Teknologia albisteak

Itzulpen automatikoz egindako azpidatziak, tresna berria, aproba batzuk

Erabiltzailearen aurpegia
2023-06-25 : 12:46

**eguneraketa abendua 2023**: hemen aipatzen den Zitalen tresnak helbide berria du: https://itzultzaile-neuronala.zital.eus/ 

Euskal hacker saiatu batek, Zitalek, azpitituluak (SRT formatukoak) eta beste elementu batzuk itzultzeko tresna praktiko bat jarri du sarean, Jaurlaritzaren Itzuli itzultzaile neuronalarekin lotzen dena. Jakinarazi zitzaigun hor zegoela tresna, eta probatzeko aukera eskaini: hiru hizkuntzatatik (ingelesa, frantsesa eta gaztelania) hiru aproba egin ditugu, TitanicNavalny eta Blackfish filmekin (fikzio historiko bat eta bi dokumental), eta emaitzak denen eskura utzi, nork bere ondorioak atera ditzan.

Hauxe da tresna: https://itzultzaile-neuronala.zital.freemyip.com/

SRT fitxategi bat irekitzen baduzu, bere edukia kopipegatu behar duzu ezkerreko alderdi gorrixkan, bertako testuaren gainetik hori ezabatuz:

Aukeratu itzulpenaren norabidea eta sakatu. Lasai, 5 eta 10 minutu artean har dezake. Emaitza agertuko da azkenean eskumako aldean, sinkronizazio berarekin, eta errepasatu eta editatzeko aukerarekin.

 

Praktikan testatzeko tresna, hiru film hartu ditugu. Titanic 1997ko klasikoa, aste honetan gertaerek gogora ekarri digutena, gaztelaniatiko SRT batetik itzuli dugu. Blackfish preso dauden orka edo ezpalartei buruzko 2013ko dokumentala, frantsesetik ekarri dugu. Eta azkenengo Oscarretan dokumental onenaren saria hartu zuen Navalny, Errusiako politikaren ingurukoa, ingelesetik itzuli dugu.

Hiru kasuetan, filmen fitxaren ondoan, Azpitituluak.eus-en, jatorrizko erdarazko fitxategia ere jarri dugu. Zuzenketarik gabe igo ditugu, ez da ukiturik egin batere, asmo esperimentalez amitza bere horretan partekatzea erabaki baitugu. 

Tresna ondo dabil, alde horretatik praktikoa da oso. Itzulpenaren aldetik, Itzuli ez dago, oro har, prestatua. Emaitzak zuzenketa asko behar ditu... ulergarri egiten da oro har, gehixeago dokumentalen kasuan, baina zuzen ez dago inondik inora. Itzultzaile humano batek goitik behera errepasatu beharko luke emaitza. Zenbat lan da hori? %30 aurrezten dio? Ez dakigu. Arriskutsua dirudi pronostikatzea ere "honek itzultzaileei lana aurrezten die" esatea, arriskua baitago lan baldintzak murrizteko aitzakia izatea itzulpen automatikoaren presentzia. Alderantziz, uste dugu hiru adibide hauekin, izatekotan, kontrakoa demostratzen dutela 2023 honetan: giza-lana ezinbestekoa da azpidatziak itzultzeko. Adibide parea aipatzeagatik, ingelesezko You plurala beti singular ematen du Itzulik, eta orkei buruzko dokumentalean (frantsesetik) ez duzue orka edo ezpalartarik irakurriko, baizik eta balea hiltzaileak, orkoak (sic) eta epaulard itzuligabeak... 

Tresnari dagokionez, zorionak Zital. Hemen dago kodea, libre, Github-en. Hobekuntza posibleak okurritzen zaizkigu, batez ere emaitzak ikuskatzerakoan haiek gorde eta lantzeko aukera gehigarriren bat... kodea irekita dagoenez, garatzaile posibleen esku hori.

Gainerakoan, hortxe tresna interesgarri bat, https://itzultzaile-neuronala.zital.freemyip.com/ ez bakarrik SRT azpitituluak itzultzeko, baita formatu luzeko testu hutsa, XML kodea, eta .po lokalizaziorako fitxategiak. Eskerrik asko, Zital.

Amaitzeko, fotograma batzuk:

Orkoak ez, orkak.

Erantzun

Sartu