Teknologia albisteak

Workslop: Lantokiko AAren emaitza

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 15:45

Urteko lehen artikuluetako bat aurten Sustatun izan zen Slop zer den azaltzekoa. Adimen Artifizial (AA) sortzaileak sortzen dituen irudi, bideo eta gainerako eduki kaskarra. Makinek egiteko, gauza harrigarriak dira, baina balio estetiko, sortzaile eta ekarpenen aldetik, zaborra. Orain Harvard Business Review (HBR) aldizkariak azterketa zenbait laburbildu ditu kontzeptu berri bat azaltzeko: Workslop. Laneko slop-a, hau da AA-bidez sortutako lan-emaitza kaskarra, ez produktibitatearen aldetik, ez enpresa-helburuen aldetik, ez ekonomikoki, ezer probetxuzkorik sortzeko gauza ez da AA integrazioa.

Azken urteko joera bat izan da hainbat enpresatan AA sartzen dutela euren lan-jardueran, dena delako ekoizpenaren fasean. Eta emaitzaren balantze negatiboa egiten dute askok. Datu batzuk:

  • MIT Media Lab ikertegi ospetsuak dio erakundeek AAn egindako inbertsioetan, %95eak ez duela erretorno edo emaitza positiborik ikusi orain artean.
  • AA bidez sortutako lan baten kostua ordubetekoa izan bada, hura orraztea eta zuzentzea, bi orduko lana izan daiteke.
  • AEBetan ingurune korporatiboan inkestatutako milaka langile batzuen artean, %45ek diote AAk sortutako materiala iritsi zaiela esku artera, eta arazo bat dela hori.

Egoera ikusita, HBR aldizkariak workslop terminoa bataiatzea erabaki du. Honela definitutua:

AI generated work content that masquerades as good work, but lacks the substance to meaningfully advance a given task. // AAk sortutako lana, probetxuzko lana balitz bezala bozorrotua, baina funtsa falta zaiona tokatzen den egitekoan benetan aurrerapena lortzeko.

AAk sortzen duena itxurak betetzen ditu: aurkezpeneko diapositibak ondo eratua, txostenak luzeak dira eta puntuz puntuko garapen landuekin, laburpenak behar direnean horiek ondo idatzira daudela ematen du, kodea ere bai kontestu informatikoan... Gaitasun horiek egiazkoak dira, eta langile batzuek badarabiltzate emaitza balekoak emarteko, baina beste batzuetan lan-edukia sortzen da betelanaren eran: benetan lagungarri izateko falta zaio informazio oinarrizkoa, kontestua, edo osatu gabeko gauzak geratzen dira.

Era horretako workslop produkzioaren ondorioa da delako lan-txostena edo partea egin duenak erantzukizuna jasotzailearen esku uzten duela, interpretazio lan gogor bat, zuzenketak edo berridazketa oso bat ere beharrezkoa izaten da sarri. Frustrazio sentipen honekin sarri: "Bidali didaten hau AA eginez sortuko zuten beharbada, zer da hau benetan?". Workslop-a jasotzearen ondorioa izaten da, langile askorentzat, zapuztea (%53), nahasmena (%38), eta iraindua sentitzea (%22). 

HPRren inkesta honetan, azken hilabeteen langileen %40ak jaso du workslop definitu daitekeen lana. Eta dagoeneko jasotzen duten lan-materialaren %15.4 era honetakoa dela uste du. Workslop-aren zirkulazio norabidea normalean lan-maila berean dauden langileen artean gertatzen da (%40), baina gutxi gora behera beste %20 bat, kudaketan gora joaten da (azpikoek nagusiei), eta goitik behera beste %20 bat ere (nagusiek bere azpikoei helarazten dietena). 

Frustrazio indizeek eta worksloparen hazkundeak, norabide guztietan, elkarlanaren printzipioaren ahultzea ari da ekartzen.

Azterketa ingelesez hemen.

Irudia: The Office telesailekoa. Bukatu ziren denboraldiak, baina ikustekoa izango zen nola aplikatuko zuen AA Michael Scott bulego-zuzendariak Dunder Mifflin paper-enpresako bere bulegoan.

Erantzun

Sartu