Nafarroako Administrazio Auzitegiak eremu euskaldunean euskaraz bizitzeko nahiaren aurka euskaraz eta gaztelaniaz bizitzeko agindu dio. Bai, gaztelania inposatzen da, beraz.
Uharte Arakilgo Udaleko Euskararen Ordenantza hein batean deuseztatuta dago.
Hauexek dira deuseztatutako artikuluak:
8. artikulua. Euskara hizkuntza ofiziala duten administrazio edo erakunde publikoei Udalak euskaraz edo hizkuntza bietan bidaliko dizkie agiriak.
12. artikulua. Herritarrei ematen zaizkien inprimakiak euskaraz edo hizkuntza bietan egonen dira.
Pertsona batek aurkeztutako gora jotzeko helegiteari erantzunez 2014ko maiatzaren 21ean emandako Ebazpenean Nafarroako Administrazio Auzitegiak 8. eta 12. artikuluak deuseztatu zituen.
2014ko irailaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Udalak bi artikulu horiek deuseztatu zituela, Ebazpenari men egiteko.
Gaur egun euskara hizkuntza ofiziala den tokietan gaztelania ere ofiziala da. Administrazio edo erakunde publiko batean pertsona batek gaztelania erabil dezake, baita euskara ere, eta biak ere bai (horrelako lana hartu nahi badu). Uharte Arakilgo Udalak, ordea, ezin omen du aukeratu. Antza denez, gaztelania erabili behar du derrigorrez, gutxienez. Logikarik gabeko egoera da.
Inprimakiei dagokienez, gaztelania beti erabiltzeko inposaketa hortxe geratu da. Erdarazko idazkiak onartzeari ez dio trabarik ipini Euskararen Ordenantzak, baina gaztelania inprimakietara zabaltzea agindu dio Nafarroako Administrazio Auzitegiak. Eremu euskaldunean euskaraz bizitzeko nahiaren aurka euskaraz eta gaztelaniaz bizitzeko agindu dio. Bai, gaztelania inposatzen da, beraz.
Erantzun
Sartu