Teknologia albisteak

Etzegarate: lehengo lepotik burua

Erabiltzailearen aurpegia
2014-06-11 : 11:04
Euskararen normalizazioaren izenean oso normalak eta oso gomendagarriak ez diren proposamen eta aldaketak ikusten ohituta gaude Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordearen eskutik. Oraingo kasuan, okerrena ez da aldaketa bera, aldaketa justifikatzeko argudiatze dorpe eta faltsua baizik.

Aspalditxoan Idiazabalgo herritar batek Etxegarate izenari buruzko txostena aurkeztu zion Udalari eta honek itxura batean onartu. Azkenik, Etxegarate izena Etzegarate idazteko eskaera luzatu zion Udalak Euskaltzaindiari. Aurtengo apirilaren hamarrean, ditxosozko txostenak 12 urte betexeak zituela, hobetsi du Etzegarate grafia Euskaltzaindiko Onomastika Batzordeak eta txosten “argigarri” bat haizeratu.

 Badaudezke aldaketa justifikatzeko arrazoiak, izena zegoen zegoenean uztearen aldekoak baino gehiago ez, ordea. Berriro ere, Euskaltzaindiak ematen dituen argudioak, bere txostenaren izenburua gorabehera, nahasiak dira eta ez denak egiazkoak.

 Lehendabizi, izena sortzez Eitzagaratea zela gaztigatzen digute eta izen horren bilakaeraz Etzegarate sortu zela. Azken forma hori, gainera, adineko jendearen ahotan gorde izan da. Honaino dena argi. Arazoak hasten dira Etxegarate forma gaitzesteko arrazoiak bilatzeko orduan. Izan ere, errazagoa da aldaketa justifikatzea forma zaharra jatorra eta berria arrotza dela frogatzen bada. Kontua da Etxegarate (lehenago Echegarate idatzia) ez dela ez hain modernoa eta ez hain arrotza, eta kontrakoa frogatzeko argudioak, aldiz, bortxatuak eta nahasiak.

 Ezagutzera emandako txostenean bertan azaltzen denez, Echagarate, Echegarate formak XVIII. mendean hasten zaizkigu azaltzen. Lehendabizikoa 1727. urterako jadanik, nahiz eta azaltzen den bi kasuetako batean behintzat geroagoko apuntea izan daitekeen. Hurrengo mendean, gaur egun ezagutzen dugun errepidea zabaldu eta ezagunago egin zen mendatea eta beronen izena. Orduan hasten da Etxegarate indar handiagoz zabaltzen, mapetan hola idazten hasi baitzen. Euskaltzaindiak dio ez dakiela nola eta zergatik hautatu zen gaur egunera arte ofiziala izen forma, etxe- hitzaren eraginez izan zitekeela adierazteaz batera. Gero, dena argiago uztearren, “XIX. mendean Etzegarate izena baino ez da dokumentatzen” dioskute, aurretik emandako datuak eta horietaz esandakoa gezurtatuz.

 Forma modernoaren aldeko hautaketaren arrazoien ezjakintasuna onartu ondoren, aldaketaren arrazoia aurkezten digute duda izpirik utzi gabe, horretarako errealitatea tolestu behar badute ere. Gaztelaniak <tz> idazten dugun soinua adierazteko ezintasuna eta ezintasun honek sorturiko anabasa argudiatzen dute. Horrela gertatu bide zen Etxegarate arrotzak Etzegarate jatorrari lekua kentzea.

 Gauzak -serioak izan gaitezen- ez ziren horrela gertatu. Zabalza, Izagirre, Ostolaza,… ez ditugu sekula ere Sabalcha, Ichaguirre edo Ostolacha idatzirik ikusiko. Euskarazko izenak idazteko ustezko anabasa ez zen erderazkoak idaztekoa baino handiagoa. Sistema finko samarrak zeuden baina norma zaharragoak berriagoekin nahasten ziren, leku batekoak beste batekoekin. Gogoratu behar da Real Academia de la Lengua Española delakoa XVIII. mendearen hasieran sortu zela, eta 1741. urtean argitaratu zuela Ortografía liburuaren lehendabiziko argitalpena. Grafia sistema bateratu bat ezartzeko oraindik urte franko beharko ziren, berdin oinarrian sistema bera erabiltzen zuen euskararena ere. Itxiar, Arantxa eta gaur egunean entzuten ditugun horiek berriak dira, lehenago ez ziren Itziar eta Arantza idazten, konforme, euskararen eguneko sistema grafikoak mendetxo bat baino ez baitauka, baina bai Iziar edo Iciar, Arança, Aranza. Zailtasuna fonema horien artikulazio guneari baino, artikulazio erari zegokion, hau da: artikulaziogune bereko igurzkariak eta frikatuak (z/tz)  nahasten ziren, baina ez horzkariak sabaikariekin (tz/tx). Euskaraz ziztukari lepokariak (z) ez zuen parekorik gaztelaniaz, baina bai <z> grafia berarekin adierazten zen antzeko soinu hortzartekoa. Horrenbestez, transliterazioak ez zuen arazorik sortzen. Soinu afrikatuaren bereizketa sakrifikatu zen (<z> grafia bakarra /z/ eta /tz/ fonemetarako, baina ez azkena /tx/ sabaikariarekin nahastu.

 Euskaltzaindiako Onomastika Batzordeak argudiatzen duena, bada, ez da, aho betean esan behar da, Echegarate idaztearen arrazoia. Ezin zaio, setaren setaz errepikatzen zaigun gaztelaniaren eragin arrotzari egotzi. Baliteke hainbat toponimotan ageri den etxe- elementuak eragin handia eduki izana, beste hainbatetan gertatu den bezala, gogora bedi Bilbaoko Zeberitxa > Seberetxe. Bide bazterreko benta etxeren bat izan zitekeen, baina ez noa ingurua eta historia ezagutu gabe ezer baieztatzera. Nolanahi ere den, badirudi euskararen barne bilakaeraz gertatu zela aldaketa, orain ia 300 urte gertatu ere. Ordurako ezer adierazten ez zuen etze- batek etxe- molde adierazgarri eta ezagun baterako lerradura ohikoa jasan zuen. Juan Inazio Hartsuagak Hitzak fosil liburuan fenomeno beraren adibide polita dakar, Gaztelun eluts ‘ospel’ elementu galduaz osaturiko Sagastilus toponimoak gazteek Sagastiluze bihurtu dutenekoa. Kontuak kontu, Etxegarate forma berri horrek ez zuen etimologikoa guztiz baztertu eta egunera arte bizirik irautea lortu du. Sarri ematen dira holako forma bikoitzak, bata tradizio idatziaren eta bestea ahozkoaren bidetik etorriak.

 Datu eta hizkuntzalaritza historikoa zorroztasun, zuzentasun eta ondratasunez erabili beharra alde batera utzita, bi irizpideren lehia dugu aurrean: ahozko eta idatzizko tradizioen artekoa. Ahozko tradizioa euskaldun jatortzat saldu nahi zaigu eta idatzizkoa erdaldun petraltzat. Kasu bakanen batean baliteke horrela izatea, kontrakoa ere inoizka gertatzen den ber. Sarriago gertatzen dena idatzizkoa kultoa izatea eta ahozkoa bulgarra.

 Etxegarate mendatearen kasuan, forma biek dute zilegitasun bertsua; ez, ordea, beste batzuetan bezala, aldaketa justifikateko argudioek. Etzegarate onetsi behar badugu, oraindik orain horrela ahoskatzen delako eta Etxegarate errefusatu, ahoskera arrotzari dagokion grafia delako (nahiz eta gauzak horrela ez direla argi utzi dugun), beste askoren artean Leioa eta Loiu gaitzetsi beharko ditugu askoz ere arrazoi pisutsuagoekin, azken urteotako asmakizun hutsak baitira, bai idazkeraz bai idazkera hauek adierazten duten ahoskeraz den bezainbatean. Inguruetako euskaldunek Leyoa eta Loyu ahoskatzen dute, horregatik idatzi izan da beti Lejo- eta Luju-, edo Lexo- eta Luxu-. Leioa eta Loiu ahoskatzen duenak, azken urteotan horrela ikustearen ikusteaz euskal forma jatorrak direla sinetsita horrela ahoskatzen ikasi duelako da.

 Seriogoak eta ondraduagoak izan gaitezen. Gauzak aldatu behar baditugu, taxuz eta ganoraz egin dezagun, ez kapritxoz, setaz edo ezkutuko interesez. Normalizazioaren izenean, kontu eznormal gehiegi pairatzen dugu herri sufritu honetan.

Erantzun

Sartu