Aurreko asteetan Sopela izenaren ofizialtze prosezuaz iritzia eman nuen sustatu.com era erabili.com albistegi digitaletan, eta bide batez prozeduran izandako tranpa eta amarruak salatu. Eztabaida bukatua zela zirudielarik, Xabier Kintana euskaltzaina atera zen azken hitza eman nahirik bezala, aurreko eztabaidan mahairatutako argudio eta salaketei kasurik egin gabe. Berrian eta Naiz.info hedabideetan atera zen lehenik bere artikulua.
Bai Berrian bai Naiz.info-n, nire erantzuna joan zen atzetik, berak eta aurrekoek botatako gezurren froga zorrotz eta erantzunezinak barne, zehatzago paper inpresoaren mugak ez dituen naiz.info-n argia ikusitako bertsio digitalean. Horri ere entzungor, Deian agertu du Kintanak egunotan aurreko artikulu bera erdarazko bertsioan eta gaur berton Garan, berari eta bere kideei egotzi zaizkienetarik bat ere aipatu eta erantzun gabe.
Inpunitatearen aldarria eta agerraldia da Kintanarena? Berak aholku, iritzi eta diktamenak eman bai baina besteonak irakurtzen ez dituen erakustaldi harroa? Sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, eta alderantziz ere, azken hitza berea dela frogatu nahia? Ostrukarena egiten badakiela erakutsi beharra? Ez dakit eta gutxi axola gainera, baina Sopela izena aldatzeko prozeduran Euskaltzaindiak erabilitako gezur eta amarruak hor daude, pisuzko argudio eta datu zehatzekin salatuak. Ez da aldaketaren zilegitasuna eta Sopela izenaren komenigarritasuna zalantzan jarri eta salatu dena, ez; zilegizkoa eta komenigarria izan zitekeen aldaketa egiteko Euskaltzaindiak erabili duen iruzurrezko prozedura da gaitzesgarria eta onartezina, Kintanak berak eta ondokoek begirune falta, harropuzkeria eta prepotentzia osoz darabilten hizkuntz agintekeria.
Erantzun
Sartu