Oxford hiztegiak jasoa du dagoeneko Mansplaining terminoa: «gizon batek norbaiti, normalean emakume bati, zeozer azaltzea kondeszendentziaz edo gurasokeriaz». Euskaraz saio batzuk egin dira ingelesezko terminoaren baliokidea proposatzeko, baina joan den astean Estitxu Garai Artetxe irakasleak Twitterren plazaratutakoa izan da txalotuena: ARZALPEN (ar+azalpen).
2008an Rebecca Solnitek «Men explain things to me» (`gizonek gauzak azaltzen dizkidate´) izeneko artikulua idatzi zuen blog batean. Anekdota batetik abiatzen zen: autorea emakumezko lagun batekin joan zen festa batera, eta bertan gizon heldu ustez jakintsu batek esan zion entzuna zuela zenbait liburu idatziak zituela, eta eskatu zion haien berri emateko. Solnit bere azken liburuaz berba egiten hasi zitzaion. Eguneroko bizitzaren industrializazioari buruzko entsegu bat zen, eta prozesu horretan E. Muybridge argazkilari eta ikertzaileak XIX. mendean egindako ekarpen erabakigarriari buruzkoa. Gizonak berehala eten zion hitza esateko oso liburu garrantzitsu bat argitaratu berria zela gai horretaz, eta haren edukia aletzeari ekin zion. Solnitekin zegoen beste emakumea berehala ohartu zen gizona bere lagunaren liburuaz ari zela, eta halaxe argitu zion. Hala ere, gizonak ez bide zuen aintzat hartu, eta jardun eta jardun jarraitu zuen azalpenak ematen. Solniten lagunak hiruzpalau aldiz errepikatu behar izan zion begien aurrean zeukala liburuaren autorea, gizonak ideia hori barneratu eta lezioak emateari utzi baino lehen. Bidenabar esanda, gizonak ez ei zeukan irakurrita liburua.
Pasadizo horretatik abiaturik, artikuluan Solnitek oso gertaera ohikoa jarri zuen mahai gainean: gizon askok joera dute emakumeak isilarazteko, ustez eta —hizpidea edozein delarik ere— eurek gehiago dakitela beti. Botere desorekaren ondorio bat besterik ez da: agintzen duenak joera dauka ez bakarrik espazioa (kasu honetan sinbolikoa: hitza) okupatzeko, baina baita bere menpekoaren jakintza gutxiesteko eta haren balioa eta sinesgarritasuna kolokan jartzeko ere. Horren ondorioak latzak dira menpekoaren —kasu honetan, emakumeen— autoestimu eta konfiantzarako, eta albo kalte triste eta naturalak zapalduaren desmotibazioa eta autoanulazioa dira.
Solnitek ez zuen termino berezirik sortu fenomeno hori izendatzeko (azken batez, boteredunaren harrokeria klasikoaren aldaki bat baino ez da, kasu honetan genero desparekotasunari lotua), baina azken urteotan ingelesez «mansplaining» (man+explaining) terminoa zabaldu da gurasokeriaren kasu espezifiko hau izendatzeko. Oxford hiztegiak jasoa du dagoeneko, honako definizio honekin: «gizon batek norbaiti, normalean emakume bati, zeozer azaltzea kondeszendentziaz edo gurasokeriaz».
Jimmy Kimmelek maisplainingaren parodia gogoangarri eta barrez lehertzeko bat egin zuen bere saioan Hilary Clintonekin.
Hasteko, meta mainsplaingaren adibide zoragarri bat ematen zuen (lehen minutuan terminoaren definizioa bera zuzentzen zion elkarrizketatuari) eta gero mansplainer iaio baten tick guztiak eszenaratzen zituen: galdera egin eta segituan berak erantzutea, hitz hartze luzeak, solaskideari behin eta berriro etetea, gurasokeria salatzen duen gorputz hizkuntza (keinu eta aurpegiera exajeratuak, ume bati zuzenduz bezala...), itxura fisikoari buruzko iruzkinak, hizkera infantilizatzailea (erreparatu konplimendua egiteko adjektibo afektiboari: cute, hau da, moñoñoa)...
Autoa aparkatzeko unea mainsplainingerako abagune ohikoa izaten da, Leire Narbaizak ondo dakienez:
Aparkatzen leku zail baten. Gizon nagusi bat jarri zait instrukzioak ematen. Ez da lehenengo aldia. Aparkalekuetako #mansplaing-a
— leire narbaiza arizm (@txargain) December 16, 2016
Twitterreko elkarrizketetan adibide asko aurki daitezke. Honetan gizon batek java ikastera bidaltzen du informatikako irakaslea den andre bat:
Guys. I can't tell you how frustrating shit like this is. Especially having to deal with comments like this over and over and over… pic.twitter.com/LmYN1vzdUD
— Jen Golbeck (@jengolbeck) October 4, 2016
Hemen andrezko astronauta bati termodinamika klase bat ematen dio gizon batek 140 karakteretan:
@Astro_Jessica Wouldn't say it's spontaneous. The pressure in the room got below the vapor pressure of the water at room temp. Simple thermo
— L (@Im_L_Lawliet) September 10, 2016
Euskaraz saio batzuk egin dira ingelesezko terminoaren baliokidea proposatzeko, baina joan den astean Estitxu Garai Artetxe irakasleak Twitterren plazaratutakoa izan da txalotuena: ARZALPEN (ar+azalpen).
Zoritxarrez, Blanca Urgellek Twitterren orain gutxi zioen bezala, eguneroko ogia izaten da hori emakumeontzat, baina orain, Estitxu Garairi esker, behintzat euskaraz ere izenda dezakegu mamu gogaikarri hau. Umorea oso tresna ahaltsua da borroka guztietan, eta, beraz, animo, arzaltzaileari meniarik ez!
Erantzun
Sartu