Teknologia albisteak

Fantasia filmikoan oinarritutako produktu teknologikoak (Palantir, Nexus, Soylent...)

Erabiltzailearen aurpegia
2015-05-12 : 10:54

Euskadi Irratiko Amarauna saiorako prestaturiko interbentzio batetik, hona zenbait film eta produkturen erreferentzia. Film edo liburuetako fantasian agertutakoak, gaur egun produktu teknologikoen marka-izenak direnak. Hiru adibidez zehatzekin: Nexus, Palantir, eta Soylent.

Nexus, elektronika aurreratua

Adibide dagoeneko klasikoa Nexus produktuena da. Android sistema optimizatua duten telefono mugikor eta tablet berezituen marka da, Googlek sortua, nahiz eta hardware-egileak desberdinak diren (LG, HTC eta beste).

Eta izena, Blade Runner filmetik hartu zuten, hain zuzen. Han agertzen diren erreplikante edo robot humanoide indartsuak (iraungitze data dutenak), Nexus markakoak dira. Horixe konexioa.

Izatez, filmeko kronologia bete izan balitz, dagoeneko Nexus robot humanoideak inguruan izan beharko genituzke, Blade Runnerren iraungitzen direnak 2019. urtean baitaude.

Palantir, iragartzeko gaitasuna

Eraztunen Jaunaren trilogian, Palantir harriak ikuskatze-harriak edo igarle-harriak dira. Saruman azti zuriak bat dauka Isengard-eko bere dorrean, eta haren bitartez, Sauronen begiarekin konektatzen da. Harriaren bidez ikusten dena, Sauronek ere ikusten du...

Eta, bestalde, Palantir Technologies enpresa dugu, 2003an sortua. Ez beharbada ezaguna kontsumitzaileen artean, baina bai inbertsio teknologikoen munduan, balorazio ikaragarriak lortu dituelako eskura omen duen teknologiagatik eta bezero-zerrendarengatik.

Eta zer egiten du Palantirrek? Harriek bezala, ikuskatu eta iragarri, baina kasu honetan datu multzo ikaragarrien artean, ezagutza arakatzeko gaitasuna duen zerbait omen da Palantirren teknologia. Sorburua du enpresak Paypal ordainketa-enpresan iruzur-zantzuak igartzen zituzten sistemetan. Datu-prozesaketa masiboetan, ordainketa txiki askotan iruzurra egon zitekeela aurrikusteko gauza izan ziren, eta hartan zebiltzan ingeniari batzuek erabaki zuten gaitasun hori beste alor batzuetan ere erabil zitekeela. Adibidez, inteligentziaren arloan: diotenez, Bin Laden harrapatzeko ere erabili zen Big Data prozesamendu masibo hau, Palantirrek egina (auskalo: marketin jokaldiaren itxura du istorioak).

Soylent, janaria

Azkenik, akaso kasurik bitxiena. Soylent Green distopia futuristan, Charlton Heston-ek elikadura-baliabiderik gabe geratu den mundu batean zabaldu den Soylent Orlegia zer den deskubrituko du: gizaki birziklatuak, biskotxa bihurtuta, gizakientzako janari...

Ba, hara, enpresa teknologiko batek "janari tekonologikoa" egitea erabaki du, eta Soylent jarri diote izena enpresari eta produktuari.

Irabiaki itxurako gauza grisaxka horrekin, zure elikadura behar guztiak beteko dituzu, diotenez. Ez da txantxa, eta gainera, Silicon Valleyko inbertsore teknologiko handienen babesa ere lortzen ari dira, adibidez aurten bertan 20 miloi dolar Andreessen Horowitzek jarriak.

Hortxe, bada, hiru adibide majo, eta filmak, gainera, euskaratuta Azpitituluak.com-en.

Erantzun

Sartu