Administrazioan Euskaraz taldeak Zizurko Udalak Euskararen Ordenantzan sartutako aldaketa baloratu nahi du. Zizur Nagusiko Udalak Euskararen Ordenantzan Eranskina sartu zuen, bertan lanpostuen hizkuntz eskakizunak zehazteko. 2014ko otsailaren 5ean argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Oro har, filosofia herabea erakutsi zuen jende euskaldunarekiko.
Zizur Nagusiko Udalak euskara zerbitzu hizkuntza moduan hartu du eta gutxieneko arreta bermatu. Alor guztietan langile bat gutxienez ziurtatu du.
Garai batean, inolako antolamendurik ez zegoen euskaraz arreta emateko. Zertxobait aldatu da egoera, beraz.
Hala ere, praktikan gehienbat erdarazko arreta izanen dute euskaldunek, hori ez baita nahikoa. Euskarazko arreta ziurtatzeko modu bakarra lanpostu guztietan euskara jakiteko beharra jartzea da.
Udal batean bi lanpostu dira ardatz: Idazkaria eta kontu hartzailea. Ez da harritzekoa C1 maila eskatzea (gaitasun maila), nahiz eta egokiagoa zen C2 (gaitasun maila zabala). Hala ere, balorazio hori merezimenduzkoa izateak ez du ziurtatzen lanpostu horietan langile euskaldunak hartuko direnik, eta, ez badira, Udalaren funtzionamendu osoa baldintzatzen da, erdararen aldera.
A eta B mailetan, euskara teknikari lanpostua kenduta, behin ere ez da euskara jakitea derrigorrezkoa. Jakinekoa da ondorioa: Lan hizkuntza moduan, idatziz, erabat galarazita egonen da euskara.
Orotara, 95 lanpostu dira Zizur Nagusiko Udalean. Horietatik, 13tan eskatzen da euskara jakitea (% 13’68).
Zizur Nagusian 14.084 biztanle bizi dira, 2012ko zentsuaren arabera. 2001ean neurtu zen azkeneko aldiz euskaldunen kopurua. Orduan, % 11’85ek ongi zekien euskara eta % 14’05ek zailtasunez. Dena den, datuak gaurkotu beharra agerikoa da: 2001ean, 5.638 lagun bizi ziren Zizur Nagusian.
Erantzun
Sartu