Teknologia albisteak
3

Euskarazko Wikipedia elikatzeko ekimenak

Erabiltzailearen aurpegia
2016-10-18 : 09:31

Wikipedia 292 hizkuntzatan dago, eta horietako bat euskara da. 2003koa da Wikipedian euskaraz idatzitako lehenengo sarrera: 13 urte geroago, 260.581ik gora artikulu daude euskaraz, eta, hizkuntza guztien artean, 31. postuan dago euskara, Europar Batasunean ofizialak diren hainbat estatu hizkuntzaren  gainetik. Datozen asteotan Wikipediarekin lotutako hainbat ekimen izango ditugu Euskal Herrian (Editatoia, Donostiapedia,...). Hona hemen horien inguruko informazioa.

Wikipedia lan boluntarioz egindako entziklopedia da, eta boluntarioz osatutako komunitate baten lanari esker da hori posible. Interneteko edozein erabiltzaileren askotariko ekarpenekin elikatzen da entziklopedia askea, eta, horregatik, jasotako informazioa gainbegiratu, zuzendu eta antolatzeko administratzaileak daude.

Edonor izan daiteke artikugile, eskatzen zaiona da arau batzuk betetzea, gutxienez bete beharreko bi baldintza: euskaraz txukun egitea eta idazten denaz jakitea. Informazio txukuna duten datu baseak bilatu ohi dira, eta horietatik sortzen dira sarrera asko. Bada programa informatiko bat datu base horretatik informazioa hartu eta Wikipediako forma emateko prestatuta dagoena; horrela nahiko erraza da artikuluak sortzea. Hainbat hizkuntzatako Wikipediek egiten dute gauza bera.

Oso entziklopedia sendoa dugu euskaraz, baina asko dugu elikatzeko eta hobetzeko oraindik. Egun hauetan ere Euskal Wikipedia elikatzeko zenbait ekimen ezberdin antolatzen ari dira Euskal Herriko hiri eta sail ezberdinetan. 

Editatoia, urriaren 19an

UPV-EHUk, bestalde, Zientzia Astea antolatzen du. Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astea alegia, gazte eta helduek, haurrek edota inguruarekiko jakin-mina duten pertsona guztiek aukera izan dezaten zientzia ikusteko, entzuteko, sentitzeko eta eztabaidatzeko egunero-egunero zientzian aritzen direnekin. Emakume Idazleen Egunaren eta Zientzia Astearen arteko egun bat aukeratu dute, emakume zientzialari eta idazleei balioa emateko xedez. Wikipedian emakumeei buruzko artikulu oso gutxi daude, gizonei buruzkoak baino askoz gutxiago. Desoreka hori dela eta, Editatoia, emakume idazle edota zientzialarien biografiak osatu, itzuli edota sortzeko tailerra antolatu dute.

Donostiapedia, urriaren 22an

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak Donostiapedia antolatu du, auzolanean, Wikipediahiri bihurtu du Donostia. Hiriko eragileekin lankidetzan, hiriaren historia eta kulturari buruzko artikuluak argitaratu eta edonorentzako eskuragarri jarriz. Hiriko leku esanguratsuetan kokatutako QR kodeek mundu fisiko eta digitalaren arteko lotura sortu dute [492 donostiar parte hartzen dute ekimenean]. Donostiari buruzko ezagutza bildu, eta gure hizkuntzetan ez ezik, ahalik eta hizkuntza gehienetara zabaldu. Horrekin batera Euskal Wikipedia indartzea eta hiriari buruzko informazioa handitu, zabaldu eta modu errazean eskuragarri jartzea ere lortu nahi du proiektuak. Abiapuntu gisa, ekimen zehatzak definitu dira: Amarapedia auzolandegia, Wikipedia ikastetxeetan, edit-a- hon maratoiak...Guztietan hiria bera eta herritarrak izango dira protagonista, Donostiari buruzko ezagutza sortuz eta zabalduz.

Wikipedian editatzeko ikastaroa EHUn, eta Wikipedia topaketa Donostian

UPV-EHUk eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak elkarlanean antolatu dute hautazko ikastaroa, 1 ETCS-ko balioa duena; Euskarazko Wikipedia sustatzeko eta unibertsitate mailako testuak Euskarazko Wikipedian ugaritzeko helburuarekin. Ezagutza hedatzeko asmoa duten erakundeak izanik, bien arteko elkarlana sustatu nahi du ikastaroak: Jakintza alor ezberdinetako edukiak euskarazko Wikipedia handitzeko eta hobetzeko erabiliz. Horretarako Wikilari adituen eskutik formakuntza saio ezberdinak antolatu dituzte, erreferentziak biltzen ikasteko, artikuluak idatzi eta zuzentzeko baita zalantzak argitu eta bidean laguntzeko. Dagoeneko 95 ikaslek parte hartu dute antolatutako bi ikastaroetan: batez ere Informatika fakultatekoak dira, baina baita ere Kimika, Enpresaritza, Ingeniaritza, Psikologia, Filosofia, Zuzenbideko fakultateetakoak. Irakasleek ere ikastaroetan partu hartu dute.

Wikipedia-topaketa: Donostiako C.Santamaría Liburutegian, egingo dute abenduaren 1ean.

Erantzunak

2016-10-23 : 13:49

Urriaren 22an KMKko liburutegian izandako lantegiak segida izango du aurtengo Liburutegiaren egunaren ospakizunean
24an "Liburutegiak ezagutza sortzen eta partekatzen" lemapean erakunde horiek wikipedian duten rolari buruz hausnartuko dute eta izandako zenbait esperientzia aztertu eta eztabaidatuko dira.
http://kmk.gipuzkoakultura.eus/eu/component/content/article/54-biblioteca/1755-dia-de-la-biblioteca-2016-
Hemen jardunaldiaren programa xehetua:
http://www.donostiakultura.eus/index.php?option=com_flexicontent&view=items&cid=38&id=52422&Itemid=82&lang=eu

2016-10-23 : 22:24

Programa:
Jardunaldi hauek bi egunetan banatuko dira. Urriaren 22an, Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegian izango da eta bertan Donostiapediako editoreen lantegia irekia egingo da euskaraz. Ordutegia: 10:30-13:30.

Urriaren 24an, berriz, Udal Liburutegi Nagusian (Konstituzio plazako 2. solairuan) hitzaldiak eta mahai-inguruak izango dira.

09:30-10:30 Tomás Saorín

Continente GLAM-Wiki, el viaje a Wikipedia de las instituciones culturales y educativas

10:30-11:00 Carme Fenoll

200 bibliowikis en Catalunya: planes de futuro

11:00-11:30 Rubén Ojeda

Wikipedia en las bibliotecas: Biblioteca Reina Sofía de Valladolid y red de bibliotecas del Principado de Asturias.

11:30-12:00 Francisca Hernández

Wikipedia, DBpedia y Wikidata

12:00-12:30 Atsedena

12:30-14:00 Mahai-ingurua gazelaniaz

Moderatzailea: Jon Bagües, Eresbil musika artxiboko zuzendaria

Partaideak: Tomás Saorín, Carme Fenoll, Ruben Ojeda eta Francisca Hernández.

18:00-20:00 Mahai-ingurua euskaraz: Gertuko begiradak

Moderatzailea: Xabier Cañas, wikilaria eta Donostia Kulturako teknikaria

Partaideak: Elena Oregi (Donostiako Haur liburutegiaren esperientzia); Aitzol Astigarraga (Donostiapedia); Joseba Agirreazkuenaga eta Mari Jose Villa (Bilbaopedia); Arantza Mariskal (Liburutegietan edukiak sortzen); Josu Aranbarri (Wikimedia Commons).

Oharra: aretoaren jarleku kopurua mugatua da eta aldez aurretik emailez izena ematea gomendatzen da liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidean.

Antolatzaileak: Donostia Kultura, Koldo Mitxelena Kulturunea, Tabakalera eta Donostia 2016.

2016-11-02 : 16:48

Eskerrik asko!

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago