Teknologia albisteak

Iruñeko Udalak Euskararen Ordenantza berriari alegazioak

Erabiltzailearen aurpegia
2019-03-17 : 23:48

Iruñeko Udalak Euskararen Ordenantza berria izanen omen du. Behin-behineko onespena eman dio Osoko Bilkurak. Laudoriozko hitzak jaso ditu gobernu taldetik, baina hutsune nabarmenak baditu. Administrazioa Euskaldundu Taldeak alegazioak aurkeztu dizkio ordenantzari, horregatik. Espero dezagun Iruñeko Udalak alegazio hauekin harkorra izatea, langile elebidunik gabeko elebitasuna bultzatzen duen Ordenantza hau, bestela, sinesgarritasun gabekoa izanen baita.

Jarraian Administrazioan Euskaraz Taldeak aurkeztutako alegazioak, behin-betiko onespena eman aurretik bozkatu beharko dituztenak:

LEHENENGOA.- Lan deialdietan euskararen balorazioa arautzen duen artikulua aldatzea, 103/2017 Foru Dekretuak erreferentzia moduan aipatzen duena jarri baitu (erreferentzia hori ez da derrigorrezkoa). Horren ondorioz, euskara ez da baloratuko oposizioetan eta % 0’7 baloratuko da oposizio-lehiaketetan (merituak deialdiko puntuen % 10 baldin badira, ohikoena Iruñeko Udalean). Zehazki, gainontzeko merituen % 7 puntuatzea dio testuak.

Gure taldeak hauxe proposatzen du: Deialdiko puntu guztien % 5a orokorrean, eta jendaurreko lanpostuetan eta Udalak estrategikotzat jotzen dituen lanpostuetan % 10a.

Beste alternatibak ere proposatzen ditugu. Baita Ordenantza bera ere erretiratzea artikulu hori onartu baino lehen, kontuan izanik agintaldi honetan deialdi askotan (gehien-gehienen kasua ez bada ere) euskara % 10 puntuatu dela eta praktika horrekiko Ordenantza izugarrizko atzerapena dela.

BIGARRENA.- Haur Eskoletako hezitzaile eta zuzendari guztiei eta Musika Eskolako irakasle guztiei euskarazko hizkuntz profila jartzea, hizkuntza aukeratzeko gurasoen hautu askea bermatzeko. Bestela, bi hizkuntzak menperatu gabe, fikziozkoa da aukeratzeko eskubidea, guztiz mugatuta.

HIRUGARRENA.- Gainontzeko lanpostuetan euskarazko hizkuntz profileko lanpostuak % 23’9 izatea. Hau da, Iruñeko biztanle euskaldunak (% 10’5) + Iruñeko euskaldun hartzaileak (euskara ulertzen dutenak) (% 11’4) + % 2. Eusko Jaurlaritzak aplikatzen duen formula, alegia. Derrigorrez zehaztu beharko lituzke 2021eko Plantilla Organikoan.

LAUGARRENA.- Lan deialdietan euskararen puntuazioa lausotu edo bere eragina gutxitzeko izandako hainbat praktika baztertzea (adibidez, ingelesa puntuatzea soilik euskara ez dakienari; edo Udaletik kanpoko jendeak osaturiko zerrendetarako euskara puntuatzen den bitartean, Udaleko langileek osatu eta lehentasun duten zerrendetarako euskara ez puntuatzea).

BOSGARRENA.- Euskarabideak antolatzen dituen euskara ikastaroetarako sarbidean murrizketarik ez izatea (ez bada zerbitzuen beharrengatik). Hau da, A1 eta A2 mailetarako ikastaro trinkoak ez baztertzea, orain arte bezala.

SEIGARRENA.- Hizkuntz paisaia aldatzen joateko urtero diru-saila gordetzea.

ZAZPIGARRENA.- Euskarazko eskaerei euskarazko erantzuna ematea, eta ez elebidun. Hau da, orain arte bezala Ordenantza mantentzea, atzerapauso hori gabe.

ZORTZIGARRENA.- Beste zenbait eskaera, garrantzi gutxiagokoak badira ere. Orotara, 26 alegazio aurkeztu ditugu.
 

Erantzun

Sartu