Orain dela 25 urte aurreikusten zen egoera bat zen eta urte guzti hauetan beste aldera begira egon gara, leku guztietan: elkarteetan, enpresetan eta batez ere administrazio publikoetan. Urtez urte jaiotza tasa jaisten ari da. Une honetan emakumeko 1,3koa da (beste batzuek pixka bat puztuta dagoela diote) eta horren barruan, autoktonoen indizea soilik kontuan hartuko bagenu, 1etik behera dagoela ikusiko genuke. Horrek zer esan nahi du: bada herri hau, ezagutzen dugun moduan, erritmo honetan 3-4 belaunalditan desagertu edo erabat desberdina izango (garela) dela.
Horregatik azaroaren 9an Durangon jardunaldi bat egin genuen euskal demografiari buruzko datuak jasotzeko, horiek zer ondorio ekartzen ari diren ikusteko, administrazio publikoak zer egiten ari diren ezagutzeko eta herri hau kontzientziatzeko eta egoera aldatzeko zerbait egiteko.
Gaindegia Behategiko Imanol Esnaolak hainbat argibide eman zigun euskal demografiaren geografiak bizi dituen aldaketez eta bereziki, herri euskaldunetan zer gertatzen ari den jakiteko. Euskararen bihotza diren herri hauetan egoera zinez kezkatzekoa da: edo biztanleria galtzen ari dira (arrazoi askogatik: jarduera ekonomikoa jaistea -nekazaritza, enpresa txikiak…-, emakumeei irtenbide sozioekonomikoa ez eskaintzean emigrazio handiagoa…) edo biztanleria handitu dute inguruko herri handiagoetatik joandako familia gazteekin, asko euskara gaitasun apalagokoak eta etxean zein kalean euskara erabiltzeko ohitura ahulagoekin.
Eguzki Urteagak, EHUko irakasleak, datuak eta irtenbideak aipatu zituen. 2005etik EAEn etengabeko jaiotza tasaren jaitsiera ikusten dela esan zuen. Nafarroan jaitsiera txikiagoa izan da eta Iparraldean emakume bakoitzetik 2tik gora mantentzen dela. Horrek dakartzan arazoak aipatu zituen: zahartze prozesua, langile euskaldunak topatzeko zailtasunak, etab. Ondoren, Europako Iparraldeko egoera aipatu zuen horietan jaiotza arazorik ez dutelako, arrazoi askorengatik: BPGren %3-4 bideratzen dutelako (laguntzak, haur eskolak…), hemen erdia baino gutxiago den bitartean; familientzako laguntzak hamarkadatan mantendu direlako eta gobernu guztiek aldatu barik eusten dietelako; familia eredua desberdinagoak badituzte ere, guztiek umeak edukitzeari garrantzia eman diotelako (guraso bakarrekoek, bikote homosexualek…), jendeak umeak edukitzeko ez duelako itxaroten karrera amaitu, lan ona topatu eta etxea erosi arte; haurrak izatea ez dutelako estatu autoritarioekin lotu (Espainian edo Italian, ordea, bai), etab.
Felix Rodrigo Morak gai honi buruz liburu bat idatzi du: “Erótica creadora de vida: propuestas ante la crisis demográfica” eta jardunaldian Europako Batasuna bultzatzen ari den “nazio europarra” zer den azaldu zuen: estatu handi-handi bat non ingelesa baino ez den hitz egingo eta herri europarrak desagertuko diren. Horrela egitura “homogeneo” bat eratu nahi dute eta hor bertako herriek eta euren kulturek eta hizkuntzek ez dute lekurik izango, ez soilik euskara moduko estatu gabeko hizkuntzek, ezta, frantsesak, gaztelerak edo italiera moduko hizkuntzek ere. Horretarako bertakoen kontrako politika demografikoa egiten ari dela: harreman heterosexualak zalantzan jarri, enpresetan umeak eduki nahi dituzten emakumeen kontrako jazarpena, etab. Herri askotan (estatu espainiarrean, Italian, Errumanian…) emakume bakoitzeko ume kopurua 1etik behera dago eta beherantz jarraitzen du inolako neurririk hartu gabe. Eta emigrazio etengabe eta masiboa bultzatzen ari dela, ordezkapen demografikoa lortzeko.
Irune Muguruzak, Eusko Jaurlaritzako Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendariak, administrazio publikoek egin duten Familia eta Haurtzaroaren aldeko Euskal Ituna eta horren ondorioz Familiei Laguntzeko Erakunde arteko IV. Plana zer diren azaldu zuen: familia ugalketarako oztopoak murriztea, familia aniztasuna babestea, ardura familiarrak dituztenentzat edo haurrak eduki nahi dituztenentzat politikak bultzatzea, gazteen emantzipazioa laguntzea, enplegua eskuratzen laguntzea, etab.
Adrian Zelaiak jaiotza tasa baino, inmigrazioa dela euskararen normalizazioaren kontrako eragilea aipatu zuen, biztanleria garai historiko batzuetan jaitsi dela baina erabilera ez dela jaitsi argudiatuta. Inmigrazioaren gaian bi alderdi daudela eta ondo bereizi behar direla esan zuen: batetik giza eskubideak eta horiek erabat errespetatu behar direla baina bestea migrazioa fenomeno gisa. Hor enpresa handiak eta gobernuak bultzatzen ari direla esan zuen, soldatak beherantz egiteko, etengabe, azken 10 urteotan ikusi dugun moduan. Eta espainiar estatua horren lekuko jarri zuen non 600.000 etorkin sartu diren azken urtean eta langabezia tasa ia %15ekoa den. Beraz, inmigrazioa ez dagoela jaiotza tasa baxua konpentsatzeko baizik eta batik bat soldatek etengabe beherantz egin dezaten.
Lurdes Imazek, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteetako buruak irakaskuntzan zer gertatzen ari den azaldu zuen. Batetik ume gutxiago egotean, gela eta eskola batzuk ixten ari dira, 6.000 gutxiago daudelako orain. Etorkin asko A eta B ereduetara joaten dira eta horietan, Araban adibidez %60a. Beraz, segregazio arriskua gero eta handiagoa da: gure hizkuntza txarrago ezagutzea. Gauza asko egin beharko lirateke: ratioak jaistea, ereduak birplanteatzea, eskolaz kanpo ekintzak euskalduntzea, irakaskuntzara baliabide gehiago bideratzea, etab.
Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak esan zuenez hizkuntzak integratzeko eta gizarteratzeko izan behar dira eta ez bereizteko eta horretarako A, B kendu eta murgiltzeko eredu bakarra behar dugu, etorkizunean bi gizarte multzo sortu nahi ez baditugu. Bestetik ume atzerritarren kopurua urtero bikoizten ari dela aipatu zuen: 2.250etik 4.250etara, ikasturte honetan 9.000 ume gehiago, eta horrek aldaketa asko ekarriko dituela eta gauzak ondo egiten ez baditugu, hezkuntzak orain arte lagundu duen euskalduntze prozesu horretan 30 urte atzera joan gaitezkeela.
Ondoren mahai ingurua egin zen eta gaia oso garrantzitsua zela begi bistan geratu zen, eta orain arte egin diren gauzak ez direla nahiko, inondik inora.
Horregatik, jardunaldiaren emaitza kontuan hartuta, lantalde bat sortu nahi dugu eta hor parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, ea denon artean demografia suspertzeko plan bat egiten dugun, euskarak gehiago atzera egin ez dezan eta gure herri hau, gutxienez ezagutzen dugun moduan, desagertu ez dadin. Lehenengo urratsa Euskal Demografiaren Aldeko Dekalogoa egitea izango da, eragile mota guztiak inplikatzeko. Bazatoz?
Biltzarre
Erantzun
Sartu