Teknologia albisteak

Ilaski Serrano: “Aisialdia euskaraz egon behar da. Kupoa jarri behar dela? Ba kupoa jartzen da!”.

Erabiltzailearen aurpegia
2013-02-08 : 16:46
Bisita hasteko ia zuzenean jo zuen Ilaskik Laboa eta Arestirengana, “ze ondo sentituko gara hemen”. Horiek dira Badu Badak kultura munduko pertsonei egiten dien lehen bi erreferentziak.

Baina ez ezazue, baina ez ezazue, baina ez ezazue, ez ezazue tapa gizonaren ahoa. Hitzaz balia dadin, hitzaz zerbitza dadin. Honela konpreni dezazuen zertarako jaiotzen den mundura. Gabriel Aresti

Hizkuntza, magia, boterea

“Ze ona eta ze gogoeta berdina egiten dudan nik hemen. Gauzak gertatzen zaizkigu bizitan eta hori pasatzen denean ikasi egiten dugu, ikasteko jaiotzen gara mundura; eta bada momentu bat ikasitakoa transmititzeko beharra sentitzen duguna, hori hizkuntzaren bidez egiten dugu”.

Hizkuntza hitzari tiraka jarraitu zuen. “Hizkuntza oso hitz zabala da… 1000 definizio eduki ditzake baina neretzako magia txiki bat da, gizakiak sortu duen magia txiki bat…”

Galdetu izan diote Ilaskiri definitzeko zer den beretzat euskara, lan zaila iruditzen zaio hori, baina irratiak eman zion gakoa. “Behin idazle bati irratian entzun nion, -ez zen euskalduna, eta ez dut gogoan nor zen-  gure txikitasunean oso boteretsu ginela euskara izateagatik, eta ados nago”.

Euskara norberaren bizi-eboluzioarekin konparatu zuen Ilaskik. Ni babestu egin behar naiz, hasi, ikasi, ingurura moldatu lan egin… eta hori guztia naiz ni. Eboluzio horren ondorio gara gutako bakoitza. Berdin euskera. “Hori naiz ni, eta horrek boteretsu egiten  nau”.

"Lanean segi behar dugu atzerapauso txikiena eman gabe"

Eskuan kiribilduak zituen paperak atera eta “Kike Amonarriz, nere nobixuak” idatzitako artikulu batean oinarrituta, datu esanguratsu batzuk ekarri zituen Badu Badara, erakusteko ez garela hain txikiak.

Munduko hizkuntzen artean hiztun kopuruari dagokionean euskara 500. Postuan dago gutxi gora behera. Baina, hizkuntzaren garrantziari dagokionean (eta horretarako beste faktore batzuk hartzen dira kontuan: egin diren itzulpenak, ofizialtasuna, lehen hizkunztza gisa zenbatek duten, presentzia interneten…) euskara 51. postuan dago.

“Oso datu positiboak dira. Txikiak gara, baina munduan txikiagoak diren asko daude, eta gure antolakuntza ez duten asko. Baina hor segi behar degu, hori bai, atzerapauso txikiena eman gabe. “Ez dugu ahaztu behar hemen genozidio kulturala egin dela, eta ezohiko egoera asko bizi izan ditugula”. “Baina egoskorrak gara eta horregatik egin dugu aurrera” gehitu zuen pubikoko batek.

Beste entzule batek esan zuen “eman diren pauso horiek jende askoren lan gogorrari esker” izan direla. “Hala da” arrazoi eman zion Ilaskik, “nire gurasoen belaunaldikoek egindako lanari eutsi behar diogu” eta bisitan aurrerago esan zuen bezala “lan handia kostatu da gauzak lortzea, ni oso kontziente naiz nere gurasoek egin  duten lanaz, baina jabetuko al dira nere ilobak?” kezka formako galdera utzi zuen airean.

Izatearen eta hizkuntzaren arteko lotura urraezina.

Laugarren aretoa haundia da, baina Ilaski, Cervantesen post it batean geratu zen eta hunkituta egin zuen aipuaren intrerpretazioa. Hala dio pos it-ak:

Homero handiak ez zuen latinez izkiriatu, grekoa zelako; ez eta Virgiliok grezieraz ere, latindarra zelako. Azken finean, antzinako poeta guztiek esnetan edoski zuten hizkuntzan izkiriatu zuten, eta beren kontzeptuen goratasuna azaltzeko ez ziren atzerriko hizkuntzen bila joan; eta hau horrela izanik, arrazoizkoa litzateke ohitura hau nazio guztietan hedatuko balitz, eta aleman poeta ez gaitzestea bere hizkuntzan izkiriatzen duelako, ez gaztelaua, ez eta berean izkiriatzen duen bizkaitarra ere. Miguel de Cervantes.

Hemendik abiatu zen Atxagaren Soinujolearen semea Badu Badara ekartzeko ere. Labur esanda, hor kontatzen da, Ameriketara joandako euskaldun batek bere egunerokoa, biografia, euskaraz idatzi zuela, jakin arren ez emazteak eta ez alabek ez zutela ulertuko, euskaraz ez zekitelako. “Baina pertsonaiak esaten duen bezala, ni neu ulertu behar nauenak euskaraz ulertu behar nau, ederra da”. Izatea eta hizkuntzaren arteko lotura urraezina. (Iñaki Perurenaren jarduna etorri zitzaigun gogora bertan ginen batzueri).

Galdera bota zuen, “zuek zein hizkuntzatan idazten duzue diarioa?”

Ildo horretatik, bosgarren aretoan dagoen Hasier Etxeberriaren aipu batek bermeotarraren atentzioa bereganatu zuen. Hau baliatu zuen aurretik hasitako ideiarekin jarraitzeko. Hizkuntza da nortasuna dakarrena, eta bere jatorri eta ahaide ziurrak ez ezagutzeak, ezinegona ez baina jakin-nahia eragiten du, besterik ez bada. Hizkuntza zurtza da oraingoz euskara Europaren bihotzean.

“Determinismo linguistikoak dio, asko asko laburtuta, gu gure hizkuntza gerala. Hizkuntzek ematen diguten mekanismoek egiten dutela gure izaera, tresna horiek definitzen gaituzte, eta hori ederra da”. “Hizkuntzek erakusten digute nola moldatzen garen ingurura, ez da dena biologia.”

Euskararen misterioa iraupena izango da baina Ilaskik jatorriaren berri ere eduki nahiko lukeela aldarrikatu zuen.

"Txinan arinago ikusiko da ETB Nafarroan baino"

Hizkuntzen misteriotik errealitate gordinenera egin zuten jauzi aretotik aldatzearekin. Euskal Herriaren mapa zatitua erakusten da seigarren aretoan.

“Zatiketa hau terriblea da, hau gainditzeko zubiak eraiki behar ditugu”. Hala ere, eta era sinbolikoan bada ere, ekimen batzuek muga horiek gainditzen dituzte Ilaskiren ustez. Korrikak, esaterako. “Duela gutxi irakurri dudan liburu batean Teresa del Vallek dio zergatik den arrakastatsua Korrika. Sinbolo bat delako. Zerbaitek lurralde osoa pasatzen du, amankomunean hizkuntza duena, eta horrek komunitatea sortzen du”.

Baina mapak errealitate “terrible” gehiago iradokitzen dizkio Ilaskiri. “Hemen (Nafarroa iparraldeko puntu bat seinalatuz) atzo ez zen ETB ikusten. Ikusten den lekuetan ere, egun batean ikusten da eta bestean ez, eta ez zaio inori inporta, posible da? Txinan arinago ikusiko da ETB Nafarroan baino. Antena bat jartzeko sekulako dirutza… eskandalugarria da. Ez da ulertzen. Telebistan 100 kate dauzkagu gaur egun eta Euskal Telebista ez? Azaldu hau kanpoko bateri!”

Kupoa jarri behar dela? Ba kupoa jartzen da

Badu Bada lehengoz ikusi zuenean, erakusketak euskaldunaren inguruan ematen duen soslaiak harritu zuen gehien: gaztea, hiritarra eta eleanitza. Egia da eredu euskalduneko hezkuntzari esker dagoela datu hori, baina hari horri tiraka aisialdia euskaraz egoteko garrantzia aipatu zuen. “Eskolatik ateratzean antzerkia euskaraz egon dadila, zinea euskaraz… Kupoa jarri behar dela? Ba kupoa jartzen da. Frantzian badago kupoa.”

Bi areto eskaintzen dizkio Badu Badak gozamenari, euskarazko aisiari eta sorkuntzari, eraskusteko badagoela zerekin gozatu euskaraz. Eta Ilaskik ere euskaldunok gurea sortu behar dugula aldarrikatzen zuen. Euskaraz eta euskaldunen ikuspegitik.

Tinko agertu zen Ilaski bere iritzietan eta euskeraz bizitzea hautu duela argi geratu zen. Bihotzetik egin zuen bisita eta emozioz eta pasioz kontatu zituen bere bizipenak. Plazerra izan zen.

Erantzun

Sartu