Teknologia albisteak
2

Sopela: behera tradizioa, gora bulgarismoa!

Erabiltzailearen aurpegia
2014-02-02 : 13:53
Sopela izena ofizialdu egin da azkenik. Euskalduntasunaren garaipena izan da batzuentzat, manipulazioaren bidez inposaturiko bulgarismoaren aldarria bestoontzat. Izenaren aldaketa zilezgizkoa da, baita arrazoizkoa ere menturaz, dudarik gabe, baina aldaketa bultzatzeko erabili den argumentarioa iruzurrezkoa izan da.

Sopelana gaurgero Sopela dela jakinik esnatu gara asteburu honetan. Aspaldiko borroka, aspaldiko tema. Ez noa aldaketaren komenigarritasunaz eta zilegitasunaz iritzia ematera, kontrako eta aldeko argudioak eman bainitzake. Aldaketa egiteko eta zuritzeko moduaz, ordea, zerbait esan beharra dago ezinbestean. Erabili den argudio nagusia, Euskaltzaindiaren izenean eta oneritziaz emana, faltsua eta iruzurrezkoa da funtsean. Sopelana ez da espanoilezko forma, Sopelana ez da forma inposatua. Sopelana, Bilbao eta hainbeste bezala, forma zaharra da baina ez arkaikoa. Jatorrizko forma da, sortzezkoa alegia, edo sortzezkotik ezagutzen dugun hurbilena.

Sopelana ez da Francok edo ez dakit zein diktadorek inposaturiko forma, betidanik idatzi izan baita horrela, XV. mendearen erdialdean lehenengoz dokumentatzen denetik behintzat. Inposaketarik egon bada, beraz, forma idatzi edo kultoarena ahozkoarekiko izan da, besterik ez. Aldaketa ofizialdu den honetan, herriari galdetu gabe egin dela irakurri dut, erreferendumik egin gabe alegia. Horri deitu dakioke inposaketa, eta ez besteri.

Egia da oraintsu arteko dokumentazio historiko guztia erdaraz idatzita dagoela eta euskarak ez duela horretan lekurik izan, baina horri ere ez nioke inposaketa deituko. Katalunian edo Galizian, esaterako, bertako hizkuntzak erabili izan dira eskritura notarial zaharretan. Zergatik ez dugu hemen holakorik ezagutu? Eskribauak Gaztela aldean trebatzen ziren, bertako hizkuntzan ezinbestean. Tradizio propio baten garapena eragotzi zuen horrek, egia da, baina hori eta inposaketa ez dira gauza bera. Nolanahi ere, izen bereziak ez zituzten nolanahi idazten, euskarazko onomak idazteko tradizioa ondo garatuta dago. Egunera arte bizirik iraun duen tradizio horretan Sopelana Sopelana idatzi izan da beti. Tradizio onomastiko horretan, fonetismoen abstrakzioa egiten zuten, berauei arrunt edo bulgar iritzita. Adibideak milaka eman daitezke. Ezin uka daiteke, esan egin behar da, bokal arteko -n- sudurkariaren galera funtsezkoa dela euskararen bilakaeran eta ez genukeela gaur bulgartzat hartuko, baina tradizio idatziak, erdararen bidez bideratua baitzen, pisu handiagoa izan zuen eta entzungor egin zion fonetismo honi eta egungo euskaran arrunta ez baina arkaikoa denari eutsi.

Kontuak kontu, niri neuri, Sopela, Bilbo eta holakoak idaztea gogorra egiten zait, ezinezkoa erdaraz egiten dudanean, baina horiek dira euskaraz aritzen naizenean ahoz naturaltasun osoz ateratzen zaizkidanak, noski. Soluzioa erraza da: Sopelana idatzi eta Sopela ahoskatu, Donostia edo Legazpia izenekin egiten dugun bezala. Ba al dauka horrek arazorik? Donostia Donosti dela tematu eta horren alde borrokatu behar al dugu? Ez, jakina. Donostiako hiru damatxo kantaren letra ere moldatu beharko genuke hasteko! Mota guztietako arazoak saihesten dira forma zahar jatorrizkoak beren horretan zaintzen baditugu, eta ez Orduña / Urduña bezalako bikote arazotsu artifizialak sortu eta bultzatu edo tradizio guztien kontra Bilbao bezalako formak euskarazko ahozko formaren onetan ahantziarazten saiatu.

Bulgar edo arrunta euskarazkoarekin nahasteko joera setatia dugu. Inori kabitzen ote zaio buruan Durango ez, baina Durengo edo Durongo ofizialdu behar ditugula horiek direlako erdarak gutxien kutsatu gabeko euskaldunen usadioan erabilitako formak? Durungo horren parekoak dira, euskalduntasunaren eta inposaketaren kontrako izenean ofizialdu diren Okondo, Miribilla eta holako hainbat. Manipulazioa baliatu izan da sarri, holakoek sekula ez baitute tradizio idatzirik izan, askotan hori sinestarazi nahi izan diguten arren.

Erantzunak

2014-02-04 : 11:19

Ez naiz sartuko ni ere bataren edo bestearen ofizialtasunaren aldeko eztabaidan. Gertatzen da ez dela bulgarismoaren eta hizkera jasoaren arteko aldea, bi hizkuntzak erro berdinean oinarrituz hartu duten forma desberdinak baizik, Lazkano eta Lazkao edo Zestona eta Zestoa bezala. Honezkero, forma desberdinak dira, ez bi erregistro desberdin, jatorrizko Done Sebastian egun euskaraz Donostia den bezala..

2014-02-04 : 12:49

Bai, arrazoia eman behar dizut aho betean: forma ezberdinak dira bata eta bestea eta horregatik aldaketak funtsa izan dezake, baita zilegitasun osoa ere. Baina bi formen artean hautatzeko erabili diren argudioak faltsuak dira eta hautaketa baldintzatu ez ezik, guztiz aldrebesten dute. Aukera da ahoz baino transmititu ez den forma bilakatu baten eta ahoz eta idatziz (erdaraz) transmititu den forma bilakatu gabeko forma baten artean. Forma biak, hala ere, euskarazkoak dira izatez.

Esan nahi nuena zen, besteak beste, idatzizko forma, nahiz eta erderazko testuetan transmitua izan den, ez duela zertan erdarazko tradiziokoa izan, erdal testuetan onomak (toponimo zein antroponimo) euskal erara jaso izan baitira. Hori da artxiboetako paper zaharrek erakusten digutena. Eskribauek hanka sartzen zutela, euskarari errespetu gutxi ziotela (eta erdarari miresmena) eta holakoak gezur hutsak dira. Eskriturak erdaraz idazten zituzten eta euskaraz ahoz azaltzen. Horixe izan da gure sistema tradizionala. Euskara hizkuntza bulgartzat zuten, idatzizko erregistrorik ez zuen hizkuntzatzat, alegia. "Se les dio a entender en (su) lengua vulgar el contenido..." izaten da maizenik aurkitzen dugun formula. Batzuetan "lengua vulgar" hori gaztelania ere izan zitekeen.

Eskribauen usadioa gaitzetsi eta faltsatu beharrean, autokritika egin beharko genuke. Zergatik ez genuen euskaldunok, beste herri askok bezala, idatzizko tradizioa garatu? Elizak bai egin zuen, beti herri zibila baino azkarragoa eta praktikoagoa izaki.

"Sopela" bezalako izenen aldaketa diskutigarria izan daiteke. Izan ere, sudurkaria galarazten zuen sistema fonologikoa, egun "Sopelana" forma euskaraz bezain arkaikoa da. Eguneko euskararen sistemak ondo barneraturik ditu, zaharrak ez bezala, bokal arteko sudurkariak. Eguneko euskaldunok ez dugu batere arazorik soinu andana hori ahoskatzeko eta bai guztiz natural egiten. Inposaketaren mamurik ez bagenu, kontuak bere alde historiko, neutral eta praktikotik begiratuko bagenitu alegia, mereziko luke aldaketa egitea? Justifikatuta legoke? Ez al litzateke nahikoa izango modu batera idatzi eta beste batera ahoskatzea? Nik neuk, zalantza handiak ditut. Sevilla, Cádiz, Huelva, Badajoz edo Madrilekoek ahotan darabilguna bezain aldaketa fonetiko errotuen bidez ahoskatzen dituzte beren hiriburuen izenak, baina erregistroa idatzia erregistro idatzia da. Haiek ez dute inongo inposaketa inperialistaren mamurik.

"Bilbao" / "Bilbo" bezalako kasuetan, ordea, nahiz eta Euskaltzaindia tematu, guztiz zentzugabea da aldaketa planteatzea eta alde guztietatik askoz ere praktikoagoa ahozko erregistroa bere horretan uztea. Horietan ez daukat inolako zalantzarik. Eta ofizialdu diren "Okondo" bezalakoetan ere ez daukat bat ere dudarik, forma bulgar ez gomendagarriak lehenetsi direla euskalduntasunaren izenean. Berdin, baina forma bikoiztua kudeatu beharraren agrabantearekin, Urduña / Orduña bezalakoetan.

Deabruaren abokatuarena egin dut, gure eta duintasunaren kontra baitoa izenak manipulazioaren bidez inposatzea. Ez da gomendagarria ezta beharrezkoa ere.

Erantzun

Sartu