Helegitea jarri zuten gurasoek gaztelaniazko eskaintza ziurtatuta zeukaten eta lehengo tokitik ez oso urrun. Afera hau orain arteko erregimeneko alderdiek lagundu eta epaileak babestutako guraso talde txiki horren eta euskarazko eskaintza nahi duten gurasoen artean dago. Guraso talde txiki horrek beste gurasoei euskarazko eskaintza ukatzea lortu du epaitegian, haiek gaztelaniazko eskaintza arriskuan ez bazuten ere.
Iruñean euskarazko haur eskolen eskaintza zeharo murriztua izan da urteetan zehar. Manifestazioak, elkarretaratzeak, sinadura bilketak, helegiteak... Denetarik izan da euskarazko eskaintza zabal zedin. Alferrik izan da UPNk Udaleko aginte makila izan duen bitartean. 17 Haur Eskoletatik euskaraz bi haur eskola soilik izan ditugu eta haiek auzo berean (Txantrean).
2015eko maiatzean aldaketa izan zen Iruñeko Udalean. Ordura arte euskarazko Haur Eskolen eskaintza zabaltzea zapuztu zutenak oposiziora igaro ziren. Azkenean, tunelean argia.
Hurrengo ikasturterako euskarazko lau haur eskola antolatu zituen Iruñeko Udalak. Eskaintza horrekin ez zuen eskaria asetzen, baina urrats garrantzitsua zen hainbeste urteko lehortearen ondoren.
Epaile batek euskarazko eskaintza zabaltzeko akordioak baliogabetu ditu, behin-behinean bada ere. Orain, dena da zalantza hurrengo ikasturteari begira, Administrazio Auzietarako Aretoak gaiaz erabaki arte (Iruñeko Udalak behin-behineko baliogabetze hori errekurritu egin baitu).
Akordioak baliogabetzeko guraso talde txiki batek eskatu bazuen ere, afera hau ez da gaztelaniazko eskaintza nahi duten gurasoen eta EH Bilduren artean (edo boterean dauden lau alderdien artean).
Helegitea jarri zuten gurasoek gaztelaniazko eskaintza ziurtatuta zeukaten eta lehengo tokitik ez oso urrun. Afera hau orain arteko erregimeneko alderdiek lagundu eta epaileak babestutako guraso talde txiki horren eta euskarazko eskaintza nahi duten gurasoen artean dago. Guraso talde txiki horrek beste gurasoei euskarazko eskaintza ukatzea lortu du epaitegian, haiek gaztelaniazko eskaintza arriskuan ez bazuten ere.
Aspaldiko eskaera asetzera zihoan udal berriaren erabakia. Hauteskundeetatik ateratako udalak hartutako erabakia. Nolabait, epailearen Autoa estatu kolpe antzekoa izan da, hauteskundeetan galtzaile izan zirenen irizpideak indarrean jarri baititu berriro.
Aretoaren esku dago orain afera. Espero dezagun aurreko epaileak egindako bidegabekeria zuzentzea, normalean epaileek haiengan konfidantza izateko arrazoi gehiegirik ematen ez badute ere.
Edozein modutan Euskararen Ordenantza oso argia da: "Haur Eskolak hedatzeko plan orokorraren barran, euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea".
Beraz, Iruñeko Udalak euskarazk haur eskolak nahi dituzten gurasoen eskariei ezin die muzin egin. Epaileek zenbait haur eskolatan hizkuntz eredu aldaketa galarazita ere, bere betebeharra da euskarazko eskaintza ziurtatzea, beste eraikinetan egin behar badu ere. Hau da, ezin bada Goiz Eder, Donibanen edo Printzearen Harresian izan, beste toki batzuk atondu beharko ditu gurasoen eskubidea gauzatzeko.
Espero dezagun horretara iritsi behar ez izatea, baina bakoitzak bere erantzukizuna onartu beharko du. Bitartean, Justizia Auzitegi Nagusitik, behin bada ere, justizia iristea desio dugu.
Erantzun
Sartu