Teknologia albisteak

Azkue Fundazioak Mintzatu sare soziala berriztatuta aurkezten du

Erabiltzailearen aurpegia
2013-12-03 : 11:11
Azkue Fundazioak Mintzatu sare sozialaren itxura berria aurkezten du. Honekin batera, euskarri eta baliabide gehiagoz hornitu da plataforma hau. Mintzatu euskarak munduan zehar betetzen duen lekua zabaltzen duen sare soziala da.
Mintzaturen ibilbidea

Mintzatu itxura eta baliabide berriekin dator 2013an. 2012ko azaroan aurkeztu zen lehenengoz Mintzatu, gaur egungo helburu berdinekin. Irontec enpresa bilbotarraren ideia izanda, Azkue Fundazioak bere gain hartu zuen garatzeko eta zabaltzeko aukera.

Beta bertsioan hilabete batzuetan frogatu ondoren eta mundu osoko euskaltzale eta euskaldunon artean izandako harrera ona ikusita, bigarren fasearen garapenari ekin zitzaion 2013ko hasieran eta hemen dago emaitza.

Egungo bertsio berriak, itxura eta diseinu berriaz gain, beste baliabide ugari aurkezten ditu. Eta baita sakelako telefonoetarako aplikazioak ere garatu izan ditugu, bai iOS eta bai Android sistema eragileetarako.

Mintzaturen ezaugarriak

Lau osagai nabarmentzen dira Mintzatun:

  • ·         Euskaraz garatutako eta euskara zabaltzeko plataforma izatea.
  • ·         Geokokapena erabiltzea.
  • ·         Parte-hartzailea izatea: erabiltzailerik gabe ez dago elikadurarik.
  • ·         Sare soziala izatea.

 Mintzaturen helburuak

Hauek dira plataforma honekin bete nahi izan ditugun helburuetariko batzuk:

  • Euskarak munduan duen tokia bilatzea, identifikatzea, ezagutzea eta zabaltzea.
  • Munduko leku euskaldun guztiak interneten zabaltzea.
  • Munduan zehar dauden euskaldunak harremanetan jartzeko erreminta izatea.
  • Euskaraz aritu ahal izateko bide berriak zabaltzea.
  • Euskara sarean zabaltzea, teknologiak ematen dituen aukera eta baliabideez baliatuz.
  • Euskaraz ikasten ari direnentzat eta euskaldunontzat zerbitzua eskaintzea: euskaraz egin dezaketen lekuak errez identifikatzeko balio izatea.
  • Euskararekiko ardura eta hizkuntzarekiko errespetua adierazteko tresna bihurtzea.
  • Euskararen presentzia soziala nabarmentzeko erreminta izatea.
  • Estres linguistikoari aurre egiteko tresna izatea.

Baliabide eta euskarri berriak

Mintzaturen bertsio berri honetan baliabide berri ugari garatu izan dira, erreminta erakargarri eta praktikoa bihur dadin.

Aipatu bezala, sare soziala da, erabiltzaileen parte hartzeari esker josten da edukiez plataforma. Eta honetaz gain, geokokapenaz baliatzen da lekuak sortu, etiketatu eta partekatzeko. Teknologia eta Google Mapsen baliabideak aprobetxatu egiten dira.

SoLoMo filosofian oinarritzen da Mintzatu: Social – Local – Mobile. Lekuko esparrutik (Local), jarduera soziala bihurtuz (Social) eta teknologia eta baliabide mugikorrak (Mobile) aprobetxatuz jarduera hori zabaldu egiten da.

Horretarako, sakelako telefonoetako App-ak garatu ditugu baita ere bigarren fase honetan, bai iOS eta bai Android sistema eragileetarako bertsioekin.

Azken finean, euskararen sozializazioa sarean sustatzea da helburua eta behar honetan internet sozialak erabiltzen dituen baliabideak aprobetxatuko dira eta Mintzatuko edukiak eta jarduera beste sare sozialetara zabaldu ere.

Eta osagai ludiko eta dibertigarria eskaintzeko asmotan, gamifikazioaren kontzeptua ere izan dugu kontutan plataforma berriaren garapenean. Lekuak etiketatzeak ezkututako garaikur birtualak lortzeko aukera emango du eta horrela jarduera sustatuko dugu eta erabilpena saritu. Leku ezberdinetan hainbatetan etiketatzen duen erabiltzaileak, kategoria edo mota berdineko leku ezberdinetan etiketatzeak edo leku berean askotan etiketatzeak, adibidez, saritu egingo dugu.

Aukerak

Mintzatu gizartearen alor ezberdinetan erabil daitekeela eta baita helburu ezberdinekin aplikatzea ere posible dela uste dugu.

Horrela, esparru ezberdin hauetarako aprobetxagarria izan zitekeen.

Zabalkundea

Azkue Fundazioak kanpaina bat jarri du martxan Mintzatu zabaltzeko.

Honen arabera, esku-orriak ekoiztu ditugu eta Euskal Herrian zehar banatuko ditugu. Euskararen Etxea bisitatzen datozen lagunen artean ere banatuko ditugu eta zenbait ekimenetan sakabanatu ere.

Pegatinak ere sortu ditugu; pegatina hauek kristalean jartzekoak dira eta erakunde, denda, ikastetxeetan eta abar Mintzatun daudela adierazteko balio izango dute eta, bide batez, toki horietan euskaraz mintzatu daitekeela agertarazteko.

Gure aldetik dendatan banatuko ditugu, egitasmoa pertsonalki azaltzeaz gain eta ekimenarekin bat egitea eskatuko dugu. Interesatuak dauden erakunde, komertzioak eta abar zuzenean eskatzeko aukera ere daukate.

Bestalde, komunikazio kanpainari ekin diogu, Mintzatu ahalik eta gehien zabaltzeko asmotan: aurreko faseko erabiltzaileei oharra bidali diegu, plataforma berrian sar daitezen; elkarte eta erakundeekin harremanetan jarri gara egitasmoaren berri emateko; erabiltzaileentzat baita ere Mintzaturen gida den eskuliburua osatu dugu eta sarean partekatuko dugu; atzerriko erakundeekin ere harremana lotu dugu; Euskal Herritik kanpo bizi diren arlo ezberdinetako pertsonai ospetsuekin ere harremanetan jarriko gara Mintzatun aritzeko animatuz; eta beste hainbat jarduera.

Lehiaketa

Plataformaren zabalkundea sustatzeko eta ezagutzera emateko, lehiaketa bat antolatu dugu ere.

Lehiaketa hau Mintzatun parte hartzearekin lotuta dago, noski, eta abenduaren 3tik aurrera plataforman aritzen direnek bi sari ezberdin irabazteko aukera izango dute: leku ezberdinetan kopuru gehien etiketatu, eta beraz, alkatetza gehien lortzen duen erabiltzailearentzat; eta lekuetan ezkutatuta dauden garaikur gehien lortzen duen erabiltzailearentzat. Bi kasutan 100 eurotako diru-txeke bat Fnac-en gastatzeko irabazteko aukera izango dute.

Aplikazioak deskargatzeko

  • ·         iOS sistemako aplikazioa deskargatzeko sakatu hemen.
  • ·         Android sistemako aplikazioa deskargatzeko sakatu hemen.
www.mintzatu.com

Erantzun

Sartu