inongo momentutan inongo asmorik erakutsi inondik ni artatzeko, nik espainolez egin ezean. Eta pentsatzen dut hori bera jada badela, seguru asko, kode deontologikoren bat urratzea, baina besteren baten esan beharko du. Ea… Halako batean nolanahi idatzi du mediku andereak nire txostenean: “Euskaraz ari da eta ezin diot ulertu” -sinatu eta eman dit seilu eta guzti-. Berdin erantsi zezakeen: “Euskaraz ari zait eta, beraz, ez diot ulertu nahi, ez ahalegin txikienik egingo ulertzeko”.
Ez zegoen modurik. Eta halako batean builatan-edo aspertu denean, medikua eta erizaina biak ari zitzaizkidan builan, mediku anderea bulegotik haserre atera, eta itzuli da minuturen batera bere ‘segurtasun arduradun uniformatuarekin’. Erizainak argitu dit bitartean berak baietz, berak ulertzen zidala euskaraz, baina ez medikuak, eta medikuari ‘nahitaez’ egin behar niola espainolez. Beraz, ez dakit zer dela-eta ez den bera hasieratik prestatu nireak medikuari itzultzeko, baina hala izanda. Medikuak nolanahi ez bide zuen erizainaren halako bitartekaritzarik nahi, gero ere erakutsi duen moduan.
Segurtasuneko uniformatua bulegoan sartu den orduko, galdetu diote biek, erizain eta medikuak ‘seguratari’, kurioski, ea berak ba al zekien euskaraz. Eta honek ere ezetz erantzutean, han geratu dira hirurak puska batean zer egin jakin gabe. Nonbait niri nola zuzendu jakin gabe. Laster konturatu dira hala ere, beraiek zirela horregatik ni ulertzeko arazoa zutenak, eta ez nik beraiek, eta eskatu diote segurtasunekoari beste gabe kontsultatik atera nazan.
Segurtasunekoak modu onez eskatu dit azalpenen bat, eta azaldu dit nola medikuak-eta eskatzen zioten ni handik ateratzeko…, gaixo gehiago zeudela zain... Nik berari ere euskaraz azaldu diot egoera. Ez zuen honek ere, antza, ezer ulertzen, baina honek barkamena eskatu dit ez ulertzeagatik. Eta gero ere benetan saiatu da ni ulertzen elkarrekin egin dugun bidean, eta kontatu, nola bere emaztea, amaginarreba eta andrearen aldeko familia osoa den ‘euskaradun’, baina bera gaztelarra zela… -agian beste 33 urte ere bazeramatzana hemen, baina… ‘hemen’… hola bide dira gauzak-. Bi edo hiru azalpen saiakeren ondoren eskaini dit segurtasunekoak elkarrekin joatea, berak eramango ninduela eta lagunduko zidala, ‘gaixoen-edo arreta zerbitzura’, ea han zer edo zer konpontzen zidaten. Onartu eta biok joan gara delako bulegora.
Bertan, lehenbizi, konklabea egin dute, zerbitzu arduradunak, segurtasunekoak, eta handik gutxira agertu den otorrino anderearen erizainak, ni kanpoan ninduten bitartean. Amaitu dutenean, hirurak atera, eta eskaini dit ‘arreta zerbitzuko’ arduradun, euskaldunak, ea ni prest nengokeen berak itzultzaile lana eginda otorrino anderearen arreta jasotzeko, eta nik, baietz, baina agian mediku andereari ere galdetu beharko liokeela, niri irudituta honek jarri zezakeela oztoporik, aurretik ez duelako ni artatzeko inongo gurarik erakutsi, eta bai ordea borondate sutsua ni espainolez zuzendu nintzaion.
Joan gara andre medikuarengana biok, eta ni kanpoan utzita bildu da medikuarekin (eta erizainarekin uste dut) honen bulegoan. Atera denean, ‘arreta zerbitzuko’ arduradun euskaldunak aipatu dit, ospitalean saiatuko garela hitzordu berria egiten otorrino euskaldunen batekin, Groseko anbulategian halakorik ez delako batere. Harritu nau proposamenak, etorreran, asmoa, ‘itzultzaile’ jardutea zuelako, eta galdetu diot ea andere medikuak ez ote zuen hori onartzen. Eduki duten hitz aspertuan ‘arreta zerbitzuko’ arduradun euskaldunari ahaztu egin zaio nonbait hori galdetzea/proposatzea medikuari (jakizu zertan aritu diren 33 urtez gurekin ezer jakin nahi izan ez duen anderea-eta). Baina arreta zerbitzuko arduradunak, berriro galdetu dit orduan, ea ni prest nengokeen itzultzaile lana onartzeko. Nik baietz berretsi eta gogoratu diot, eta han joan da berriro mediku anderearengana hari ‘tratua’ proposatzera.
Laster itzuli da esanez medikuak ez duela onartzen halakorik. Eta niri nire xumean iruditu zait hori jada benetan zela kode deontologikoaren urratzea, eta jakinarazi diot hala salatuko nuela medikua anderea, abisatu nahi bazion edo.
Arreta zerbitzuko arduradunarekin bere bulegora itzulita, bi eskaintza egin dizkit. Batetik, berak kudeatuko zuela hitzordu eskaera berria ‘ospitaleko otorrino euskaldunen’ bat bilatuta, eta deituko zidatela telefonoz mediku txanda finkatzeko. Bestetik, gertaturiko arazoaren ‘azalpena’ eta ‘kexa’-edo agertu nahi banuen, ‘zerbitzuko’ orri ofiziala eskaini dit, eta beteko dudala agindu diot, orain egiten ari naizena.
Aldi berean saiatu da arreta zerbitzuko arduraduna azaltzen borondate onean, zergatik ‘ez duen’ ‘ezin duen’ ‘ezin digun’ Osakidetzak euskarazko zerbitzurik ziurtatu …, 45 urtetik gorako medikuek ez dutela euskara ikasteko derrigortasunik…, gauzak ezin direla gauetik goizera aldatu… Nik, ez nuela nahi han Osakidetzaren ‘hizkuntza politika’ eztabaidatzen hasi…, baina azkenean, bere azalpen eman beharraren beharraz, gogorarazi diot ‘goizetik gauerako’ horretaz, badirela 30 urte EAEko ‘Euskararen Legea’ onartu zela…, oraindik ere oposaketetan ez dela euskara ez derrigorrezko ez behar bezainbeste baloratua,… delako Eugenia nire andere medikuak, berak aitortuta, 33 urte omen zeramatzan bertan lanean batere euskara ikasi gabe, harro,… baina hobe genuela kontu horiek bere horretan uztea gure artean, eta adeitsuki eskua emanda agurtu dugu elkar, agian berriro laster ikusiko garelakoan, baditudalako hilabete honetan oraindik beste bi edo hiru kontsulta ere Groseko anbulategian bertan…
Ez da aurreneko aldia halako ‘gertaera’ bat dudana, eta aurreko batean (orduan, ez dakit zergatik, telefono bidezko txanda hartze batean), hasieratik desbideratu ninduten jada ‘ospitalera’ mediku euskaldunarengana (eta eskertu nien, jendaurrean ere), Groseko anbulategian halako espezialista euskaldunik ez zelako.
Baina uste dut, eta hau jada Osakidetzarekiko eskaera da, batetik Osakidetzak eduki behar duela zerrenda bat arreta euskaraz nahi, eskatzen dugun pazienteekin, eta ez gaitzala behartu, aldian-aldian halako iskanbilak jasan behar izatera. Bestetik, Osakidetzak, bere mediku, erizain eta enplegatu guztiekin jakin behar du, eta informazioa eskaini behar du, ze hizkuntzatan eman lezaketen profesionaok bere zerbitzua, aldi berean sariztatu beharko lituzkeen bezala beren zerbitzua bi hizkuntza ofizialetan eskaini lezaketen profesionalak, besteek ez baitute inondik ‘Euskararen Legea’ betetzen, ez 'legearen espiritua', eta ezin baitigute euskaldunoi zerbitzua gure hizkuntza ofizialean eman.
Bestalde, zinez jakin nahi nuke, eta galdera zuzena da, Osakidetzak ere ez ote duen pentsatzen nire gaur goizeko andere mediku Eugenia Salazar Ruckauer-ek huts egin diola bere ‘kode deontologikoari’ edota ‘zin hipokratikoari’ ni espainolez ez aritzeagatik artatu gabe, zinez ahal zuenean. Beste gabean, lehenik, txosten idatzia espainol argian zuelako. Bigarrenik, bertako erizainak dirudienez itzuli ziezaiokeelako nik esandako guztia. Hirugarrenik, pazienteen arreta zerbitzuko arduraduna hasieratik zegoelako prest beharrezko itzulpen lanak egiteko bertan zuzenean (medikuari itzultzeko nik esandakoa, nik ez nuen itzultzaile beharrik medikuak edo zeinahik esandakoa ulertzeko, medikua da herren). Eta honen erantzuna ere espero dut.
Osakidetzak, eta beste eskaera bat da, eduki beharko luke jarduera protokoloren bat bere profesionaletakoren batek EAEko bi hizkuntza ofizialetakoren batean zerbitzurik eman ezin duenerako, edo nahi ez duenerako, ‘segurtasuneko’ sasoitsuak pazienteak kaleratzea bidaltzeaz gain. Eskerrak nire medikuak ez zituen guardia zibilak eskueran…!
Azkenik, gogoa ematen dit, hurrena ospitaleko mediku batekin txanda ematen didatenerako, nire Groseko anbuletegitik taxia hartu eta egiteko bertan ospitalerako joan-etorria, horren faktura Osakidetzari zuzenduz, ordaindu beharko lukeelakoan, euskarazko zerbitzurik eskaintzen ez duenez anbulategian. Ordainduko ditu halakoak Osakidetzak? Zergatik ez du ziurtatzen EAEko Euskararen Legea onartu zenetik 30 urtera euskarazko zerbitzu anbulatoriorik? Zergatik ordaindu behar du euskaldunak taxi plus hori, edota ospitalerako joan-etorrietan eman beharreko denbora guztiak?
Besterik gabe, zuen erantzun azkarra eta oinarritua jasoko dudalakoan, adeitasunez agurtu nahi zaituztet
Sinatua: Bittor Hidalgo Eizagirre
Erantzun
Sartu