Teknologia albisteak

Pello Zabalaren ahotsa berregin dute AAz podkast baterako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 15:15

Euskaraldiaren motiboz estreinatu zuen EITBk Ahalaken fikziozko podkasta, eta bere zortzi atalak entzungai daude jada Guau plataforman. Euskararen jatorriari buruzko misteriozko fikzio bat, objektu eta pasarte historiko erreal desberdinak lotu dituena. Une horietako bat, Arantzazuko 1968ko Euskara Batuaren sorreraren batzarra, eta hori agertzen den atalean audio-zinta zahar bat agertzen da errelatoan: Pello Zabala fraide, idazle eta meteorologo zenaren ahotsa da, adimen artifizialez (AA) berregina (2022an hil zen Zabala).

Arteman ekoiztetxearen lana da, Xabi Payak eta Aitzol Barandiaranek idatzitako gidoiaren gainean. Aktore hauen ahotsak agertzen dira, besteal beste: Jone Laspiur, Iker Huitzi, Itziar Atienza, Jon Olivares eta Aritz Mendiola. Eta horien ondoan, Pello Zabalaren ahotsa, AAz berregina, Trebe enpresaren lana kredituen arabera (Vicomtech ikerketa zentroaren adar bat da Trebe, hizkuntza teknologietara dedikatua).

Hona Pello Zabala AAk berregina:

Hau, konparatu nahi baduzue, Zabalaren benetako grabaketa bat da:

Pello Zabala zenaren familiaren baimenarekin egin da hau, Mastodonen irakurri dugunez.

EITBLaben bidez landutako bideo-irudiak sortu dituzte halaber, atal bakoitzeko trailer gisa. Hemen duzue Zabala agertzen deneko atalari buruzkoa:

Zortzi ataleko lana da Ahalaken, eta zortziak argitaratu dira jada. Podkastari buruzko informazio gehiago, hemen.

Erantzun

Sartu