Iruñeko Udalak lan deialdi askotan zerrendak osatu ditu modu bitxi batean: Prestakuntzarako zerbitzu berezietarako zerrendetan (nolabait, barneko zerrendetan) euskara ez du baloratu eta kanpoko jendeaz osatutako zerrendetarako bai. Gero, lanpostuak aldi baterako betetzeko, barneko zerrenda horrek dauka lehentasuna. Helegite baten aurrean, Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2017ko ekainaren 7an ontzat eman du praktika hori. Zuzenbideko lizentziadunen zerrenden kasua zen aztertutako auzia.
Administrazioan Euskaraz Taldeak gertatutakoa baloratu nahi du:
- LEHENENGOA.- Nafarroako Administrazio Auzitegiak hauxe dio: Langile egokiak bilatu ordez, Iruñeko Udalak lehentasuna eman dio langile finkoak sustatzeari. Baieztapen horren gainean eraiki du Ebazpena.
- BIGARRENA.- Baieztapen hori ez da egia eta baieztapen horren gainean argudiatutako Ebazpena ezin da egokia izan.
- HIRUGARRENA.- Euskara meritu moduan puntuatua edo ez puntuatuta, langile finkoak sustatzearen aldeko apusturik ez dago. Kasu batean zein bestean, berdin berdin gainditu behar dituzte Udaleko langileek beharrezko probak eta hori egin gabe zerrendan sartzerik ez dute. Beraz, sistema honi lehentasuna ematen zaionik ez da egia.
- LAUGARRENA.- Iruñeko Udalak egiten duena eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ontzat eman duena da beharrezko probak gainditzeagatik zerrendetan sartu diren langileen ordena mantentzea da, euskararen balorazioaren bidez aldatu gabe. Hau da, lehentasuna ematen zaie euskara ez dakiten langileei, euskara dakiten langileen aldean. Kanpoko jendeaz osatutako zerrendetarako onuragarria jotzen dena (euskara jakitea) ez da baloratzen barneko zerrendetan. Inkoherentzia hau ontzat ematea desegokia da. Nafarroako Administrazio Auzitegiak aipatutako argudioa, bederen, eutsiezina da.
- BOSGARRENA.- Urte askotan euskara ikastea sustatu ondoren (orduen erdiak lan ordutegi barruan), jokaera honekin Iruñeko Udalaren mezua argia da: “Euskara ez ikastea erabaki duzuen langileak, lasai egon, inolako kalterik ez duzue jasanen lanpostuak betetzerakoan”; “euskara ikastea erabaki duzuen langileak ez pentsatu ahalegin hori kontuan izanen dugunik lanpostuak betetzerakoan; hor konpon zuen erabakiarekin!” Eta hori egiten du Iruñeko Udalak euskara jakitea onuragarria jotzen duen lanpostuetan. Onuragarria jotzen du, kanpoko zerrendarako meritu moduan puntuatzen baitu.
- SEIGARRENA.- Jokaera inkoherente horrekin, Iruñeko Udalaren hizkuntz politikak sinesgarritasuna galtzen du. Aldaketaren aldeko gobernu taldeak hori egin du orain arte. Ba, hor konpon bere sinesgarritasuna galtzearekin, ondorioak berak ordainduko ditu eta.
Erantzun
Sartu