Gure taldeak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio horrelako jokaera aldatzea, Arartekoari emandako erantzuna ikusita garbi baitago UPNren Gobernuaren ildoari jarraitzeko prest dagoela.
NAFARROAKO GOBERNUA UZKUR, INFORMAZIOA EUSKARAZ BIDALTZEKO
Nafarroako Gobernu berriak ETB Nafarroan normaltasunez ikustea eta Euskalerria Irratiaren lizentzia errealitate bihurtzea lortu ditu. Eskertzekoa da hori, baina horrekin euskararen aldeko jarduna bukatutzat eman ote duen susmoa dugu.
Gai baten edo bestearen inguruan noizean behin herritarrei modu orokorrean informazioa bidaltzen die Nafarroako Gobernuak. Halaxe egiten zuen aurreko Gobernuak, bederen.
Informazio hori eremu mistoko herritarrok gaztelania hutsean jaso ohi genuen eta kasu batzuetan horren inguruko kexak egin ditugu.
Orain arte, modu orokorrean horrelako informazio gutunak bidaltzea ez zaio egokitu Nafarroako Gobernu berriari eta ezin dugu ziurtatu nola eginen duen.
Baina badakigu nola jokatzen ari den aurreko Gobernuak jaso zituen kexekin, Gobernu berriari horrelako espedienteak bukatzea dagokiolako.
Adibidez, Iruñeko herritar batek kexa jarri zuen Nafarroako Arartekoaren bulegoan, koloneko minbiziaren Programari buruzko informazioa gaztelania hutsean jaso zuelako.
Oraingo Nafarroako Gobernuak Arartekoari erantzun dio programa informatikoak ez duela aukerarik ematen horrelako kexa onartzeko. Informazioa gaztelania hutsean edo elebidun bidaltzen dela, eta hori osasun etxearen arabera edo hizkuntz eremuaren arabera egiten dela. Hau da, eremu euskaldunean elebidun bidaltzen duela eta gainontzeko eremuetan gaztelania hutsean.
Arazoa, noski, ez da informatikoa. Nahi izanez gero, hori erraz konpon daiteke. Arazoa da sistema hori aldatzeko borondate politikoa izatea. Nafarroako Arartekoari emandako erantzunean borondate hori ez da inondik inora agertu.
Gure taldeak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio horrelako jokaera aldatzea, Arartekoari emandako erantzuna ikusita garbi baitago UPNren Gobernuaren ildoari jarraitzeko prest dagoela.
Espero dezagun hurrengo informazioaren garaian oraingo Gobernuak irizpide euskaltzaleari bidea ematea. Bestela, ustekabe handia eramanen du jendeak, sinistuta baitago orain bai Gobernu euskaltzalea dugula.
Erantzun
Sartu