Errenteria musika eta kultur topagune izango da lau egunez, irailaren 22tik 25era. Hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistek eszenatokia elkarbanatuko dute, inoiz ikusi gabeko emanaldiak eskainiz. Ehun kultur ekimen inguru izango dira, tartean Tosta herrixkaren lehorreratzea. Programazioak ehun kultur ekimen inguru jasotzen ditu, Udalerria lau egunez musika eta kultur topagune bihurtuz. Gaur goizean aurkeztu da ekitaldia Donostian.
Irailaren 22tik 25era bitartean ospatuko den musika eta kultur jaialdia, munduko kulturen topagune bilakatuko dela adierazi du Julen Mendoza alkateak. Aurtengo edizioan aniztasuna izango da jaialdiaren ardatza. Kultur egitaraua aniztasunaren isla izango da; hizkuntza, jatorri, estilo, nahasketa, adin eta eskaintza ezberdinak bilduko baititu Errenteriako gune ezberdinetan. Elkarbizitza sustatuz, Errenteriako kultura eta hizkuntza aniztasuna Atlantikaldia aberasteko baliatuko da.
Julen Mendozak, Errenteriako alkateak; Laura Landak, Atlantikaldia jaialdiko zuzendariak eta Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak; Xabier Payak, DSS2016ko kultur programazioaren zuzendariak; Esther Irigarayk, Aquariumeko zuzendariak; eta Mixel Ducau, Harkaitz Martinez de San Vixente eta Mikel Ugarte TOSTA BANDAko euskal musikariek Atlantikaldia 2016 jaialdiaren aurkezpena egin dute gaur goizean Donostiako Aquariumean.
Gaur aurkeztu den programazioa bat dator Julen Mendoza alkateak emandako azalpenekin. Ehun kultur emanaldi inguru jasotzen dira, hiru oin izango dituen jaialdian: musika emanaldiak, kultur ekimenak eta Tosta herrixka. Xehetasunekin hasi aurretik, jaialdiaren programazioan euren hondar alea jarri duten eragile guztiek egin duten lana eta izan duten inplikazioa goraipatzeko esker oneko hitzak izan ditu alkateak: “Atlantikaldiari bihotza jartzen diote. Gehiago esatera ausartuko nintzateke, kalitateko eskaintza anitza bermatzen dute. Euren parte hartzea ezinbestekoa da”.
Hiru oineko jaialdia
Lehendakari Agirre plazako karpa erraldoiak kontzertu nagusiak jasoko ditu; luxuzko programazioa osatu da bost emanaldirekin. Horrela nabarmendu du Laura Landa Atlantikaldiko zuzendariak eta Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak. “Goran Bregovic, Chambao edota Kepa Junkera jaialdi berean biltzea lortu dugu. Eta jaialdiaren izpirituari jarraiki, hizkuntza, kultura eta jatorri ezberdineko artistak, nazioartekoak eta Euskal Herrikoak, elkarlanean jarriko ditugu, eszenatokian elkarbizitzen eta Atlantikaldiaren izaera indartzen”.
Horren adibide da Kepa Junkerak, eta bere Sorginek, Chet Nuneta taldearekin egingo duen egonaldia. “Astebetez konpartituko dute entsegu gela, eta Euskal Herriko trikitixak eta Frantziako ahots polifonikoak uztartuko dituzte Atlantikaldiarako propio sortutako ikuskizun bakarrean”.
Laura Landak aurreratu duenez, ez da kolaborazio bakarra izango. Terrakota portugaldarrek eta Bad Sound Systemek Lehendakari Agirreko eszenatokia konpartituko dute, hango eta hemengo reggea doinuak uztartuz. Eta Tosta Bandak –hizkuntza gutxituak dituzten herrialde ezberdinetako musikariek osatzen duten bandak– Sophie Stephenson dantzari eskoziarraren laguntza izango du. “Eta aurreratzerik ez dauzkadan sorpresa gehiago izango ditugu”, ohartarazi du Landak.
Hain zuzen, Tosta Bandako musika zuzendaria den Mixel Ducau izan da herrialde ezberdineko musikarien arteko testigantzaren berri eman duena. Hizkuntza gutxituak dituzten 7 herrialde (Irlanda, Kornualles, Gales, Eskozia, Frisia, Galizia eta Euskal Herria) hauetako musikari, kantu eta erritmoak nola uztartu diren azaldu du. Egitasmoa Atlantikaldiaren filosofiaren adierazle garbia da: herrialde guztiek dute komunean Atlantiar itsasoa; eta elkarlana egon da haien artean eta horren ondorioaz gozatu ahal izango dute ikusleek. Gainera emanaldian beste diziplina artistiko bat gehituko zaie Sophie Stephenson dantzari eskoziarraren partehartzearekin. Artista hau Tosta proiektuaren baitan egonaldi bat egin zuen Errenterian orain dela hainbat hilabete.
Musikak protagonismo handia hartuko du, baina bestelako kultur proposamenek itzal handia izango dute egitarauan. Gehienak, gainera, Errenteriako edo inguruko kultur eragileek bidalitakoak izango dira. Laura Landaren esanetan, ezaugarri bera partekatzen duten askotariko proposamenak, aniztasunetik eratorriak direla.
“Diziplina, jatorri, publiko edota kultura aniztasuna islatzen dutenak; musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, gastronomia ardatz duten jarduerak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, irteerak, azokak, ikastaroak, bideo forumak edota kongresu bat, besteak beste. Gehienak jaialdian zehar izango dira, baina zenbait ekimen aurreko astean hasiko dira”.
Programazioarekin jarraituz, aurtengo edizioak etxeko txikienentzako ekimen bereziak izango dituela nabarmendu du Atlantikaldiko zuzendariak. Hala nola, tailerrak, dantza saioak, musika kontzertuak, jolasak eta ipuin kontaketak. Egitarauak atal berezi batean biltzen ditu haurrei zuzendutako ekimen guztiak.
Tosta herrixka
Atlantikaldiaren hirugarren edizioan bisitari berezia izango da, Donostia 2016ren enbaxada ibiltaria den Tosta egitasmoaren lehorreratzea, hain zuzen, tokian tokiko hizkuntzak balorean jartzea xede duen egitasmoa. Tosta herrixkak hizkuntzak eta hizkuntza aniztasuna nabarmenduko dituen gunea izango da.
Apirilaz geroztik Atlantikoko hizkuntza-komunitate gutxituetan barrena ibili da eta Galizia, Gales, Irlanda, Eskozia, Frisia eta Kornualles bisitatu ondoren, Errenterian eta Atlantikaldian amaituko du bidaia.
Horrela, Atlantikaldiak eta Donostia 2016k bat egingo dute Tosta Herrixka Errenteriako auzo bihurtuz. Gune ireki horretan mota guztietako jarduerak ikusteko, edota jarduerekin parte hartzeko, aukera izango da.
“Aurten, hirugarren urtez arituko dira elkarlanean Atlantikaldia eta Donostia 2016. Kultur Hiriburutzaren urtean, lankidetza honek berebiziko tamaina hartuko du, gure Tosta enbaxada ibiltariak Atlantikaldian izango duelako iritsiera”, adierazi du Xabier Payak, Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak.
“Udaberria eta uda –jarraitu du– Atlantikoko eremu urriko hizkuntza komunitateetan barrena ibili da, Donostia 2016ren elkarbizitzarako mezua zabalduz; zehazki, honakoak izan ditu helburu nagusi: Europa mailan arte-sorkuntza sustatzea, hizkuntz eta kultur aniztasuna ospatzea, eta komunitate gutxituen arteko trukea bultzatzea”.
Xabier Payaren hitzetan, “bertatik bertara ezagututako kultura aniztasunak aberastuta iritsiko da Atlantikaldira, eta Errenterian zabalduko du herrixka, egitarau zabalarekin”. Programazio horren baitan, honakoak azpimarratu ditu Donostia 2016ren ordezkariak: proiektuaren baitan sortutako Tosta Bandaren kontzertua, Euskal Herrian lehenengoa; komunitateen arteko artista-trukeen ondorioz sortutako artelanen erakusketa; eta “Europako hizkuntza gutxituak elkarrizketan” mahai-ingurua, Tostan bidailagun izan diren komunitate bakoitzeko elkarteen arteko topaketa irekia (Euskaltzaleen Topagunea izan da euskararen eta euskal kulturaren ordezkaria).
Erantzun
Sartu