Teknologia albisteak

Blogetan! Euskal Blogariak lehian 2.edizioko blog finalistak!

Erabiltzailearen aurpegia
2017-03-14 : 12:13

Azkue Fundazioak, Argia aldizkariaren laguntzarekin, bigarrenez antolatu du lehiaketa hau eta blogak bozkatzeko epea bukatuta, epai-mahai eta publikoaren artean edizio honetako finalistak aukeratu dituzte.

Blogetan! Euskal blogariak lehian bigarren edizioa

Euskarazko blogarik onenak nabarmendu eta saritzea helburu duen lehiaketa honetan guztira 129 blogek parte hartu dute aurten.

Lehiatzen dauden 129 horiek aztertuta, aniztasuna nabarmena dela ikus genezake: kultura arlokoak nagusitu dira kopuru aldetik, 58 blog esleitu baitira kategoria honetan. Eta honen barruan, arlo askotarikoak izan dira: zinema, musika, literatura, sukaldaritza...

Aisialdia kategorian 27 blog batu dira eta hauetan gai nagusia kirola dela esan genezake. Gizarte eta politika kategorian, bestalde, 21 blog sartu dira. Eta azkenik, zientzia eta teknologia kategoriaren barruan 23 blog esleitu dira; honetan esan genezake bi alorrak orekan daudela, gai hauek lantzen dituzten blog kopuru berdintsua dago bata eta bestean.

Epaimahaia eta publikoaren artean aukeratu dituzte blog finalistak

Publikoak Twitter eta lehiaketako web gunearen bidez bozkatu du ia hilabete batez. Eta epaimahaikideek ere euren iritzia eman dute. Bien artean edizio honetako blog finalistak aukeratu dituzte.

Blogetan! Euskal blogariak lehian bigarren edizioko blog finalistak

Horrela, hauek dira edizio honetako hamabi blog finalistak, kategoriaka:

Kultura kategoria

  • Iparraldeko neska: Castillo Suarezen bloga Berria egunkariaren sarean. Blog honetan Castillo Suarezek hainbat idazleren (gehienak emakumeak) testu hautatuak jartzen ditu, zaharrak zein berriak, gertukoak zein urrunekoak, jatorrizkoak zein itzulpenak, baina guztiak ere bihotzeraino iristen diren horietakoak.
  • Berbaratza: lau neska gaztek sortu duten egitasmoa da eta euren helburua euskararen mundua euren ekarpenekin aberastea da.
  • Ikusi makusi…zer ikusi? Zinema da autorearen pasioa. Mundu osoko telesailak deskubritzea, bere adikzioa. Dokumental harrigarriak aurkitzea, bizioa. Ikusitako guzti horrek, beregan sortzen duen gaixotasun kontrolaezinaren sendabidea eta blog honen bitartez partekatzen du.

Gizarte eta politika kategoria

  • Etzi pm bloga: Talaios Kooperatibaren proiektua da eta eztabaida eta hausnarketa egiteko plataforma da.
  • Baloreak baloratzen: Maisu-andereñoak kudeatuta dago eta hemen, eskolan baloreak lantzeko hainbat tresna aurki daitezke: bideoak, irudiak, testuak, albisteak, hausnarketarako gaiak...
  • Hitzak airean: Egilearen inplosio guztien explosioa. 2014tik egilearen gizartearen inguruko gogetak plazaratzen ditudan txokoa. Prosa zein bertsoz pentsarazteko idatzitakoak.

Aisia kategoria

  • Taxoareko Hitza: Osasuna futbol taldearen gaurkotasuna euskara hutsean jorratzen duen blog bat da. 2014an sortu zuten Iñaki Berastegi eta Eñaut Agirrebengoa kazetari gazteek, eta geroztik bere tokia egin du zale gorritxo euskaldunen artean.
  • Game Erauntsia: Bideo jokoak gustuko duen erabiltzaile talde batetik komunitate bat sortu da. Web guneko atal bat bloga da, bideo jokoen inguruan sortzen diren albiste eta berrikuntzak zabaltzeko.
  • Kaixomaitia: Kaixo maitia euskaldunon harremanetarako gunea da eta blogean gai hauei buruzko albiste, proposamen, idazki, narrazio eta abarrekoak partekatzen dira. 2016ko bukaeratik bloga komunitarioa da, edozeinek har dezake parte.

Zientzia eta teknologia kategoria

  • Iparra: Xabier Martinen bloga da. Euskaraz sortzen diren baliabide teknologikoen berri ematen du, baliabide teknologikoak euskaraz izateko aldarrikapen kanpainak martxan jartzen ditu.
  • Sarean: PuntuEus Fundazioak martxan jarri duen internet eta teknologiari buruzko agerkari digitala.
  • Naturzalia: Ander Izagirre Egañaren bloga da eta bertan natura arloko gaiak jorratzen ditu.

Blog irabazleak sari banaketa egunean jakingo dira

Hamabi blog hauen artean, kategoria bakoitzeko blog bakarra izango da lehiaketako irabazlea. Epaimahaiak aukeratu behar izango ditu orain kategoria bakoitzeko hiru finalisten artean zein hautatu eta sarituko duen.

Lau blog irabazleak martxoaren 30ean egingo den sari banaketa eta Euskal blogarien topaketa jardunaldian emango dira ezagutzera. Lau sari hauetaz gain, Argia aldizkariak “blogari berria”ren saria eskainiko dio blogari gazte bati.

Jardunaldi honetan egungo euskarazko blogen egoera aztertuko da eta horretarako lehen mailako hizlari eta parte hartzaileak Euskararen Etxean izango dira. Jardunaldian euskarazko blogen egoera, beharrak, garatu beharreko estrategiak landuko dira eta amankomuneko hausnarketa egingo dugu.

Erantzun

Sartu