Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2014ko abuztuaren 1ean erabakita: Liburutegi horretako errotulu, plaka eta kartelak ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) jartzeko agindu dio Iruñeko Udalari (20 baino gehiago dira).
SAN PEDROKO BIBLIOTEKAKO KARTELAK ELEBIDUN JARRI BEHAR DITUZTE.
Administrazioan Euskaraz Taldeak San Pedroko Bibliotekako kartelen inguruan Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2014ko abuztuaren 1ean erabaki zuena jakinarazi nahi du: Liburutegi horretako errotulu, plaka eta kartelak ele bitan (euskaraz eta gaztelaniaz) jartzeko agindu dio Iruñeko Udalari (20 baino gehiago dira).
Udalak kartelak elebidun jartzeko eskaera ukatu zion Iruñeko hiritar bati, isiltasun administratiboaren bidez. Gero, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren aurrean argudiatu zuen kartelak jartzea Nafarroako Gobernuari dagokiola. Izan ere, biblioteka horren inguruan lankidetza hitzarmena sinatua du Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuarekin.
Nafarroako Administrazio Auzitegiak, ordea, horrela arrazoitu du bere erabakia:
- 5.000 biztanletik gorako udalerrietan udalek liburutegi publikoaren zerbitzua eman behar dute, Legearen arabera.
- Lankidetza hitzarmenek ez diote ekartzen, eta ezin diote ekarri, eskumenen galerarik titularrari (kasu honetan, Iruñeko Udalari).
- Kudeatzeko gomendioak ez dakarrela ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea. Emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten erabaki juridiko guztiak dagozkio kudeatzeko gomendioa eman duen erakundeari.
- Iruñeko Udalean Euskararen erabilera arautzen duen Ordenantzak hauxe arautzen du: “Udalaren eskumeneko zerbitzu batzuk hirugarrenek egiten badituzte, edozein dela ere horretarako kudeaketa modua, haietan ordenantza honen IV. Kapitulua aplikatuko da”. Hau da, Udalaren kanpo irudia arautzen duen Kapitulua aplikatuko da.
- Beraz, oraingo kartelen ordez idazkunak gaztelaniaz eta euskaraz dauzkaten beste batzuk jarri behar ditu; edo bestela, oraingo kartelen ondoan beste batzuk euskara hutsez jarri behar ditu.
- Iruñeko Udalak epea jarri behar dio Nafarroako Gobernuari hori egiteko, lankidetza hitzarmenaren esparruan. Epe horren barruan Nafarroako Gobernuak egiten ez badu, Iruñeko Udalak berak egin beharko du eta gastuak ordaintzea eska diezaioke Nafarroako Gobernuari. 2013ko udan biblioteka berritu zuten eta orduan jarri zituzten kartel berriak. Kartel horiek gaztelania hutsean jarri ere. Euskararen Ordenantzak elebitasuna ezarri ondoren 15 urte igaro eta gero. Baita ere gaztelerazko eta euskarazko testuetan berdintasuna arautu eta urte betera.
Erantzun
Sartu