Teknologia albisteak

Atlantikaldiak Errenteria kultur topagune eta musika jaialdi bihurtuko du irailaren 22tik 25era

2016-06-06 : 09:21

Atlantikaldia, Errenteriako Udalak antolatzen duen Kultur Topagune eta Musika Jaialdia, irailaren 22tik 25era egingo da. Joan zen astean egin zuten aurtengo ekitaldiaren aurkezpena eta baita kartelaren aurkezpena ere. Besteak beste, Chambao, Kepa Junkera & Sorginak, Tosta Banda eta Chet Nuneta taldeak egongo dira bertan. 2014an sortu zen jaialdia Atlantikoko herrien arteko musika eta kultura topagunea izateko helburuarekin, eta asmo hori muturrera eramateko helburuarekin dator hirugarren edizioa: Atlantikoko herri bat, Errenteria, munduko kulturen topaleku bihurtzea.

Julen Mendozak, Errenteriako alkateak, Laura Landak, Atlantikaldia jaialdiko zuzendariak eta Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak, eta Imanol Otaegik, DSS2016ko enbaxada ibiltarien arduradunak, Atlantikaldia 2016 jaialdiaren aurkezpena egin zuten joan zen astean. Bertan, kultur programazioa osatzeko jaso diren proposamenen, jaialdian izango diren musika taldeen eta Tosta herrixkak izango duen presentziaren berri eman zuten. Baita hirugarren edizioko kartela aurkeztu ere.

  • Chambao, Kepa Junkera & Sorginak, Tosta Banda eta Chet Nuneta taldeak bertan izango dira.
  • Kultur egitaraua eragileek bidalitako ehundik gora proposamenetatik aterako da.
  • Donostia 2016ren Tosta enbaxadak Errenterian bukatuko du Atlantikoan zehar egindako bidaia.

Aniztasuna izango da hain zuzen, hitzaren esanahi zabalenean, hirugarren edizioko ardatza. Horrela, antolatuko diren jarduera guztiek zerbait izango dute anitzetik: hizkuntza, jatorria, estiloa, nahasketa, adina, eskaintza, etab. “Aniztasuna barrura begira eta kanpora begira. Barrura begira, Errenteriako tosta anitza delako, laurogei komunitatek osatzen dute udalerriko bizitza. Errenterian bizi den kultura eta hizkuntza aniztasuna Atlantikaldia aberasteko baliatu behar da, jaialdiari nortasuna emateko, eta azken finean, ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzeko. Eta kanpora begira, Atlantikoko beste herriekin harremanak eta sinergiak bideratzen jarraitu nahi dugulako, lehenengo bi edizioetan beste kultura eta hizkuntzekin eraikitako zubiak mantenduz eta zabalduz”, adierazi du Julen Mendoza alkateak.

Jaialdia egonkortzeko asmotan dator hirugarren edizioa, urrats bat gehiago ematera. Horrela aurreratu du Errenteriako alkateak. “Aurreko bi edizioek Errenteria Atlantikoan kokatzeko balio izan digute, hirugarren ediziotik aurrera, mundu osora zabaltzeko asmoa daukagu; Atlantikaldia gure kultura mundura zabaltzeko leihoa eta munduko beste kulturak gurera sartzeko atea izatea nahi dugu”, esan du Mendozak.

Helburu hori lortzeko, Errenteriako alkatearen hitzetan Errenteriarren izaerarekin bat datozen balioak txertatu dituzte jaialdian. “Parte hartzailea, herritarrek eta herritarrekin egina; elkarbizitza sustatuko duena, kulturen eta hizkuntzen arteko elkarbizitza sustatuko duena; elkarlanari bidea zabalduko diona, eragile ezberdinen artean, bertakoak zein kultura ezberdinetakoak, elkarrizketa eta elkarlana sustatuko dituena; inplikazioa bilatuko duena, eragileen inplikazioa areagotuko duena eta eragile inplikatu gehiago lortuko dituena; aniztasuna eta oreka kontuan hartuko dituena, askotariko diziplinak uztartzea eta kultura modu zabalean ulertzea”:

Hiru oineko jaialdia

Oinarrian dagoen filosofia mantenduz, herritarrek eta herritarrentzat egindako jaialdia izaten jarraituko du Atlantikaldiak. Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta euren parte hartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastuko du aurtengo kultur programazioa. Horixe izango du lehen oina.

Laura Landa jaialdiko zuzendariak eta Errenteriako Udaleko Kultura teknikariak emandako datuen arabera, hilabeteko epean ehundik gora proposamen jaso dira herriko eragileetatik. Proposamenak askotarikoak izan dira, baina guztiak aniztasunetik eratorriak: diziplina, jatorri, publiko edota kultura aniztasuna islatzen dutenak; musika emanaldiak, erakusketak, dantza ikuskizunak, gastronomia ardatz duten jarduerak, kirolarekin zerikusia dutenak, tailerrak, irteerak, azokak, ikastaroak edota bideo forumak, besteak beste.

Momentu honetan, Balorazio Batzordea proposamenak aztertzen ari dela aurreratu du Laura Landak. “Guztiak banan bana aztertzen ari gara, bideragarriak diren ala ez erabakitzeko. Bideragarriak diren proposamenekin behin betiko egitaraua osatuko dugu. Erabakia hil honetan hartuko dugu eta eragile guztiekin harremanetan jarriko gara. Edozein kasutan, eragileek izandako inplikazioa eskertu eta txalotu nahi dut”.

Bigarren oina musikak jarriko du. Behin betiko kartela ez dago guztiz itxita, baina irailaren 22tik 25era Errenterian izango diren zenbait talde aurreratu ditu Laura Landak. “Kalitatea eta aniztasuna, bi irizpide horiek bermatuko ditu Atlantikaldiak. Hori esanda, aurreratu dezaket Chambao, Kepa Junkera & Sorginak, Tosta Banda eta Chet Nuneta gure artean izango direla Lehendakari Agirreko eszenatoki handian”. (Taldeen informazio gehiago, atxikitako dokumentuan).

Lau talde horien izena aurreratzeaz gain, kanpoko eta bertako musikarien kolaborazioak sustatuko dituztela esan du Atlantikaldia jaialdiko zuzendariak. “Iazko itsas elkarrizketekin jarraitu nahi dugu, kolaborazio eta egonaldi horietatik kontzertu berezi eta bakarrak sortuz. Eta bide batez, artisten arteko elkarlana sustatuz. Zentzu horretan aipatu nahiko nuke iaz Kalakanek eta Dobet Gnahorek antzeko esperimentu bat egin zutela, eta bide horrek jarraipena izan duela eta abuztuan beste emanaldi bat eskainiko dutela elkarrekin. Beraz, Atlantikaldiak ereindako haziak bere fruituak ematen ari dela esan genezake”.

Hirugarren oina Tostak jarriko du, Donostia 2016ren enbaxada ibiltariak. Apirilean Pasaiako portuan hasi zuen ibilbidea, eta Atlantikoko sei hizkuntza-komunitate gutxitu bisitatu ondoren (Irlanda, Kornualles, Gales, Eskozia, Frisia eta Galizia), Errenterian bukatuko du itsas-bidaia, Atlantikaldiarekin bat eginez. Imanol Otaegi DSS2016EUko enbaxada ibiltariaren arduradunak eman du egitasmoaren berri. “Europa mailan arte-sorkuntza sustatzea, hizkuntz eta kultur aniztasuna ospatzea, eta komunitate gutxituen arteko trukea bultzatzea dira Tostaren helburuak. Atlantikoko kostaldeko hizkuntza komunitate txikietan barrena ibili ondoren, kostaldeko kultur aniztasuna aberastuta iritsiko da Atlantikaldira, eta Errenterian zabalduko du herrixka. Oraintxe bertan Kornuallesera bidean doa enbaxada, eta ekainean Galesen ere izango da”.

Izan ere, lau itsas-edukiontzitan bidaiatzen du Tosta enbaxadak, eta kontainer multzo horrek komunitate bakoitzean zabaltzen den Tosta herrixka gordetzen du (agertokia, erakusketa aretoa, taberna eta infopuntu batek osatutakoa). Tostaren egitarauaren baitan, kultur-truketik sortutako artelanak aurkeztuko dira, eta publiko mota askotarikoei zuzendutako jarduera parte-hartzaileak programatuko dira. Programa horren baitan, Tosta Bandaren kontzertua izango da emanaldi nagusia. Tostan parte hartzen duten komunitate guztietako musikariek osatzen dute musika-talde hau. “Irlandan jo zuten estreinakoz maiatzaren hasieran, bertan izan baitzen Tostaren lehen jaialdia. Hizkuntza eta musika estiloen aniztasuna ederki josten zirela eta bandak indar handia zuela sentitu genuen segituan”, adierazi du Otaegik.

Kartel berritzailea

Prentsaurrekoan hirugarren edizioko kartela aurkeztu du Laura Landak. “Guztiz berritzailea da aurreko bi edizioetakoekin alderatuta. Batetik, formatua aldatu dugu, formatu bertikala lehenetsiz. Bestetik, bi koloretan erabiliko dugu, zurian eta beltzean, eguneko eta gaueko programazioak nabarmentzeko. Azkenik, lengoai grafikoaren erabileran jarri nahiko nuke fokua. Lengoaia hori erabiliz aniztasunari protagonismoa eman nahi izan diogu marinelek erabiltzen dituzten sinboloak irudikatuz: aingura, ipar-orratza, geziak, eta abar.

Erantzun

Sartu