Teknologia albisteak

Alex Gibelalde: "Sare sozial bat helbururik gabe irekitzeak ez du zentzurik, eta enpresa gehienek hori egin dute"

Erabiltzailearen aurpegia
2016-01-08 : 13:23

Alex Gibelalde, Google eta Twitterren aritu da lanean, zuzendaritza postuetan. Sortu berri duen Boostit enpresa berriaz eta sare sozialetan enpresek eduki beharko luketen estrategiaz aritu gara berarekin. Urtarrilaren 19an Zamudion egingo dugun Enpresarean Foroan parte hartuko du Gibelaldek (eman izena).

Boostit enpresa sortu berri duzu, transformazio edo eraldaketa digitala proposatzen duzu bezeroentzat. Zein metodologia proposatzen duzu eraldaketa digitalerako?

Boostit urrian jaiotako proiektu pertsonal bat da (boost it, ingelesez “bultzatu”). Azken hamar urteotan guztiz digitalak diren enpresetan ibili naiz, eta azken aldian hemengo enpresa zein instituzio askok transformazio digitala egitea nahitaezko arloa dela ikustean, nire ezagutza lagungarria izan daitekeela konturatu naiz.

Enpresa bat benetan digitalizatzeko hiru arlotan lan egin behar da, eta horretarako metodologia espezifiko bat sortu dut. Alde batetik gure bezero digitalaren esperientzia sakontzen lan egin behar dugu (bertako arlo garrantzitsu bat marketin digitala izango litzateke); bestetik, negozio eredu berriak garatu edo arlo digitalean egin dezakegun negozioa aztertu; eta azkenik, enpresaren barneko lan egiteko moduak digitalizatu.

Marketin digitala entzuna dugu eta dagoeneko enpresa asko ari dira horretan, baina beste bi arlo biltzen ditu zure metodologiak. Zein dira bakoitzaren ezaugarriak?

Alde batetik, negozio eredu digitala: Enpresa guztiek ezin dute salmenta zuzen bat garatu, baina zertan lagundu dezake teknologia digitalak? Agian bezero berriak gerturatu ditzakegu, negozio modelo berriak garatu edo konpetentziari aurre egin hausnarketa sakon bat eginda. Adibidez, taxilariak hasi ziren mugitzen Uber eta antzerakoak merkatuan zeudenean; eta mugimendu hori aurreikusi izan balute? Hausnarketa sakon bat egitea nahitaezkoa da etorkizuna bermatzeko.

Beste aldetik, Enpresa Digitala deritzoguna barnetik eraikitzea nahitaezkoa da. Benetan transformatu nahi badugu, erakunde hierarkikoak alde batera utzi eta benetan digitala den enpresa horizontal baterantz jo behar dugu. Enpresa digitaletan malgutasuna eta konfiantza sustatzen da, kolaborazioa, langileen ongizatea, produktibitatea eta motibazioa garatuz. Horretarako, teknologia digitalak oso lagungarriak dira.

Sareko marketina enpresa guztiek egin beharrekoa da? Profil jakin bat behar da?

Sare sozialak masiboki erabiltzen dituzte milioika pertsonek. Horrenbestez, gure bezeroak bertan badaude, guk ere sareetan egon beharko genuke. Garrantzitsuena da lehenik gure helburuak ezarri eta gero estrategia bat finkatzea eta jarraitzea. Sare sozial bat inongo helbururik gabe irekitzeak ez du zentzurik, eta enpresa gehienek hori egin dute.

Marketin digitalean hasterakoan lehenengo mugikorretara egokitutako webgunea izan behar dugula diozu. Zergatik?

Gaur egun, estatuan % 81ek smartphone bat darama sakelan eta, gehienek mugikorra erabiltzen dute mezuak bidali edo Interneten sartzeko. Gure webgunea bertara egokitua ez badugu, zertarako sareetan egon? Erabiltzaileari esperientzia txar bat eskainiko genioke horrela jokatuz gero.

Interneti esker (edo Interneten erruz) marketina ere globalizatu da. Badirudi Interneten ingelesez ez bazaude ez zarela ondo ari. Zein garrantzia dute hizkuntzek (eta bereziki euskarak) sareko marketinean?

Enpresaren helburua bezeroekin komunikatzea da. Horretarako, hauek hitz egiten duten hizkuntza mintzatu behar dugu. Euskal Herrian torlojuak saltzen dituen enpresa batek zertarako aritu behar du ingelesez?

Bestalde, Internetek ere mundura irekitzea erraztu du eta hizkuntza global bezala ingelesa erabiltzen denez, eduki asko hizkuntza horretan argitaratzen dira.

Euskarak, besteak beste, bereizteko balio du, komunitatea sortzeko, baina badirudi enpresa askok ez dutela Interneterako hizkuntza bezala ikusten. Baduzu ematerik arrakasta kasurik euskara sareko marketinean darabilen enpresaren batena?

Nire esperientzia pertsonaletik, Interneteko euskal komunitatea gutxiesten dugula iruditzen zait. Bai Googlen edo Twitterren egon naizen urteetan, euskal komunitateak indarra duela ikusi dut. Horregatik, itzulpen plan gehienetan, euskarak bere lekua dauka eta plataforma gehienek euskarazko bertsioak argitaratu dituzte.

Euskal enpresa askok ere, beren bezero euskaldunekin komunikatzeko sareak eta webguneak dauzkate. Adibidez, PuntuEus-ek izan duen harrera oso indartsua izan da. Euskara Interneten ere normalizatzen jarraitu behar dugu, baina hainbat arrakasta kasu badaude bai zerbitzu edo enpresa industrialetan.

Erantzun

Sartu