Nafarroako Administrazio Auzitegiak adierazi du hori ez dela Erdi Aroko toponimo bat, baizik eta Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1999ko abenduaren 17an ezarria eta guztiz itzulgarria planetako hizkuntza guztietara. “25 de noviembre” gaztelania ez bada, hala dirudi, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren arabera.
Administrazioan Euskaraz Taldeak “25 de noviembre” izeneko pasealekuko kartelaren inguruan Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2014ko abuztuaren 21ean erabaki zuena jakinarazi nahi du: Pasealeku horretako kartela elebidun jarri beharko du Iruñeko Udalak (25 de noviembre/Azaroaren 25a).
Aurretik, hiritar baten eskaera isiltasun administratiboaren bidez ukatu zuen. Nafarroako Administrazio Auzitegian, ordea, Iruñeko Udalak argudiatu zuen “25 de noviembre” toponimoa zela. Beraz, itzulezina, euskarara, gaztelaniara edo beste edozein hizkuntzatara.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak, ordea, adierazi du hori ez dela Erdi Aroko toponimo bat, baizik eta Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1999ko abenduaren 17an ezarria eta guztiz itzulgarria planetako hizkuntza guztietara. “25 de noviembre” gaztelania ez bada, hala dirudi, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren arabera.
Pasealekuari izen hori ematea erabaki zuenean, izen berria zen. Ordura arte, inork ez zion horrela izendatzen. Horrela, Nafarroako Administrazio Auzitegiak baztertu du hori toponimoa izatea.
“Genero indarkeriaren Nazioarteko Eguna” ere jartzen zuen kartelak, euskaraz, modu lotsagarrian. “Genero indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna” jartzea izan zen hiritarraren bigarren eskaera. Iruñeko Udalak hori onartu eta kartela aldatu zuen.
Nafarroako Administrazio Auzitegiaren ustez, Iruñeko Udalak emandako argudioen funtsik eza dela eta, komenigarria zen gora jotzeko errekurtso hau ebatzi arte itxoitea, hein batean zuzendutako errotulua aldatzeak dakarren alferrikako gastua saiheste aldera. Tamalgarria da kontua, baliabide publikoak behar bezala administratzeko printzipioei begira.
Beraz, hirugarren aldiz jarri beharko du kartela Iruñeko Udalak, osorik elebidun, eta euskara txukunean.
Erantzun
Sartu