Sustatu logoa Teknologia albisteak

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari kritika

adm.euskaraz.taldea
2013-05-27 10:24

Administrazioan Euskaraz taldeak Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea kritikatu nahi du. 

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea osatzen duten udalerriak hauek dira: Noain-Elortzibar, Beriain, Galar Zendea, Untzue, Ibargoiti, Elo, Biurrun-Olkotz eta Tebas-Muruartederreta. Egoitza Noainen dauka. 15.042 biztanleri zerbitzua ematen die.

Orain dela gutxi arte, legearen arabera, eremu erdaldunekoak ziren udalerri horiek guztiak. 2010eko urte hasieran, ordea, Galar Zendeako bizilagunen egoera juridikoa aldatu zen. Nafarroako Parlamentuak Udalari eremu mistora igarotzeko aukera eman ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak aldaketa onartu zuen. 8 boto izan ziren alde eta bat aurka (UPNko zinegotzi bakarrarena).

1.865 biztanle ditu Galar Zendeak. Mankomunitate horretan hirugarren udalerria da, populazioari dagokionez (Mankomunitateko bizilagunen % 12’40). Cordobilla (496), Ezkirotz (388), Espartza (299), Getze (271), Subitza (179), Galar (119), Arlegi (73), Olatz Nagusia (28) eta Barbatain (20) dira Zendeako herriak.

Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak administrazioko langileak eta 7 langile berezitu gehiago ditu. Hau da, psikologo bat, gizarte laguntzaile bat, 2 gizarte hezitzaile, familia hezitzaile bat eta 2 familia langile.

2013ko apirilaren 10ean, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak familia langile izateko bi lanpostu, oposizio bidez, lan-kontratuarekin eta lanaldi osoan betetzeko deialdia argitaratu zuen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Deialdi horretan, ez zuen derrigorrez jarri euskara jakin behar izatea. Meritu moduan ere ez zuen puntuatu.

Galar Zendeako euskaldunei buruzko datu gaurkoturik ez dago. 2001ean, Nafarroako Estatistika Institutuak hauxe onartu zuen: % 8’22k bazekien euskaraz hitz egiten, ongi edo zailtasunez.

Orain Administrazioari euskaraz zuzentzeko eskubidea badute Galar Zendeako euskaldun horiek. Hala ere, lehenengo aukeran kale egin du Mankomunitateak.

Familia langileen eginkizuna hau da: Zailtasunak dituzten pertsonendako etxez etxeko laguntza ematea. Argi dago jendearekiko harremana oso zuzena dutela.

Barañaingo Udaleko Plantilla Organikoaren onespena baliogabetu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2011ko azaroaren 15ean, jendearen arretarako inolako lanpostutan euskara jakitea ez aurreikusteagatik. Beraz, bada ondoriorik non atera.

Gure taldeak, deialdi hau salatzearekin batera, Noain aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari publikoki gogoratu nahi dio Galar Zendeako egoera juridiko berria onartu behar duela eta horren aurrean behar diren neurriak hartu behar dituela.


Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu