Aitortu beharrekoak dira ekimen enpresarialak abiatzeko ausardia duten ekintzaileak, era guztietako enpresak etengabe sustatzen, berritzen eta hobetzen diharduten emakume eta gizonak. Aberastasuna sortzen dute eta guztion ongizatean eragiten dute... Horien artean, gainera, bereziki nabarmentzeko modukoak iruditzen zaizkit hizkuntzaren aldagaiari, eta gainerako zehar lerroei ere, erreparatzen diotenak. Txapo! Horrelako praktika egoki eta eredugarri gehiago behar ditugu.
Honekin lotuta, azken egun hauetan administrazioen hizkuntza irizpideen inguruan hitz egitea egokitu zait zenbait bileratan. Adostasun handi samarra egon da ondorioetan: gure administrazioak eredugarriak izan beharko lirateke, lidergoa bere gain hartuz, eta erantzukizunez jokatu beharko lukete gurekiko harremanetan euskaraz aritzeko bitartekoak jarriz eta bertan lanean ari diren pertsonei lana euskaraz garatzeko eskubidea bermatuz. Eta gainera, mahai gainean jarri beharko genituzke haien zerbitzu esleipenetan, dirulaguntza deialdietan eta era guztietako kontratazioetan hizkuntza irizpideak ezartzeak, baloratzeak eta puntuatzeak hizkuntzaren garapenari ezezik, elkarbizitzari eta gure ongizateari ere dakarzkien onurak.
Hainbat administraziotako zenbait sailetan gertatzen ari den bezala, euskarari bere balioa aitortu beharko litzaioke dirulaguntza deialdietan eta kontratazioetan (baldintza batzuk ezarriz, Bikain agiria zein Bai Euskarari Ziurtagiria balioetsiz, etab.). Administrazioen kudeaketa egokia izan beharko litzateke arlo horretan ere, hizkuntza irizpideek gu guztion ongizatean duten garrantzia agerikoa baita.
Erantzun
Sartu