Asteko albistea izan da adimen artifizialaren (AA) alorrean Anthropic enpresak bere eredu berri indartsuak aurkeztu zituela, eta berehala Estatu Batuetako gobernuak debekatu egin zizkiola. Honen azpian dauden azpi-joko, diru-interes eta abantaila teknologiko estrategikoen inguruan, nekez asmatuko dugu zerbait zuzen esaten, baina gertakarietatik puntu batzuk nabarmentzera ausartuko gara.
Gure buletak jarraian:
- Fable 5 delakoaren iragarpena. Anthropic enpresaren AA produktu ezagunena Claude da (inoiz Sustatun komentatua), baina orain Mythos 5 izeneko azpiegitura bat garatu dute, eta horren isla edo marka erabilgarria Fable 5 izendatu eta aurkeztu zuten joan den astean. Anthropicen arabera, orain arteko AA indartsuena omen.
- Hain da indartsua non badaezpada... Anthropic-ek berak esan zuen hain zela indartsua tresna, non maltzurkerietarako erabili zitekeelakoan, babes berezi batzuk ezarrita dituen, baina gainera, argiki esan zuten hau, erabilpen baldintzetan erabiltzaileen input-a espreski gordeko zuten, okerrik egiten badugu erabiltzaileoi egozteko errua, ez makinari. "Mesedez erabili Fable 5 eta Mythos 5, baina adi, gordeko ditugu zure log guztiak." Ustez Fable 5ekin egin daitezkeen erabilpen okerrak dira, adibidez, eraso zibernetikoetarako sarbidea eskaintzea, nonbait gizakiek aurkitu ez dituzten zuloak topatuko dituelako AAk, eta hori erabiliko omen dutelako gaizkileek.
- AEBetako gobernuaren erabaki bat-bateko bat etorri zen astebururako: hain dela arriskutsua Fable? Ba esportaziorako debekua ezarri zioten. Alegia, Estatu Batuetatik arma jakin batzuk ezin esportatu daitezkeen bezala, ba teknologia batzuk ere ez, eta kasu honetan txat adimentsu moduko bat denez hau, saretik zerbitzua kentzea da "ezin inportatu" horrek dakarrena. Anthropic-ek agindutakoa bete behar izan zuen. Orain negoziatzen ari omen dira, Anthropic-eko buru eta inbertsoreak, eta Etxe Zuriko jauntxoak.
- AEBetako AA produktuak ezin direla erabili herrialde hartatik kanpo? ba aukera irekiko da AA txinatarrarentzat. Izatez, Kimi 2.7 eredu txinatarra amerikarren pare dagoela argitaratu da, eta GLM 5.2 deritzon beste bat ere bai (Zhifu izeneko enpresa batena). Merkeagoak izango dira gainera...
- Txina aurrera doa, bai, baina AEBetako gobernuak duen indarraz jabetu gaitezen. Etxe Zuriaren agindu bat aski da enpresa indartsu batek (Anthropic) moztu dezan zerbitzu baten eskaintza mundu osoan. Eta okurritzen bazaio Donald Trumpi agindu bera ematea Google, Apple edo Microsoft-i? Ormuzko itsasartekoa baino ito-gune indartsuagoa dute hor, munduko ekonomia pikutara bidaltzeko. Gmail eta Google kontuak, iOS eta Android telefonoak, Windows sistema eragiledun sistemak geldiarazi badaitezke agindu soil batekin... Ez dago deskonexio hori, edo eraso tekno-militar hori azken batean, jasan dezakeen herrialderik.
Erantzun
Sartu