Abian da Banden Lehiaren laugarren edizioa. Dagoeneko lehiaketak ospea lortu izan du aurreko edizioetako lanari esker, eta aurtengoan berrikuntza gehiagorekin datorkigu, bai musika taldeentzat, bai musikaz gozatu nahi dutenentzat eta baita sariei dagokienez ere.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak antolatutako musika-lehiaketaren laugarren edizioari hasiera eman zaio aste honetan bertan. Dagoeneko lehiaketak ospea lortu izan du aurreko edizioetako lanari esker eta aurtengoan berrikuntza gehiagorekin datorkigu, Azkue Fundazioa, Last Tour International eta Baga-Biga babesleei esker.
Musika arloko lehiaketa honek euskara eta teknologia berriak uztartzen ditu eta bere helburua euskal musika talde amateurrik onena saritzea da. Tokiko musika banda euskaldunak ezagutzera ematen ditu eta urtez-urte hauek sustatzeko ahalegina egiten du.
Laugarren edizio honek ikuspegi teknologikoa eta entzuleen parte hartzea sustatzen ditu aurrekoetan bezala. Webguneak itxura berria aurkezten du eta hemen burutuko da lehiaketaren lehenengo fasea.
Taldeek Banda Beat euskal musikako sare sozialaren bidez ematen dute izena lehiaketa honetan eta honek ere berrikuntza nabarmenak aurkezten ditu aurten: itxura estetiko berria eta erabiltzaile zein banden izen ematea. Gainera, bi profilek beraien musika zerrendak osatu eta partekatzeko aukera izango dute. Banda Beatetik, lehiaketarako kantak Banden Lehiako webgunean argitaratuko dituzte.
Honetan, musika taldeek beraien bandei buruzko informazioa eta kantak argitaratu eta jarraitzaileen botoa eskatuko dituzte. Bozketa internet bidez gauzatuko da eta parte hartze popularra eta epaimahai aditu talde baten iritzia batu egiten ditu. Hemendik azalduko dira Banden Lehiako finalera helduko diren lau taldeak.
Finala zuzeneko emanaldi batekin ospatuko da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzaren Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi publikoa izango da.
Azaroaren 30ean ospatuko da Bilborock aretoan eta bertan lau talde finalistek zuzeneko kontzertua eskainiko dute: benetako artistak bilakatuko dira gau horretan eta epaimahaia bertan egongo da bakoitzaren emanaldia jarraitzen.
Lehiaketaren ikuspegi teknologiko berritzaileak publikoaren bozketa bideratuko du: talde finalista bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko zaio eta entzuleek botoak eman ahal izango dituzte telefono horietara dei galduak eginez. Epaimahaikideen botoak horiekin batu eta talde irabazlea aukeratuko da.
Urtero sariak hobetzen saiatzen dira antolatzaileak eta aurten inoiz baino desiragarriagoak izango dira: talde irabazleak 2013ko BBKLive jaialdian joko du eta disko bat ekoiztuko du. Eta lau talde finalistek, antolatzaileek ekoiztuko duten lehiaketako kantarik onenen disko bildumaren aleak jasoko dituzte.
Iazko irabazlea Namek Planet talde elorriotarra izan zen, konpetentzia gogorreko lehian aritu ondoren. Webguneak ia 55.000 bisita izan zituen hilabete eskasean eta 34.316 botu jaso ziren lehiaketako lehenengo fasean; ia 20 ordutako musika argitaratuta 184 mp3 fitxategien bidez. Taldeek Euskal Herri osotik eman zuten izena, baita Londres eta Parisetik ere.
Talde finalistek estilo oso ezberdinak lantzen dituzte eta bizkaitarrak izan ziren laurak: Durangoko The Mocker´s, B-Flat bilbotarrak, Mallabiatik Damudot eta aipatutako Namek Planet elorriotarrak izan ziren.
Finalean oso ondo aritu ziren laurak eta ia 12.000 boto jaso ziren dei galduen bidez. Une batzutan sistemak etengabe lan egin zuen eta jasotako deien media lehiaketako epean segunduero 2,7koa izan zen. Namek Planet taldeak hauen %32,5 jaso zituen 4.731 dei guztira.
Bestalde, egitasmoa Buber Sarietara aurkeztu genuen iazko edizioan, euskarazko garapen teknologikoen kategorian eta finalista suertatu ginen.
Aurten parte hartze handia espero dugu ere eta gero eta musika talde euskaldun gehiago merkaturatzea eta ezagutaraztea ere.
Animatuko zara zure taldea aurkezten?
Erantzun
Sartu