Asko hitz egiten da elkarlanaz eta, zenbaitetan, irudipena dut ez ote den bere jatorrizko esanahia galtzen ari, hitz fetitxe horietako bat bihurtzeko. 2012an “Elkarlan ez lehiakorra” kontzeptua entzun nion Julen Arexolaleibari Eralan topaketa batean. Bertan, Elkarlanaren paradigma izan daitekeena proposatu zuen, elkarlan eta lehia terminoak gurutzatuz. Horren arabera, lau aukera daude: lehiakorra ez den elkarlana, elkarlan lehiakorra, neutraltasuna eta fakzionalismoa. Enpresek elkarlan lehiakorra darabilte, eta ulergarria da askotan, baina aurrera egin nahi bada, lehiakorra ez den elkarlana sustatu beharko litzateke. Denok irabaztea izan beharko litzateke jomuga, agian ez % 100ean. Negoziazioaren eta kontsensuaren eredua litzateke onuragarriena.
Aurtengo maiatzaren 5ean UEMAk bere 25. urteurrena ospatu zuen Aizarnazabalen. Horren harira, hainbat iritzi, kronika eta erreportaje zabaldu ziren hedabideetan. UEMAk urte hauetan guztietan egindako ekarpena nabarmendu zen gehienetan, aintzat hartzeko modukoa izan baita, eredugarria eta aitortu beharrekoa. Elkarlanerako tresna ere badela azpimarratu izan da. Elkarlanaren beharraz ohartarazi zen ospakizunetan eta erakundeei elkarlanean urratsak egiteko eskaera/ proposamena egin zitzaien.
Atentzioa eman zidan BERRIAn Euzkadi Buru Batzarreko Euskara arduradunari egindako galdera baten erantzunak. Udal Legeak elkarlan bidea zabaltzeko balio ote dezakeen eta UEMA elkarlanerako foroa izan daitekeen galdetuta, gaur egun elkarlanerako toki edo foro aproposena Eudel dela erantzun baitzuen. Eudelek izan beharko lukeela gai euskarari buruzko udalen beharrak betetzeko. Hogeita bost urteko ibilbidea duen ekimen batekiko elkarlanaz galdetuta, ez aitorpenik, ez babesik, ez etorkizun arrakastatsu edo zorion adierazpenik, ezta elkarlanerako proposamenik ere.
Maiatzaren 5ean bertan “Eta hemendik aurrera zer?” izeneko txostena aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeko Euskara 21 azpibatzordeak. Horko Hizkuntza hitzarmena indarberritzeko zutabeak izeneko atalean esaten da adostasun sozial eta politiko ahalik eta zabalena izatea ez dela nahikoa, baina ezinbestekoa dela aurrera egiteko. Hor, esate baterako, irakur daiteke herritarren partaidetza sustatzeko tresnarik eraginkorrena elkarlana dela; beraz, herri aginteen, askotariko gizarte eragileen eta norbanakoen arteko lankidetza etengabe bilatzeak ere izan beharko luke adostasun berrituaren ezaugarri; eta horretarako, formula berriekin batera, adostasunaren baitako jarrera aldaketak ere beharrezkoak izango dira. Bakoitzak bere lan egiteko era izango du, bere esparrua, nahiz eta batzuek asko egin eta beste batzuek gutxi. Ahaleginik txikiena ere onuragarria da. Elkarlanak eramango gaitu aurrera, itxikeriarik gabe jokatzeak.
Adostasuna eta erakundeen eta gizarte eragileen arteko lankidetza etengabe bilatu eta landu behar dira. Euskara biziberritzeko bidean giltzarri ezinbestekoak direla nabarmentzen da etengabe, argi utziz gure eskubideen bermea ahalbidetzeko neurriak ezin direla balizko adostasun baten arabera zehaztu.
Ez naiz konformatzen era horretako pasarteak behin eta berriro aditzearekin... Askotan ematen du diskurtso mailan geratzen direla. Asmoen adierazpen hutsa direla. Beste batzuetan elkarlana bideratzeko modua aurkitu izan dugu...
Iaz 15. urteurrena ospatu zuen Bai Euskarariren proiektuak eta bertan adierazi nuen orain arteko bideak aintzatespen handiagoa behar duela. Aitorpena, babesa eta elkarlana Ziurtagiriaren Elkartearekin eta Bai Euskarariren komunitatea osatzen duten guztiekin.
Elkarlanean sakondu beharko genuke, elkarlanerako borondatea egonez gero. Elkarlana bideratu beharko litzateke orain arte egon diren zailtasunak gaindituta. Elkarrekiko aitortza, egindakoa balioestea, urte hauetako lorpenak babestea eta ekarpena etorkizunerako baliatzea. Urte hauetan zerbait ikasiko genuen, ezta?
Rober Gutiérrez
Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria
Erantzun
Sartu