Iruñeko Euskalgintzak hauxe iragarri nahi du: 466 sinadura horiek aurkeztu zituen amak 2015eko ekainaren 10ean demanda jarri du Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, helburu hori lortzeari begira. Auzi hori irabaztea, ordea, ez da erraza izanen.
IRUÑEAN EUSKARAZKO HAUR ESKOLAK LORTZEKO, ADMINISTRAZIOAREKIKO AUZIEN EPAITEGIAN SARTU DA DEMANDA.
466 gurasok eskatu zituzten iaz Haur Eskolak euskaraz eta euren auzoan. Ez Iruñeko Udalak, ez Nafarroako Administrazio Auzitegiak, ez zuten eskatutakoa onartu.
Iruñeko Euskalgintzak hauxe iragarri nahi du: 466 sinadura horiek aurkeztu zituen amak 2015eko ekainaren 10ean demanda jarri du Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, helburu hori lortzeari begira. Auzi hori irabaztea, ordea, ez da erraza izanen.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak errana: “Iruñea bezalako udalerrietan haur eskolek irakaskuntza programatu behar dute gaztelaniaren eta euskararen erabilera egokitzeko; giza baliabideak berez mugatuak direnez, logikoki ezinezkoa da Udalaren auzo guztietako haur eskoletan irakaskuntza euskaraz eskaini ahal izatea”.
Horrela pentsatu ohi dute honelako auziak erabaki behar dituztenek. Ezinezkoa omen da auzo guztietan haur eskoletako irakaskuntza euskaraz eskaintzea. Logikoa da, gainera. Arrazoi juridikoak aztertzeko beharrik ere ez dago.
Euskararen Legeak hauxe baldin badio, “Administrazio Publikoek, aurreko artikuluetan xedatutakoa eginkor bihurtzeko, beharrezko diren giza eta teknika bitartekoak eta materialak paratuko dituzte”, berdin da. Euskarazko irakaskuntza eremu mistoan ezinezkoa da. Administrazioen ahalmena mugatua da, Legeak edozer erranik ere.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak errana: “Udala ez dago behartua jartzera haur irakaskuntzan herritar bakoitzari komeni zaizkion ezaugarriak dituzten ikastetxeak, herritar guztien bizilekuaren arabera kokatuak; ezin da eskaeraren baiespena justifikatu erosotasunagatik edo komenigarritasunagatik”. Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzak hauxe dioen arren: “Haur Eskolak hedatzeko plan orokorraren barruan, euskarazko haur irakaskuntzarako eskaerak aintzat hartuko dira, ahal den modurik hoberenean bermatuz gurasoek euren seme-alabendako hizkuntz eredua hautatzeko duten eskubidea”.
Hizkuntz eredua hautatzeko gurasoen eskubidea modurik hoberenean bermatzea ote da auzo ia guztietan euskarazko irakaskuntza ez eskaintzea?
Latza da Iruñeko Udaleko agintariek arauak ez betetzea. Are latzagoa arauak haiei betearazi behar dizkietenek funtzio horri uko egitea, agintarien apeten menpe egonen balira bezala. Errealitate hutsa da hori, ordea, kasu askotan, afera honetan bezala.
Arauak argiak dira. Nafarroako Arartekoak ere argi ikusi zuen. Hala ere, Administrazio Auziekiko Epaitegiko epaileak horrela ez ikustea ez litzateke bitxia izanen. Bestelako interesak defendatzen dituzte hor. Euskara elementu erabat arrotz moduan ikusten dute.
Partida kanpoko zelaian erabakiko dela jakinda ere, borroka hori babesten du Iruñeko Euskalgintzak, etsi egitea azkena delakoan baikaude.
Euskarazko haur eskolen aldeko dinamika hau UPNren agintaldiaren garaian hasi zen eta horren segida da demanda hau. Agintari berriak ditugu, ordea, Iruñeko Udalean. Espero dezagun hauek borondatea jartzea eta gurasoen nahia gauzatzen laguntzea. Guk, orain arte bezala, elkarlanean aritzeko borondatearekin segituko dugu.
Erantzun
Sartu