Teknologia albisteak

Itzulinguru ikerketa: itzulpen automatiko aurreratuak nola eragiten dio euskarari?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-02-13 : 08:52

Sozioluinguistika Klusterrak, zenbait erakunderen laguntzarekin eta Asier Amezaga, Eduardo Apodaka eta Asier Basurtok landutako lanean, Itzulinguru izeneko proiektuaren emaitzak argitaratu ditu. Itzultzaile neuronalek (azken belaunaldiko itzultzaile automatikoak, zeinak euskaraz maila bikain batera iritsi diren) hizkuntza-jarduera arautuetan duten eragina aztertu dute. 

Txosten konpletoa da, iritziz eta datuz betea, eta hemen aurkitu dezakezue osotasunean. Ingelesezko laburpena ere argitaratu dute. Ondorio nagusien artean honakoak aipa daitezke. 

  • Itzultzaile neuronalek testuen ekoizpena azkartu eta erraztu egiten dute, baina kalitate-kontrol zorrotza behar dute. Formakuntza ere behar da.
  • Erakunde eta enpresetan efizientzia handitzen dute, baina arautze ordenatu bat behar da erakunde horietan.
  • Testuen aurre-edizioa eta post-edizioa funtsezkoak dira kalitate egokia bermatzeko.
  • Itzultzaile neuronalak hizkuntza-ideologiak, irudikapenak, diskurtsoak eta jarrerak eraldatu egiten ditu. Sortze-hizkuntza kontzeptuaren definizioa lausotzea dakar.

Etorkizun hurbilera begirako aurrikuspenak ere gehitu dizkiote txostenari egileek. Esate baterako:

  • Idazkera eta irakurmena eraldatuko dira: testuak gero eta sinpleagoak eta irakurgarriagoak izango dira, itzulpen automatikoak hala bultzatuta.
  • Itzultzaile neuronalak "ikusezin" bihurtuko dira: haien funtzionamendua hain integratua egongo da sistema desberdineta, non erabiltzaileek oharkabean erabiliko dituzten. Ondorioz, itzulpen-prozesuak eta hizkuntza-erabakiak gailu eta softwareetan ezkutatuta geratuko dira.
  • Erronka nagusia izan daiteke hizkuntzak ikasteko motibazioa jaitsi daitekeela. Hori konpentsatzeko estrategiak garatu beharko dira.
  • Itzultzaile neuronalek erraztasunak eskaintzen dituzten arren, euskararen biziberritze-prozesuaren mesedetan erabiltzeko estrategiak eta irizpideak behar direla.

Gehiago jakiteko: https://soziolinguistika.eus/eu/proiektua/itzulinguru/ 

Erantzun

Sartu