Irailaren 18an Norvegiara bidaiatuko dut hiru hilabeterako eta Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeek atzerrian harrapatuko naute. Banekien behin Norvegiara joanda tramiteak zaildu egingo zirela eta erabaki nuen bozka-paperak hara joan aurretik eskuratzea, gero postaz bidaltzeko. Horrela bada, Internetetik jeitsi nuen dokumentazio dena, jakiteko zeintzuk pausu jarraitu behar nituen paperak lortzeko.
Kostata aurkitu nuen Donostiako Hautesle Erroldaren bulegoko telefono zenbakia, galdetzeko ea hiriburura bertaratu nintekeen bozka-paperak eskatzera; eta ezetz, nire herriko postetxera joan behar nuela horretarako, eta bertan eskatu.
Hala egin nuen, NANa eskuan nuela bertaratu nintzen, eskaera orria bete nuen eta hara non esan zidan gizonak, urriaren 1etik aurrera helduko zirela bozka-paperak etxera (Arrasatera). "Nebari esango diot batu ditzan eta postaz bidal dezan nire botua" pentsatu nuen. Galdetu, eta ezetz, nik neuk batu behar nituela paperak, nahiz eta gero nebak bidal zezakeen nire ordez:
–Norvegiako enbaxadan egin behar duzu eskaera, eta bozka-paperak zuk nahi duzun helbidean jasoko dituzu– esan zidan postetxeko gizonak.
"Ey, baina orain hemen nago! eta bi aste ditut gainera bozka-paper madarikatuen zain egoteko!". Buelta erdi, eta esku hutsik joan nintzen etxera.
Norvegiako enbaxadara deitu nuen hurrengo egunean:
–Aizu, zer egin behar dut bozka-paperak lortzeko?
–Oslora bertaratu behar duzu irailaren 17a baino lehen, behin-behineko biztanle gisa inskribatuko zaitugu Norvegian, eta zure probintziako Hautesle Erroldara eskatuko ditugu bozka-paperak, Norvegiara bidal ditzaten.–esan zidan neska jatorrak.
Irailaren 17a baino lehen? 18an noa, baina, Norvegiara! Ezin nuen sinistu. Neskak "sentitzen dut" batekin agurtu ninduen. Hori ikusirik, Donostiako Hautesle Erroldaren bulegora deitu nuen berriz, esanez, ez zizkidatela nire herriko postetxean, ezta Norvegiako enbaxadan ere bozka-paperik emango:
–Norvegiako enbaxadakoei esan beharko zenieke erratuta daudela, irailaren 22raino aukera duzulako paperak eskatzeko.
–Aizu, eta nire lana al da Norvegiako enbaxadakoei oker dabiltzala esatea?
Nire haserrea ikusita, beraiek azkenean (azkenean!) konpondu zuten arazoa: irailaren 22ra arte enbaxadara joan ninteke bozka-paperak eskatzera. Oslora irailaren 18an helduko nitzela ikusita, egunean bertan hurbilduko nintzateke enbaxadara, paperak eskatu, eta bi ordu t'erdiko bidaia egingo nuke gero, nire helmugara iristeko.
Enbaxadara deitu nuen berriz ere, abisua emateko irailaren 18an joango nintzela tramiteak egitera:
–Zein ordutan etorriko zara?
–Sei t'erdietan iritsiko naiz.
–Ah, ez, ez! ordu bietan isten dugu biztanleen harreta zerbitzua. Etor zaitez beste egun baten.
Azkenean, etsituta esan dezaket aste osoa bozka-paperen bila ibili ondoren, aurten ez dudala hauteskundeetan parte hartuko.
Erantzun
Sartu