Bisita gidatu bereziekin hitzordua izan zuen atzo Badu Badak. Bisitariak erakusketa Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolarien begietatik eta bihotzetatik ikusteko aukera izan zuen. Zapietan puntual bildu ziren denak Badu Badako erakusketako sarreran eta, bertsolariek ohi duten gisara, agur bana botaz hasi zuten jarduna. Hara, Maialenena:
Arratsalde on lehenbizi
ta erlajazatu zaitea
ia denok lotzen dugun
erakusketan katea
gure hizkuntzaren hotsa ia bada
mezu bat bete betea
espero degu gure hitzak ere
zer esana izatea
Eta izan zuten, bai. Hemen lagin txiki bat.
Euskara mundu eleanitzean kokatzen du erakusketako laugarren aretoak. Hor, 200.000 hiztunetik gora dituzten Europako hizkuntzei ateratako argazkia erakusten du Badu Badak. Zapaitik zintzilikatutako bolez irudikatzen dira hizkuntzak eta bada bat, gorria eta argitsua dena: euskara.
M. Lujanbio
Askotariko ta koloretsu
europar hizkuntzen dantza,
diametroak ta radioak
alderatzen du balantza.
Euskera hemen hor argi gorriz
irudikatu da antza
bizi grina edo larritasuna
hori da nere zalantza.
A. Arzallus
Nahiz eta gure laino bakartzat
hartu ohi dugun euskera,
ikasi nuen nik frantses piskat
badakit zuk gaztelera.
Ta euskaldunen egoera hau
osasungarri ote da,
zein arraroa bizi beharra
lau zirkulotan batera.
Europako hizkuntzen bilakaera erakusten duen areto ilunean ere aritu ziren bertsotan; Harkaitz Canok Misterioaren Kripta deitu zion horretan. Koldo Mitxelenak esandakoa da ardatz hor: “Euskararen egiazko misterioa iraupena da, ez jatorria”. Jatorriari ez, baina iraupenari aurkitu zioten Arzallusek eta Lujanbiok arrazoiren bat.
A. Arzallus
Hara Europako hizkuntza zaharren
bilakaeren egia.
Aurpegi zabal honen erdian
euskarak bere begia.
Joan zen latina, arabiera,
mila hizkuntza, alegia.
Ta leku hortan ikus liteke
gure egoskorkeria.
M. Lujanbio
Genetikoa izango da ta
hori urtetan bete da.
Petraletikan harago ere
beharko degu atera.
Arabiarra hegoaldetik
inglesak hemen erdera.
Mapa hau ze izango ote da
hemendik mila urtera
M. Lujanbio
Urte luzetan beti izan da
bizi beharraren karga.
Egoskorkeri horrek piska bat
itsi gaitu gu behar ba.
Baina aurrera begiratu nahi,
nahiz iragana ez laga.
Iraupena bakarrik ez hemen
bizi ere egin behar da
Euskaldunaren soslaia ematen da seigarren aretoan (Euskal Herria Euskaldunak). Horren arabera, gaztea, hiritarra eta eleanitza da euskalduna. Nork begiratzen dien, edo nondik begiratzen zaien, datu horiek ez ditu bisitariak konforme uzten. Amets Arzallusek Lapurditik begiratuta holaxe bukatu zuen lehen bertsoa: “ Baina nik nere begiraleku / bakarra baitut hendaia / iparraldean euskarak ohi du / baserriaren paiasaia”.
Eta horrela osatu zuen bertsoaldia:
Baina piskana baserri horiek
kostara joan ziren husten.
Euskara ere hala joan zen
bere presentziz biluzten.
Trasmisioan kateak nola
askok huts egin zituzten.
Gaztearekin ez nago ados
gazteak doaz frantsesten.
Ni ere ia ez naiz ispiluan
lehen bezain gazte ikusten.
Eta azkena eleanitza
ireki guretan goren.
Unibertsalak bihurtzen gara
lau mintzo jakin ondoren.
Baina aldea dago bakoitzak
zer mintzo duen ondoen.
Ta lau hizkuntza dakizkin hori
nahiz oso jantzia omen.
Geure herriko izan gaitezen
munduko izan baino lehen.
Herri borondatea eta ahalegina aipatzen dira zazpigarren aretoan. Hein handi batean herritar anonimoek urtetan egindako lan isil eta gogorrari esker lortu baita (eta lortzen ari baikara) euskal komunitatea sortzea. Esfortzu hori goraipatu zuten Maialenek eta Ametsek, baina beste batzuengan jarri zuten ardura:
M. Lujanbio
Kazkabarra dator
goitik eta behetik,
Baina edari gutxi
Erakundetatik,
politikoen hitzak
saldoan datozkit,
erabili egiten da
sentitu ez dakit
A. Arzallus
Sentitzea Maialen
ez den ez jolasa,
utzi politikoak
ekin geure kasa,
diru bilketa baita
mintzoa solasa.
hor ere poltsa dator
bota eta pasa.
Bideo honetan laburtzen ditu erakusketak elebiduna denak bizi ohi dituen egoerak. Estrés linguistikoa deitzen zaio horri eta Maialenek eta Ametsek paregabe jarri zituzten bertsotan, euskaldunon buruetatik mikrosegundu batean pasa ohi diren pentsamenduak. Hemen ale batzuk:
Beti asmatzen ez dugun arren, itxuran fijatzen omen gera maiz, lehen hitza euskaraz, gazteleraz edo frantsesez egiteko.
A. Arzallus
Pentsa ezazu nere aurrean
egokitzeko aukeraz.
Nere belarri zabaltasunaz
ta sudurraren luzeeraz.
Nerekin behintzat ez da dudarik
badakidala euskeraz.
…
Baina Maialen inoiz joan zara
zu zeu azoka batera.
Ta saltzailea beltza denean
sortu liteke aukera.
Ez ote zaizu oharkabean
gaztelerarik atera.
…
Esalditxo bat gelditzen zaigu
gauza ondo joan dedin.
Nahiz eta izan belarri motza
sudur luze aurpegi fin.
Beltz edo gorri hemen nornahiri
haseran euskeraz egin.
Hizkuntzen arteko bizikidetzaz Maialenek utzitakoak
Horrek horrela behar luke baina
ez da beti hola, hara:
Isiltasuna seinalea da
hitz egitea euskara.
Eta erderaz hitz egitea
hori elkarbizitza da
…
Askok AEKn sartu ezkero
hartuko lukete poza.
Intelektual jende asko da hemen
baina intelektual motzak.
Kanpokoakin maiteminduta
eta etxekoaz lotsa.
Agurren ataria disko, liburu eta ikusikizunen azalez betetako aretoa da. Euskal kulturan murgiltzeko gonbitea.
M. Lujanbio
Urtetan egondu da musika mugimendu zalaparta,
ibil kontu Juan Carlos Perez zapaltzen ari zera ta.
A. Arzallus
Juan Carlos Perez nere hankapean zapaldu behar debalde,
pena gehio ematen dit zapaltzea Etxamendi ta Larralde
…
A. Arzallus
Baina nik Karidadeko Benta ikusi dut de repente,
Maialen gu gabiltzan lekutan Jon Maia beti presente.
M. Lujanbio
Karidadeko Benta juan zan bere aroa zun bete,
baina Gorka Knörr itzuli bada hori’re itzul liteke.
…
M. Lujanbio
Sorkuntza zabala eta ona bistan dagoen bezela,
nork esan zuen euskal kultura ezinean dabilela.
A. Arzallus
Hau da Durangoko azoka bat ekarria panelera
orain idazlea sartuko da liburuak sinatzera.
Bertsotan egiten dio Badu Badak agurra bisitariari. Maialenek berak propio erakusketarako prestatutako bi bertso entzun ditzake bertan bisitariak, baita berak hautatuako bost bertso ere (Unai Iturriagak, Lazkao Txikik, Amets Arzallusek, Manuel Lasartek, Jon Sarasuak han eta hemen kantatutakoak).
Esan liteke beraz, erakusketak eta bisitak bat egin zutela azken unean. Hemen bisita bereziko saioan egindako agur bertsoetako batzuk.
M. Lujanbio
Ta euskeraren ibilaldia
gaurkoz hemen degu bete.
Orain kalera irtengo gera
realidadean menpe.
Agintari nahiz biztanleengan
ai euskarak zenbat neke.
Gazteengan eta ikasleengan
ere ikusi liteke.
Koherentzia zaila dagola
eta aitzakiak merke.
A. Arzallus
Hara zenbat gauz egin litezken
euskara indartu dedin.
Kamiseta bat (behintzat) saldu
ta zernahi diruarekin.
Museo bat egin liteke
hemen dagon honen berdin.
Baina Lazkao Txikik ziona
nik horixe dut atsegin.
Euskeran alde zer egin behar da?
Lenengo behintzat hitz egin.
M. Lujanbio
Nik ere berdin eskerrik asko
hurrengora arte adio.
Entzun dezute arreta haundiz
entzun dezute serio.
Hemen jendeak euskerarekin
badu nahiko amodio.
Baino ai gero mingainari hola
eragingo bagenio.
Euskaran alde egoteak ia
ez du batere balio.
Erantzun
Sartu