Teknologia albisteak

Euskaldunon telefonoak: bostetik bat bakarrik euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
2025-06-03 : 16:08

Maiatzean, Euskaraldiarekin bat, Egunean Behin aplikazioak ikusgai jarri zien erabiltzaileei zein hizkuntza konfigurazio zeukaten: euskaraz ala erdaraz. Pistak ere eman genituen nola euskaratu mugikorra, eta 5.000 klik inguru izan zituen orrialde horrek. Baina beste zerbait ere egin genuen, euskaratutako telefonoen datuak (anonimizatuta) jaso. Ondorioa, ba beste neurketa batzuek emandako berdintsua: euskaldunen telefonoen artean, behintzat Egunean Behin jokatzen dutenen artean, %20k bakarrik du telefonoa euskaraz, bostetik batek.

Bi neurketa egin genituen, Euskaraldia baino lehentxoago, eta sustapen kanpaina honen asteburuan, jada 5 egunez ari ginela telefonoak euskaratzeko kanpainarekin. Portzentaiak pixkat igo ziren lehen neurketatik bigarrenera, baina hortxe daude, %20aren mailan.

Marra horiak iPhoneak neurtzen ditu, eta gorriak Androidak. Tartekoa, ertaina. Behetik dago iPhonedunen euskaratze maila, baina kontuan hartzekoa da euskaratze erlatiboa dela: ez da iOS sistema eragilea, pantailen multzoa, euskaratzen; bakarrik hizkuntza lehenetsi bat marka daiteke zerbitzu eta webgune batzuk lehen bistan euskaraz ager daitezen. Android sistema, ordea, osorik euskaratu daiteke. (era berean, 5 telefonotatik, 4 Android dira euskal erabiltzaileen artean).

Goiko grafikoak erakusten du halaber Egunean Behinen bitartez egindako beste hizkuntza-neurketa batzuk. 2001 eta 2002 urteetan egindako neurketetan behetik goranzko euskaratze maila bat ikusi genuen, baina izango zen neurri handi batean sariak lotu zirelako euskaratutako telefonoei (zenbait mugikor banatu ziren zozketaz euskaraz zutenen artean bakarrik). Gorakada horien ondoren, erabiltzaile askok euskararen lehenespena kendu egin zuten. 2023ko neurketa isilpean joan zen, eta egungo datuetan egon zen, %20 inguru. 2025erako, beherakada xume bat, eta sustapenari esker, berriz pixkat gora. 

Tira, datuak diren bezalakoak dira.

Gogoratu, https://eguneanbehin.eus/telefonoak/ orrian dituzula argibideak, nola euskaratu zure telefonoa.

Oharra: Egunean Behinen bidez egin diren neurketa eta kanpaina hauek CodeSyntax enpresak bideratu ditu, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak babesarekin.

Erantzun

Sartu