Teknologia albisteak

Gaztelaniazko liburu salmenta gora (+%16.7), euskarazkoena behera (-%5.2)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 11:18

Eusko Jaurlaritzak "Euskadiko (hau da, EAEko) Kultura eta Sormen-Industrien Azterketa Xehatua" argitaratu du, 2025. urteari dagokion txosten sorta, eta liburugintzari buruz dioenean datu deigarria aurkitu dugu: hamarkada honetan gaztelaniazko liburuetan salmentak % 16,7 handitu dira EAEn, eta euskarazko liburuenak, berriz, % 7 jaitsi. Metatuta, liburu salmenta %5.2 hazi da EAEn, eta Espainiako hazkunde ertaina askoz handiagoa izan da, %16.1ekoa. Hau da, Espainiarekin bat dator EAEko gaztelerazko liburu salmentaren hazkundea, baina euskarazkoen salmentetan dago desastrea. 2021-2024 urte tarteetakoa da analisia, hortaz, 2020ko hamarkada honetako joeratzat har dezakegu.

Gertatzen ari denari buruzko arrazoi eta analisi moduko batzuk ere badaude "Liburua eta prentsa, musika eta ikus-entzunezkoa eta multimedia" izeneko txostenean (hemen laburpena, eta osorik ere kontsulta daiteke). Eztabaida-taldeak antolatu dituzte lana erredaktatzeko, eta horra horietan jasotako kontu batzuk:

Eztabaida-taldean azpimarratutako erronka garrantzitsuenetako bat ingurune eleaniztun eta globalizatuak kultur kontsumo-ohituretan duen eragina da. Gazteek modu naturalean eskuratzen dituzte hainbat hizkuntzatako edukiak, eta horren ondorioz aurreko belaunaldiek baino euskararen eragin txikiagoa izan dute. Gaur egun inoiz baino euskal hiztun gehiago egon arren, nerabezaroan hizkuntza horretan gutxiago irakurtzen dela ikusten da. Egoera hori neurri handi batean, aurreko atalean aipatu bezala, beste hizkuntzekin alderatuta eskaintza erakargarrien faltarengatik gertatzen da, baita gaztelaniazko eta ingelesezko edukien lehia handiarengatik ere. 

Aipatutako funtsezko beste alderdi bat gazteek euskararekin duten harremanaren aldaketa da. Aurreko belaunaldiek hizkuntzarekin harreman identitarioagoa zuten, baina gaur egungo gazteek kultura modu irekiagoan eta globalizatuagoan kontsumitzen dute, edukia jasotzeko orduan hizkuntza lehenetsi gabe, eta ingelesa da nagusi.

Diagnostikoaz gain, aurrera egiteko moduak ere tratatu dituzte eztabaida talde horietan:

(...) Euskarazko irakurketa sustatzeko, bertsolaritzaren antzeko ereduari jarraitzea iradoki da. Bertsolaritzan, bertso-eskoletako irakaskuntza aktiboak gazteek kultur adierazpide horretan parte hartzea eta sortzea sustatu du. Proposamena dinamika hori literaturara zabaltzea da, gazteak idaztera bultzatuz, idazketarekin zein irakurketarekin duten lotura sendotu dezakeelako.

Lanerako beste ildo aipagarri bat formatuen dibertsifikazioa izan da. Idatzitakoa eta ikus-entzunezkoa uztartzea proposatu da, gazteen arreta erakartzeko, booktuber, audiotrailer eta audio-liburu bezalako formatuak aztertuz. Gainera, euskarazko eleberriak telesailetan eta filmetan egokitzeko aukerak erakusten duen potentziala identifikatu da ikus-entzunezko sektorean.

Azkenik, kultura-kontsumo ohituren aldaketetara azkar egokitzeko beharra azpimarratu da. Etengabe eboluzionatzen ari den ingurunean, joera eta fenomeno kulturalen “olatuak surfeatzean” oinarritutako estrategia proposatu da, horiek kontrolatzen saiatu beharrean. Horretarako, ezinbestekotzat jo da lankidetza publiko-pribatua sendotzea, euskal literaturak beharrezko laguntza izatea garai aldakorretara egokitzeko eta etorkizuneko belaunaldientzat garrantzitsua izaten jarrai dezan bermatzeko.

Beste datu ikaragarri bat ere badakar txostenak: Prentsa idatziak % 80ko jaitsiera izan du inprimatutako salmentetan, baina ez dugu aurkitu puntu honetan hizkuntzaren araberako datu xehepenik. Esaten dena da eztabaida taldera eragileek eramandako datua dela.

Argazkia, Durangoko Azoka, masifikatua, 2014an. cc-by-sa: Anboto.org

Erantzun

Sartu