Metauten Lizarrako Merindadean dago, Iruñetik 55’4 kilometrora. 287 biztanle ditu, 2012ko zentsuaren arabera. Sei kontzejuk osatzen dute Metautengo udalerria: Arteaga, Gauza, Metauten, Ollobarren, Ollogoien eta Zufia.
2001ekoak dira euskararen ezagutzari buruzko azkeneko datuak. % 10’24 ziren orduan euskaldunak (zailtasunez egiten zutenak kontutan hartuta, % 6’14 baitziren ongi egiten zutenak).
Euskararen Legeak egin zuen banaketaren arabera, eremu “ez euskaldun”-eko udalerria da.2013ko abuztuaren 26tik Metauten bihurtu da Euskararen Ordenantza duen Nafarroako eremu “ez euskaldun”-eko lehenengo udalerria.
Edukia ez da ausartegia izan, beharretarako motz gelditzen da, baina, hala ere, aitzindaria izatea aitortu behar zaio. Zein udal ausartu da horrelakoa egiten lehenago?Metautengo Udaleko Euskararen Ordenantzaren arazoa da Udalaren egitekoa ez duela zehazten. Funtsean Ordenantzak ahalmena ematen dio Udalari gauzak elebiz egiteko, baina horretara behartu gabe.
Langile euskaldunik hartzeko aukera ez du jasotzen eta euskara jakitea meritu moduan sar daitekeela dio, baina gero Euskararen Legean eta hura garatzen duten Dekretuetan ezarritako gehieneko balorazioa ezartzen du kasu horietarako. Erreferentzia hori hutsala da, gaur egun ez Legeak ezta bere garapenak ez baitute eremu “ez euskaldun”-erako ezertxo ere aipatzen. Beraz, nahiko teknika eskasa du Metautengo Ordenantzak horri dagokionez.Inprimakiak bi hizkuntzetan jartzeko eta bi hizkuntzetako edozein erabilita idazkia onartzeko betebehar bakarrak dira Ordenantzan zehar. Ez da gehiegi baina gauza guztiek dute beren hasiera.
Metautengo Udaleko Euskararen Ordenantza ez da ausarta izateagatik historiara pasatuko, baina bai eremu “ez euskaldun”-eko lehenengoa izateagatik. Bidea ireki du eta espero dezagun eremu horretan Ordenantza gero eta hobeak onartuak izatea.Horretan du garrantzia Metautengo Ordenantzak eta horretarako deia egiten dugu.
2013ko urriaren 6an.ADMINISTRAZIOAN EUSKARAZ TALDEA.
Erantzun
Sartu