Teknologia albisteak

Zazpiak Batmanek jarri du martxa Badu Badaren errota

Erabiltzailearen aurpegia
2012-11-21 : 14:07

Zazpiak Batman zikloia pasa zen atzo Badu Badatik, eta beren arrastoa utzi zuten erakusketan. Ondo utzi ere. Denon ikusgarri.

Asisko Urmeneta eta Antton Olariaga errotuladorea eskuetan eta, Kike Amonarriz xaxatzaile ofizial lanetan, martxan jarri zituzten bertaratutakoen errotak (errota martxan jarri=buruari eragin, Olariagaren hiztegian).

Izan ere, nork esan du ezin dela euskaraz iraindu edo ligatu, ezin dela euskaraz sexu proposamenik egin edo itxura fisikoak deskribatu? Ez da egia euskara “biraorikan ez duen hizkuntza garbia” denik, Urretxindorrak taldeak kantatzen zuen bezela.

Teoria hori airetik bota zuten hirurek. Euren espezialitatea baita hitzak asmatzea. Izan ere, beharrra sortzen denean “hizkuntza interbenitu egin behar da, beti interbenitu den bezela” erreibindikatu zuen Asiskok. Aitortu zuten, hala ere, euren hitz bilduman asko direla Euskal Herriko bazterretan entzundakoak eta irakurritakoak. Ostutakoak, nolabait.

Lapurtutako horietako bat da Sopelako haur batek erabilitako “txikiskulak” eta “handiskulak”, minuzkulez eta maiuskulez hitz egiteko.

Maskaretomantziak dio (aurpegiak deskribatzen dituen “zientzia”), esaterako, begiputo dela zapo begiak dituena. Kalean mutil ederra ikusi eta “ondoindakua” esan genezake edo “txupasusa” (goxokia eta makila). “Atso puska” bota dezakegu, berriz, neska ederra ikusiz gero. Bertsio unisexak ere bota zituzten: “etxerako modukoa”, “ordubeteko saioa” edo “narruzkioke” (larrutan egingo nuke) esaterako…

Eta nork esan du ba ezin dela euskaraz iraindu? Potroximel, alumerke, txortenmotx… ez al dira ba euskara? Are gehiago, euskarazko SMS bidezko irainak proposatu zituzten. Adibide gisa: *j* “potroximel” litzateke eta hbh (i) “hi bai hi alua”.

Beraz badaude euskarazko iraina eta piropoak. Belarriak irekitzea eta errota martxan jartzea besterik ez da behar.

Badu Bada from Donostia Kultura on Vimeo.

Erantzun

Sartu