Uztailaren bukaera aldera eman zuen ezagutzera Eusko Jaurlaritzak Iñaki Martinez de Lunak zuzendutako “Euskara EAEn: gaitasuna, erabilera eta iritzia” ikerketa. Deigarriena egiten zaidana da: elementu subjektiboek zein garrantzi txikia duten euskararen ezagutzan eta erabileran.
Behin eta berriro aipatzen den baieztapena da, normalizazioan ari garenok kontuan hartzekoa: laneko (eta ikasketetako) erabilera “… nagusiki hiru alderdirekin lotuta dago: lehenik eta behin testuinguru soziolinguistikoa (…); bigarrenik eta hirugarrenik, lehen mailako ikasketetako… eta euskarazko hizkuntza gaitasuna agertzen dira” Beraz, erabileran eragin nahi bada, gaitasunean eta erabilera hori erraztuko duten “giro-baldintzetan” eragin beharko da. Ondorioetan azpimarratzen duenez, “elebitasun indibidual eta gizarte-elebitasun orekatuak lortzeko (…) ez da nahikoa hizkuntza baten dimentsio subjektiboan esku hartzea (balioetan, iritzietan, jarreretan)…”
Bigarrenik, azpimarratzekoa da, oso finkatuta daudela euskararekiko iritzi-joera nagusiak: Euskaltzalea, gehienbat euskararen transmisio eta ikasketa onarekin lotua; Mesfidatia, adinaren faktorearekin lotua; Onarpen Pasiboa erakusten dutenena; Abantaila Sozialen joera.
Hirugarrenik, nabarmentzekoa iruditzen zait Eusko Jaurlaritzak berak sustatutako lan honetan argiro azpimarratzea ezinezkoa dela 1982ko Legearen helburuak betetzea (“Euskal Herriko herritar guztiek dute hizkuntza ofizialak jakiteko eta erabiltzeko eskubidea”. Izan ere, “benetako arriskua dago, egungo gizarte-elebitasun desorekatuaren egoerak euskara bazterrean eta atzera bueltarik gabe uztea. Errealitatean ez dira inondik ere betetzen eskubide linguistikoak bermatzeko beharrezkoak diren baldintzak”.
Bukatzeko, gabezia nagusi bat aurkitzen diot ikerketa honi: hain argi eta garratz deskribatu duen egoera honi buelta emateko orduan, sei gomendio iradokitzera mugatzea, gomendio baino asmo edo intentzio ontzat har ditzakegunak. Horra erronka.
Erantzun
Sartu