Teknologia albisteak

JOKOTEKNIA, euskal bideojokoen jardunaldia

Erabiltzailearen aurpegia
2018-04-12 : 13:25

JOKOTEKNIA, Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldia da. Jardunaldi honen helburua, bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da.

Lehenengo edizio honetan, Jokotekniako antolatzaileek euskal bideojoko industriaren aditu, ikasle eta jokalariak elkartuko dituzte, egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egiteko eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten ere saiatuko dira.

JOKOTEKNIA jardunaldian parte hartzeko honako hauek gonbidatu dituzte: Iker Álvarez Castellanos [Pokemon, Japonia], Txus Ordorika, Cristian Rodriguez Landeira [Euskal Encounter], Carlos Coronado Muñoz [Pantumaca], Julen Zaballa García eta DigiPeneko Arantzazu Martinez Ugarte, Laura Barrenengoa Clemente eta Andoni Alonso Lizarralde.

Halaber, egitasmoaren arduradunek  CodeSyntaxekin elkarlanean jokoteknia.eus webgunea garatu dute eta bertan, egitaraua, hizlariei eta jardunaldiari buruzko informazio interesgarria  zintzilikatu da.

Doako jardunaldia izanik aurretiaz izena ematea gomendatzen da, plaza-kopurua mugatuta dagoelako eta bertaratuko direnei eskainiko zaien arreta hobetzeko. Izena emateko, jokoteknia.eus webguneko izena emateko atala bete behar da.

JOKOTEKNIAren lehenengo edizioa, maiatzaren 12an, larunbata, goizeko 09:00etatik 14:00ak arte, Azkuna Zentroko Bastida aretoan burutuko da.

JOKOTEKNIA Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak elkarlanean  antolatutako jardunaldia da eta CodeSyntax-en eta DigiPen-en laguntza izan dute prestaketa lanetan.

 

Hona hemen JOKOTEKNIA lehenengo edizioaren egitaraua:

09:15 LOKALIZAZIOA EDO ITZULPENGINTZAREN BOSS STAGEA

Iker Álvarez Castellanos [Pokémon, Japonia]

Lokalizazioaren ezaugarri orokorrak eta itzulpen(huts)arekiko ezberdintasuna tratatuko ditut. Japoniako lokalizazio industriaren egoera. Lokalizazioaren bilakaera eta azken aldiko joerak. Q&A, zaleen galderak: industriarako sarbidea, prestakuntza teorikoa eta horren beharra…

09:50 BIDEOJOKO GARAPENA: THE GOOD, THE BAD, THE UGLY

Txus Ordorika  [Garatzaile ohi eta jokalaria]

Hitzaldian industriaren egoera birpasatuko dugu, kontsumitzaile bezala eta zer egin dezakegun garatzaile bezala etxean daukagun hardwarearekin.

10:25 EUSKARAREN ZENBAKI ARAZOAK

Cristian Rodriguez Landeira [Euskal Encounter]

Bideojokoak euskaraz ateratzeko dauden arazoei begirada bat. Batez ere euskarak daukan arazorik handiena gaur egun hain garrantzitzuak diren zenbakiak ez dituela. Horren inguruan eta beste hizkuntzen adibideekin ikusiko dugu nola dagoen eta noraino heldu beharko litzatekeen posible izateko.

11:00 DEL LOCAL AL GLOBAL: BENEFICIS D'IMPLEMENTAR EL EUSKERA I CATALÀ EN INFERNIUM

Carlos Coronado Muñoz [Pantumaca]

Zergatik den garrantzitsua (eta ekonomikoki bideragarria) maila globalean argitaratzen ditugun bideojokoak Euskara, Galegoa eta Katalana bezalako hizkuntzei babesa emanez aberastea.

11:35 ATSEDENALDIA

12:10 EUSKAL BIDEOJOKOEN HASI-MASIAK

Julen Zaballa García [El Crisol]

Bideo-jokoak dira gehien fakturatzen duen entretenimendu-industria: 108.900 milioi dolar, Newzoo enpresak 2017 argitaratutako txostenaren arabera.

Txina eta Estatu Batuak postu gorenean daude. Espainiar Estatua, berriz, zortzigarrenean. 2016an, Espainiako bideo-jokoek 1.163 milioi euro fakturatu zituzten. Autonomia Erkidegoei erreparatuta, Madril eta Katalunia dira historikoki ekoizle gehien biltzen dituztenak. Euskadi, ordea, bosgarren postuan dago, hau da, Estatuko bideo-joko sortzaileren % 7a gurean bizi da.

Zer nolako garapena izan du euskal bideo-jokoen alorrak azken 30 urteetan? Industriatzat jo dezakegu ala hasiberria baino ez da?

12:45 MAHAI-INGURUA: NOLA IKUSTEN DUZUE EUSKAL HERRIAN BIDEOJOKOEN INDUSTRIA?

Arantzazu Martinez Ugarte, Laura Barrenengoa Clemente, Andoni Alonso Lizarralde [DigiPen].

Aukera bikaina izango da bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendea elkar ezagutu, ideia berriak hartu eta sinergia berriak sortzeko.

Erantzun

Sartu